kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Errautsera arteko sugarra / Imanol Zurutuza / Elkar, 2002

Amapolaz estalitako landa Igor Estankona / Gara, 2002-11-16

Elkar argitaletxeak prentsan sartutako iragarkiak ez zuen dudarako tarterik uzten. Ez ditut berba zehatzak gogoratzen, baina ikaragarria egin zitzaidan: artelan bat geneukan aurrez aurre, bai eduki aldetik zein idazkeraren aldetik. Egiaztatu beharra zegoen, ez bainuen uste liburuak justiziarik egingo zionik horrenbesteko maximalismoari. Ondorio potoloegiak albo batera utziz eta, halaber, onartuz literatura ez dela zientzia, bat gatoz bi kualitate funtsezko horietan: luma landuak eta eduki finak berezia —oso berezia— bihurtzen dute liburu hau. Beti ezagunak zaizkigun erreferentzien bila dabilen memoriak beste liburu bat ekarri zidan gogora hau irakurtzen ari nintzen bitartean. Susana Tamaroren “Va dove ti porta il cuore” (Bihotzak zaramatzan lekura). Liburu harekin izandako iluntze malenkoniatsuak freskatu dizkit liburu honek. Triesteko idazlearena baino gogorragoa iruditu zait, hala ere, usurbildarrarena. Orduko haretan heriotza kontsumatutako zeozer zen eta, oraingoan, guztiz ixten ez den ate bat. Estadio desberdin biren arteko besarkadatik idatzita dago, haizeari buruz haizebegitik idatzi behar dela uste duen idazle batek moldatua.

Kasu honetan, alargunak kontatzen du zelan ari den alargun geratzen, emaztea heriotzerantz doan bitartean, amapolaz estalitako landa eder baina pozoitsu batetik. Noiz gaude hilda? Nola deitzen zaio hemen bakarrik geratzen denari? Alarguna ala heriotza-kidea? “Zenbat” hiltzen da beste hori? Zer pentsatua ematen duten galdera asko daude liburuan, modu leun eta ederrean pausatuak. Ezinbestekoak bihurtzen dira heriotzari buruzko gogoetak, ezezagun zuri horren gainean garai orotako artistek sortutako koadroak edo klasikoen aipuak. Ezinbestekoak, baita, idazleak sortutako “hiztegi subjektiboan” aurki ditzakegun definizioak ere, terra incognita bat zeharkatzen ari garenaren kontzientzia ematen digutenak. Liburuaren erritmo geldoan gosez mantentzen dute irakurlea, giza kondizioaren inguruan hausnartzeko nahikoa baitzaigu batzuetan Moneten mitxoleten koadroa.

Ez dakit esanguratsua izan daitekeen, baina, Moneten koadroaz ari garela, 60. orrialdetik abiatu eta 82.ean oraindik presente egoteak ematen du liburuaren martxaren neurria. Gehiegizko geldotasunaren mugan dago behin baino gehiagotan. Hala ere, irakurleak berak ebatzi behar du horrek on edo gaitz egiten dion liburuari eta gaiaren zerbitzura dagoen ala ez. Mugimendua ere badago, zelan ez. Mugimendua lehenaldi inperfektu batetik sortzen da, senar-emazteen bizipenetatik, geldotasuna jadanik azaldu dugun gogoetak irudikatzen duen bitartean.

Ekidin ezina den minbizi baten aurka mekanikoki libratu ohi den borroka kontatzen da. Borroka hori, denborarekin, prestaketa aro bat dela konturatzen gara. Ezjakintasunetik egiten zaio aurre minbiziari eta hori berori da izugarriena. Protagonistak ez dira bereziki ausartak edo bereziki koldarrak. Lehenbizi jakin-mina ase nahi dute, hitz teknikoak darabiltzan sendagileari galderak egiten dizkiote. Baina airean badago beste bigarren duda hori. Eta bigarren duda horrek berdin balio du betiko doanarentzat zein bertan geratzen denarentzat.

Protagonistak heriotzaren argi hotza ikusi du, emaztearen aurpegian islatua. Eta hori kontatzen digu. Idazlea da, beraz, idazten ari dena. Idazlea, funtsean, protagonista.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak