kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Tristezia, zer berri / Françoise Sagan (Gerardo Markuleta) / Erein - Igela, 2014

Uda izaki Aritz Galarraga / Deia, 2015-04-11

Seguru ez duzula aurkituko, Bidasoaz hegoaldera bederen, hil aurretik irakurri beharreko ehun liburuko zerrenda horietakoren batean. Seguru ez dagoela manual literaturazkoetan, irakasleen ahotan, akademiarenean, nahiz benazko klasiko bilakatu zen argitaratze beretik Frantziako partean —lagunduko zuen, noski, berandu baino lehen pelikula egiteak, Otto Preminger zuzendari; nola ahaztu Jean Seberg gogoangarria—. Baina esango nuke dela, han-hemen, irakurle bizitza bat zedarri dezakeen irakurketa horietakoa. Konprobatzeko ez dut mugarik gurutzatu behar. Eta horrexegatik da pozteko modukoa orain euskaraz atera izana, Gerardo Markuletaren itzulpen beti atsegingarrian, nahiz auskalo beharko lukeen Literatura Unibertsaleko bilduman. Seguru hunkituko duela ez bakarrik etorkizuneko, dudarik gabe orain ere bete-betean den irakurleren bat.

Pertsonaia gehiago badago —eta ez garrantzia gutxikoak— baina triangelu batek osatzen du Tristezia, zer berri eleberriko korapilo nagusia. Eszenatokia, aurretik. Txalet bat Mediterraneo aldean, bakartua, zoragarria: muino baten gainean eraikia, itsasoa bistan eta pinudi batek errepidetik ezkutatua. Ekaineko lehen beroak. Eta bertan Cecile (“Zu lehen horren pozik eta zalapartaria, burugabea izanik, orain zerebrala bihurtzen ari zara, tristea. Ez da zuretzako moduko pertsonaia”), aita (“Aitak sufritu egiten zuen, bere izaerak sufritzen uzten zion neurrian. Esan nahi baita gutxi”) eta Anne (aitari “ezkonduen orekaren ziria sartu dio, supazterrarena, moralarena”).

Zertarako erabili hitz berriak, narratzaileak esaten du momenturen batean: “Drama baten osagai guzti-guztiak genituen: limurtzaile bat, emakume munduzale bat eta emakume burutsu bat”. Uda izaki, gainera. Noski, bai, nola ez. Dramaren xehetasunak, nondik norakoak eta abarrekoak deskubritzea, ordea, irakurlearen eskutik. Cecilen hitz hauek akuilu: “Zeinen erraza zitzaidan haren pentsamenduk biderateea. Izutu ere egiten ninduen”. Eta, akabua: “aurpegi hura nire obra zen”.

Egia esan, gaur eguneko irakurlearentzat nekeza da eleberriak bere garaian sortutako eskandaluaren arrazoiak ulertzea, baina itzultzaileak sarreran dioen bezala, “neskatxaren jokamolde axolagabe eta ikaragaitzek zorabio moral halako batean sartzen dute irakurlea ezinbestean”. Horretan eleberriak oso garaikide izaten jarraitzen du. Gainera, oraindik ere, argitaratu zenetik hirurogei urtera, jarraitzen du askatzen halako urrin errebelde, urratzaile, azken batean, eta barka errepikatzea, askatzaile bat. Ez alferrik, Fraçoise Sagan “berehala bihurtu zen, gogoz kontra, belaunaldi aberats, axolagabe, ausart eta sexualki aske baten sinbolo”. Hemeretzi urterekin argitaratu, hamazazpi urteko protagonistaren egunerokoa erakutsi, derrigor harrapatzen du testuak bizitzari irekitzea, helduaroaren sarrera, gordintasunaren deskubrimendua. Esana utzi dugu dagoeneko: irakurle bizitza bat zedarri dezakeen irakurketa horietakoa.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak