kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Andraizea / Irati Goikoetxea / Erein, 2014

Izenetik izanera Estibalitz Ezkerra / Gara, 2015-04-11

Izena eta izana elkarri lotuta doaz, hala dio behintzat esaerak, norbait edo zerbait izendatze prozesuan bertan izendatutakoaren izaera finkatuta geratu egiten dela. Ikuspuntu postestrukturalista batetik begiratuta, zeinuaren eta esanahiaren arteko harremana erabat arbitrarioa izan ez ezik lehengoak bigarrenaren nolakotasuna ez duela mugatzen argudia daiteke, baina horrelako zerbaiten aukera urrunekoa ez ezik pentsaezina da Irati Goikoetxearen “Andraizea” ipuin bildumako pertsonaientzat.

Bizimodu, bizileku eta, kasu batzuetan, jatorri ezberdinekoak izan arren, izen eta izanaren arteko loturan duten sinesmenak batu egiten ditu. Begoñak, esaterako, txikitatik etxeko zein ezagunentzat Begotxu izan denak argi dauka bestelakoa izango zela bere bizitza Esther deituko balitz. Besteak beste, Gorka senarra ez luke hain aspertuta izango. Pertsonalitate indartsuko emakume izena iruditzen zaio Esther, beti haur, beti bigun izatera kondenatzen duen Begotxuren aldean. Aitaren ideia izan zen bera Begoña izendatzea; amak, berriz, nahiago zuen Esther. Aitaren ekimenez ere hasi zitzaizkion Begotxu deitzen. Orain guraso biak hilda daude. Itxarongela batean zain dagoela izena aldatzea erabakitzen du Begoñak; Esther izango da aurrerantzean eta Isabel, amaren lagunik minena, bere ama berria bihurtu. Gauza batek bestea ekarriko baitu modu naturalean.

Bien bitartean, okerreko maletarekin itzuli da etxera Nerea Parisera asteburu baterako egindako bidaiaren ostean. Maleta ireki eta barrukoak aztertu ondoren jabearen izenak Itziar izan behar duela bururatzen zaio, Itziar bat bakarrik sar baitaiteke hain praka estuetan. Ezkongabea da Nerea, eta bizi bakarrik bizi da. Maletako arropak jantzita oheratuko da hurrengo egunetan, Itziarren larruan sartuta. Pilik, berriz, logelako gau-mahaian koadro batean jarrita daukan Audrey Hepburnen argazkiarekin egiten du lo. Piliri ohera joatea goxoagoa egiten zaio Julia ondoan izanda. Hala jarri dio izena argazkiari, Julia, Julia izatearen itxura duela uste baitu. Ile-apaintzailea da Pili eta lepo luzeak gustuko ditu, Juliarena bezalakoak. Ramon senarrak ez dio Juliari ezer berezirik topatzen. Aitzitik, chupa chups itxura hartzen dio, baina aitortzen du ez duela inoiz emaztea gehiegi ulertu eta beldur da Juliarekiko obsesioak ez ote dituen banatuko, baina bera ere ohituko da Juliaren konpainia izaten oheratzeko orduan.

Koldok Portugaletik Euskal Herrira lan bila etorri zenean aldatu zuen izena. Han Luis zen eta, etxekoei izen berria erabiltzeko eskatu arren, hala izaten jarraitzen du. Mikel nagusiarentzat eta Raul lankidearentzat Koldo da, berriz. Bizimodu gogorra daramate biek, Koldok eta Raulek, baina ez diote inoiz halakorik elkarri aitortu.

Raul hitz gutxikoa da, eta ez dio kontatu nahi Laurak utzi berri duela. Orain damu da bikotekideari kasu handiagoa egin ez izanaz. Carmen eta haren semearekin duen harremana izan ohi du hizpide Koldok. Lanean ari diren eraikin aurreko kaletik egunero ordu berean pasatzen den ilehoria da Carmen. Bere izena zein den ez dakigu, baina Koldok Carmen izena jarri dio eta harekin harreman bat duela asmatu. Raulek bete-betean sinesten du lankidearen istorioa, harik eta egun batean Koldo ametsezko munduan bizi dela ohartzen den arte. Baina haren zoriontasuna ikusita, bera ere hasten da Koldoren ametsetan sinesten.

“Gizona” ipuineko narratzaileari Lukasek esaten dion bezala, “bizitza amestea da; esnatzea da hiltzen gaituena”. Lelo horri heltzen diote Begoñak, Nereak, Pilik, Koldok, Prudenek eta “Andraizea”ko gainerako pertsonaiek bakardadeari eta bizi baldintza gogorrei aurre egiteko orduan. Pertsonaia askoren bizimodua ez baita batere samurra, baina haien ametsek, idatzita dauden moduak eder bihurtzen dituzte.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak