kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

XX. Mendeko Poesia Kaierak / Askoren artean / Susa, 2002

%100 Joxean Muñoz / El Diario Vasco, 2002-10-27

40tik 40. Osatu dute bilduma. Bukatutzat eman dute Koldo Izagirre, egileak, eta Susa argitaletxeak, XX.Mendeko Poesia kaierak izeneko egitasmoa. 40 idazle hautatu zituen Izagirrek. Izen asko utzi behar kanpoan. Autore bakoitzaren irakurketa bat proposatu du. Bat, askoren artean. Poema asko utziz kanpoan. ‘Injustizia’ hitza Izagirrek berak erabili izan du liburuen aurkezpenetan. “Beharrezko injustizia” esaten du editoreak, euskal poesiaren ikuspegi zabal, serio eta ondo iragazia jartzen delako eskura, oso neurri eskurakoan, alegia. Ez dira liburu, kaiera dira, 60 bat orrialde, apenas. Ez datoz liburukote handi, pisutan, larruz apaindurik. Kartoizko azalez, paper erabilian, itxura apal eta xumea eman die Garbiñe Ubedak, gabetasunaren dotoreziaz. Egitasmoaren definizioa ematen da diseinutik bertatik. Kanon bat da, hautu bat delako, antologia delako, baina kanon ttipi bat da, “kanon petrala” esan zezakeen Koldok.

%100 irakurle

“Injustizia zoragarria” insistitzen du editoreak. Arrazoia emango nioke nik, idazleontzat eremu labaina ez balitz. Antologiaren barruan dagoenari ez dio pudoreak aldeko agertzen utziko; kanpoan geratu denari kontra agertzea eragotziko dio pudore horrek berak. Eta, batez ere, gutxik, oso gutxik duela XX. mendeko euskal poesiaren ikuspegi osorik, guztia irakurri ondoren egindako hausnarketarik. Koldo Izagirrek irakurri egin du, aukerak egin ditu eta arrazoitu egin ditu. Kaiera bakoitzari hitzaurrea idazteko obligazioa jarri zion bere buruari. Ez ditu hitzaurreetan hautuaren arrazoiak aletzen. Irakurketarako giltza batzuk ematen saiatzen da. Erabat leku horretatik ari naiz idazten ni, %100 irakurlearen plazeretik.

%100 zerbitzu

Kaiera hauen aurkezpenetara azaltzeko aukera izan duenak entzunez ezagutu ditu Izagirreren irakurketak. Lau dira Koldok prestatu dituen hitzaldiak, edota albaindu dituen gidoiak, edota paratu dituen erakusketak, ez dakit nola adierazi. Errealitatearen arbola, Gure poeten malkoa, Uraren bideak, Gure poeten piztiak. Antologiaren atariko, eskutik eramaten zaitu lanaren paratzaileak, paseoan, arbola, zura, zerra, burdina, euria, malkoa, erreka, arnoa, gaua, piztiak, mamuak aitzakia hartuz, poemaz poema, poetaz poeta, hitzaren, hizkuntzaren, bizitzaren eta grinaren eremuetan barrena. Narrazioaren aitzakiez, inguru jakin batean kokatzen ditu poema zatiak, helduleku baten aukera ematen du, poemak ulertzeko maratilak. Mendi-bideetan pintura arrastoak bezainbat eskertzen ditu maratila horiek irakurleak. Eskura daude testuok orain, Susaren web orrian. Bidea zabalik dago. Ondo joan!

Ez da opari bakarra. Itxaro Bordak (bide batez esanda, kaieretako batean dituzue haren poema zorrotzak) irabazi du (zorionak) Euskadi Saria. %100 basque du liburuak izena. Sarean dago (susa-literatura.eus), osorik, ehuneko ehunean. Dastatzeko, gasna bezala. Liburua saritu eta irakurleoi opari egin, on-line etorri dira.

%100eko zerbitzua. Thanks.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak