kritiken hemeroteka

8.635 kritika

« | »

Kapital publikoa / Jose Luis Otamendi / Susa, 2014

Plusbalio poetikoa Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-03-11

Gainbalioa legez jaso dut Kapital publikoa (Susa). Ene baitan ez daramadan kapital poetikoaren plusbalioa zor diot Jose Luis Otamendi poetari. Mendi osoa ez da oreganoa, alta, bere mendia otez betea da, ote zuriaz nola beltzaz, bere poemak loreak dira, poema arantzadunak ere izaki, bistan da.

Jaso ez ezik, leitu ere dut kapital poetiko hau. Diru paper berriaren hotsak aditu ditut, liburu orri hauek hostokatu ahala. Eta poetaren —beraren— munduko eternitatea —nirean— kabitzen dela baitaratu dut. Eta munduari bi bira emanda ere, artean lau milioi urte dudala mundu honi bueltak ematen jarraitzeko hauteman ere bai.

Poetaren mendira igo naiz, eta bere loreen igalien balioek gailendu naute, eta pertsona heldua izatera heltzen naizenean, lau milioi urte barru naski, Otea izenez bataiatuko dut ene burua. Orduan, munduaren azkenean jada, pertsonak eta poetak hitz sinonimoak izanen direlakoan, gure memoria oroitzea baino, akordatzea —izanen— dela espero/itxaron dut.

Kapital publikoa hostokatzean poesia kapital publiko hondogabea dela jabetu naiz, poesiak ez duela hondorik ez dela inoren ondarerik. Poeta parrasta heldu zait akordura, eta zuhurtasunaz zentzuz eta senaz pentsaturik, Otamendiren kapital publikoa eta Mikel Lasa poetaren Dana eta Nada zirkulua —ene baitan— osatu izanaz jabetu naiz.

Kapital publikoa dana da eta nada izatera heldu da jada. Dagoeneko ezin dugu lau miloi urte gehiago itxaron pertsona legez biziko bagara. Hori jaso eta ikasi dut. Biziko garela, baldin eta gure mendira igo eta Atlantikoari begira jarririk, gure hagineko minaren antidotoa orogenesia eta fotosintesia baino inportanteagoa dela ikasiko badugu. Hots, lur bat gure minari eskaintzen badiogu.

Kapital publikoa gurea egingo bagenu, naski, ikasiko genuke ez dela egia beranduegi denik mundua salbatzeko, edota gure burua mundu honetatik askatzeko. Berandu delakoan ez baita egi izaterik, berandu aski eta sobera baita, amaieran gaudenean. Edota bestela esanda, ez direla aski arrazoiak, baldin eta arrazoiek ez badute erarik.

Mendian igota eta ozeanoari begira jarririk, kapital publikoaren aurrean ibaiaren ondoan bezala jarriko bagina —Kapital publikoaren aurrean jarri legez—, naski, ez ginateke kapital publikoaren desmasien amildegian erostan eta negar batean biziko. Ibaiaren hondoko legarrak teselak bihurtuko genituzke, eta menditik itsasora doazen ur joriak ibai mosaiko distiratsuak bihurtuko genituzke.

Otamendiren Kapital publikoan urrea ez dago hurre. Ez eraikin erraldoietako bankuetako urrea bederen. Banku horien herdoila lodiaren jakitun, poeta hau parketako bankuetan bere baitan murgildua kausitu dezakegu, baita bere buruaren kritika ere entzun: “Maiz eskaintzen diet maitetasun handiagoa ortzi bikortsuaren itxura aldaketei etxeko zaharraren memoriari baino: eta hori kapitalismoa da”.

Kapital publikoaz ari naiz, eta poetaren ahotsetik mintzo banaiz ere, nire ahotik mintzo natzaizu, nire eskutik izkiriatu. Otamendiri ikasirik, nire eskuek lagunduko didate beharginek maiteminduek jainkoek eta heroiek nire iruzkin hau jasotzen. Publiko egindako bere kapital poetikoari esker, “bi punturen arteko distantzia luzeena gezurra dela” ikasi dut. Berari esker ikasi dut zergatik hilak dauden gu gauden lekuan. Mundua leku guztietan mundua dela banekien, baina berretsi dit mundua ez dela berdin euskaraz eta erdaraz. Oraingoa goldaketa aro dela eta “gure” hildakoak etxera bidean jartzeko —“beste”en hildakoak ahanzturan uzteke— etxeko sua bizirik atxiki behar dugula berretsi ere dut.

Oto Otamendiren kapital poetikoa ebatsi gura dut munduko banku erraldoien herdoil lodia karrakatzeko, baden hizkuntza batean mintzatu ahal izateko, baden herri batean lo egiteko, baden maitasun baten ondoan jaikitzeko. Otoren kapitalaren logikak erraz narama, ez narabil. Eta hari esker, naski, hasia dut askatzen nire buruzagitza poetikoa. Poeta honen kapital poetikoaren logikari atxikiz, bat-batean itotzeko aukera zoragarria dela onartu dut: oraino ere egutegiak hostokatzeko irrika atxiki dezakegula, eta inork esaten badu geu izateko geure hitzez beste egitea dela bidea, poeta honen alde paratu(ko) naizela ere aitortzen dut. Euskal hiri “nagusi”ko poeta kontulari hark legez, neuk ere hautatu dudala neure galbidea.

Kontraeran noa bidean, Otoren poesiaren ubidean. Jakinik ere, gure soziologian aditua zoritxarra dela. Eskola estatua etxean dugula, kapitalarekin aurrez aurre ari garela borrokan, eta berresten dut, ez dela aski arrazoia izatea, arrazoiari berari erarik edota estetikarik eman ezean. Ikasi behar dugula zeri egotzi zorion une bakoitza. Haatik, gabiltzan plazetan kaleetan eta parkeetan maiz esertzen naiz bankuetan poeta honen alboan: altzari izatera jartzen naiz, altzari humanoa bihurtu nahiz.

Eta ezkorra naizen hau baikorra —eta bizkorra— bihurtu guran, lau miloi urte barru baino aise lehenago, berandu baino lehen, mundu honetako turista goiztiar azkarra bilakatu aitzin, turista azkarregi eta gailen bihurtu baino lehen, ez dut ahazten dudana ahazten dudalako arranguraturik bizi gura.

Bref: kapital publikoa hondatua den garaiON Otoren Kapital publikoa laketu zait. Bereziki, eta besteak beste, hostoz hosto elez ele, bere poesian bi puntuk (:) eta bi marrek (— —) ez bestek baitute zedarritzen irakurleON bidea. Irudi luke kontraeran esandako kontraesana dela, alta bada, Otamendiren kapitala hondorik gabeko ibai on urtsu baketsua da.

Azken kritikak

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak