kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Zure bila itsasoa bidaliko dut / José Luis Padrón / Bermingham, 2002

Padron, modernitatearen poetika Patxi Ezkiaga / Euskaldunon Egunkaria, 2002-10-12

Jose Luis Padronen Zure bila itsasoa bidaliko dut liburua mise-en abyme gordin baten historia da, barne-bikoiztasunez betea, formaren bakartasunak bezainbat espazio izan dezaten amaiera irekiek, enigmak, elipsiak, poemaren barruko jauzien arteko zuloek, anbiguitateak, konplexutasunak. Modernitateko poesiari dagokion bezala, alboratu egin ditu forma eta errima tradizionalak, fragmentaziora jo du, iruditeriaren justaposiziora; eta, testuaren barruko aipamenek eta egituraketak sarritan ilundu egiten dute bere diskurtsoa. Liburua izaera poetikoaren iturrietara eginiko bidaia da. Denok dakigu zenbat modu ezberdinetan ikusi izan den historian zehar, baina antzinako idazleen eta Padronen artean, ordea, historia luzea dago, poeta ugari, T.S.Eliot batik bat. Forma eta errima tradizionalak alboratu dituela esan arren, Padronen liburuan tradizio handi baten aztarnak nabari dira eta, betiko aldatu dela, giza konszientzia aldatu den bezalaxe, bukatu direla gugandik at eta naturatik kanpoko unibertso metafisikoak, faktore zentzuemaleak lurrindu egin direla, bere esanahi guztiekin.

Felipe Juaristik oso ondo islatu duen bezala, HUSTASUN hau da Padronen abiapuntua. Bere subjektu poetikoa mundu supernaturala galdu duen izaki beldurtia da, egunerokoaren izuikaran eta ankerkerian galdua, esanahirik ezaren haurra. Paisaje desakralizatu horrek, ordea, hari zuzentzaile berri bat behar du, berregituratze prozesuan lagunduko diona, Padron ez baita subjektu pasibo izatearekin konformatzen, EGITURATU nahi baitu hondamendiaren eremu ikaragarria. MINA izan daiteke berak hautatu duen egituratzaile berria, AUSENTZIArekin batera. Esango nuke liburu honetako poema gehienetan lan hori OBSESIO bihurtzeraino dagoela presente, eta Padron bere konplexutasun guztian, bere sakontasun eta indar guztiarekin saiatzen dela islatzen poesia psikologiko hau, erronka bilakatuta. Isaac Bashevis Singerek eta Leonard Baskinek Shoah-ren ondoko teodizean erakutsi diguten bezala. Bertan esplizituki gogoratzen da ausentzia baten posibilitatea, jainkotasunaren absentismoa, zulo beltz bateko zurrunbiloa bailitzan, esanahia, bizitzaren eta munduaren legitimitatea jan duena.

Liluramendu berri honen ikonoan azaltzen den subjektua eszeptikoa da batzuetan, altzairuzkoa, malgua, arrazionala, kritikoa, psikosoma martirizatu baten itzala hartzeraino.

Eta Saul Yurkievichek abangoardian nabaritzen dituen hiru ildoetatik egiten du bidea: munduaren ikuspegi berri tormentatuak ezinbesteko duen ikuspegi errealistatik, berriztatzea testuaren arlo guztietara, hausturaren eragile guztietara hel dadin; ikuspegi formalista batetik, zeinu estetikoak behar duen askatasuna izan dezan; ikuspegi subjektibista batetik, inkonszientearen joan-etorri psikosomatikoei begira jarriko duena, eman zaizkigun testualtasunaren denbora eta espazio kontzeptuak birrindu ahal izateko.

Padronen hizkuntza poetikoaren lehenengo eginbeharra maileguan etorri zaigun hizkuntzaren erreferentzia inposatutik askatzea da. Saiatzea, bederen. Ezin esan denaren atea gurutzatzeko ahalegina, gure zirko unibertsal honetan suaren zirkulua zeharkatzeko arriskua hartzeko gauza izatea.

Iruditzen zait Padronek ahalegin berezia egin duela norberaren zama historiko eta sozialaren hizkuntza ready made batetik ihes egiten, poesia absolutuan sartu ahal izateko. Zenbait poematan poetak hizkuntzarekiko etsaitasun maitekorra erakusten du, bere ohiko hizkuntzaren mugak gainditu eta benetan inporta duen isiltasunaren itsasoan murgiltzeko.

Harold Bloomek “eraginaren larriminaz” hitz egin digu poesian eman diren mugimendu sortzaileak aurreko lanaren, lan garaikidearen presio kitzitzaile, deformatzaile eta erreaktiboei esker sortu direla baiesteko orduan. Padronen obrak ere nolabait berarekin batera darama, zoriaren, ustekabearen haurra izatearen eskandalua, apeta ontologiko bat izatearen inpresioa. Zenbait poematan ageri diren erritmo ternarioak Lekuonaren eskolakoak izan daitezke. Presentzia ulerkorren hondoko soinua labarretako itsasargiaren distira bezain presente eta bizirik dago. Baina urretxuarrak jakingo du gutako inork baino hobeto zein diren bere poiesis horretako bidaikideak, maisuak, kritikariak, etsai dialektikoak, bere ahotsaren barruan isilka-misilka dabiltzan ahots misteriotsuak, bere sorkuntza lanari erakusten duen konplexutasuna ematen diotenak, idazkera egite kolektiboa baita, hain bakardadekoa izan arren.

Ted Hughesek zioen poeta on batek oraindik izatera iritsi ez denaren presioa erakutsi behar duela, baztertu dituen bertsioak dituela bihotzean, Leibnizek “izan zitekeenaren misterio handia” gisa definitzen zuena, errebelazio baten promesa, nolabait. Padronen forma estetikoaren bihotzean halako tristezia sumatu dut, galera baten aztarna. Poema askok lerroen artean gelditu denera eraman naute, arbuiatuta gelditu diren sinboloetara, idatzi duen orok beste askoren porrotaren berri emango baligu bezala, Henry Moorek eta Michelangelo Buonarrottik azpimarratu zutenaren arabera.

Nik ez dakit horregatik baztertu dituen Padronek puntuazio markak, errimak eta kadentziak gerorako utzi nahi izan dituelako; agian pentsatu duelako hitzari ez zaiola oztoporik jarri behar konposaketaren arlo subliminalak eta aurreliminalak bereizten dituzten itzalek beren bideak eta kolisioak egin ditzaten. Edo, beharbada, Celanekin bat egin nahi izan duelako, egiazko poesia absurdo gisa definitzen zuenean.

Padronek lan honi tradizio esoterikoari dagokion preziosismoa aurkitu diot, iheskorra, sekretu bat deskodifikatzeko gonbita. Noizbehinka opakoa egin zait, seguruenik egileak hizkuntzaren inguruko klitxeak eta hipokresiak txikitu nahi izan dituelako, hitza hitzetik haratago dagoenaren indikatzaile egitearren.

Baina, ba al da Coleridgek eta Rene Charek animaren terra incognita gisa definitzen zuten bidaia egiteko beste biderik? Padron hori egiten saiatu da, pertzepzioaren agente sekretua bailitzan baitabil betetasunaren frontera klandestino eta argitsua gurutzatu nahian.

Poemarioaren tonuan intuizio bat ikusi dut, ezin faltsifikatu daitekeen aieru bat: gure eskuetatik at badela beste bestetasun bat, gure oinarrizko existentziari bere atsekabe kutsua ematen diona, etengabe “zerk damaio bizitzari bizia?” galdetzen diguna…

Hasieran mina eta ausentzia aipatu ditut. Hortik doa erantzuna. Horretaz gain, bere poesian HUSTASUN KALKULATUA dago: bakardade definituen arteko espazioa, zenbait kasutan zurruntasun oso lasaia sortzen duena, isiltasuna argi egin dadin, argia iluntasun. Padronek ero batek bezala dihardu hustasuna ukitu nahian. Horretara hurbiltzeko, poemei behin baino gehiagotan alegi baten forma aurkitu diet, hitzaren bertikaltasunak indar gehiago izan dezan, hitzaren bihotzeko isiltasuna polisemikoagoa izan dadin, semantikaren koaderno zaharberrituetan. Horregatik dago liburua esanahi askoko dramatizazioz beteta, alegoriarekin adina jokatzen baitu analogiekin, irudiekin eta metaforekin.

Buka dezadan esanez Padronen poema liburuari buruz: erotika goibel baten oroitzapena ere iruditu zaidala. Maisutasun handiz erakutsi digu gure sentimenduak adierazteko orduan erabiltzen ditugun zizakadurak gure gizarte honetan, publikoak baino ezin dutela izan, gure mamu klandestinoek bultzatuak izan arren. Extasiaren intziriak galeraren negar bihurtzen dira.

Ez dakit Jose Luis Padronek hurrengoan nondik joko duen, ez zaio gelditu lan erraza, inork ezin baitu bere itzalaren gainean jauzi egin, batik bat marrak hain mehe, hain biluzik gelditu direnean.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak