kritiken hemeroteka

8.429 kritika

« | »

Bartleby izkribatzailea / Herman Melville (Juan Garzia) / Erein, 1991

Goizeko kafea egin berritan Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-04-17

Goizeko kafe egin berriaren urrin sarkorra etxe guztiko bazterren jabe egin denean, plazer literario benetan dezimononikoa dirudi atsegin duzun liburua zabaldu eta bertako orrialde horbel koloreetan barna bide egiten hastea. Haiek bizi zuten orduen ibilgo astirora egokitua, plazer eskuragaitza, eta agian alferra iruditzen zaigu dezimononikoen hura gure orduek haienek baino gehiago balio dutela sinestera emanoi.

Aukeran, nahiago dezimononiko.

Denboraldi bat infernuan

Plazerra, zorionaren hareazko gaztelu hori, ez dauka, ordea, gizonak dohan, ez eskura. Konkistagai arriskutsu, oso usu eta sarria zaio porrota gazteluaz jabetzeko erasoa behar bezala antolatzera neke handienak hartuari ere. Hortik pentsa zer gertatuko zaion trepeta merke eta gogo nagiz ekiten dionari. Ez dut, ordea, inor akitzeko asmoz marraztu panorama ozpela. Porrotaren aprendizaia etengabea omen zaigu bizitza, porrotik handienean, Herioren atzaparretan ahitzen zaiguna. Infernuan pasa beharreko denboraldi honetan ez omen dago ate faltsurik, ezta iheserako aukerarik ere. Rimbaud-ek dioen bezala, zorionaren hagina samur zaio herioari. Joanak joan, ordea, plazerrak, konkistagai nagusiak, edertasuna du izena Rimbaud sinbolistarentzat. Hargatik, inbiria hondorik gabea genion poetari aitortzen zigunean:

“Gaur egun badakit edertasunari oles egiten”.

Mikel Lasak badaezpadakoa izan du erronka, jatorrizko testuaren zailtasunaz gain, obra fundamental honen itzulpena erreferentzia puntu beharrezkoa izango delako luzaz, eta ez bakarrik sinbolismoaz mintzatuko garenean. Lasa erronka hortatik onik eta garaile garbi irten denaren lekuko zabaldu berri digun bidea: geuk ere ikas dezakegu, geurean eta Rimbaudek landu zituen abangoardia moldeetan, edertasunari oles egiten.

Maizter misteriotsua

Zaila izaten da jakitea maite duzun ideia batek edo inarrosi zaituen desesperantzarako arrazoiak noiz egiten duen lehenengoz zure bihotzean tokia. Garbi dago, ordea, beste ideiaren bati bultzata, nahiz esperantzarako arrazoiren baten bizkar konkistatu behar izan dutela berea. Pentsa dezagun modu jakin batera antolatua genuela geure langela. Erosi berria dudan kuadroa zintzilikatu bezain laster, gelako gainerantzeko elementuek, aldatuko ez nituzkeen kasuan ere, beste ordenu berria hartuko dute. Handik oso gutxira kuadroak eragindako ordenu berria betikoa iruditzen zaigu, galduak ditugu orden zaharreko arrasto xumeenak ere. Existitu ote da inoiz orden zaharrik? Noiz erosi ote nuen kuadroa? Zer aldatu du kuadroak?

Galderek ez lukete ezer handitarako balioko, kuadroa gustatzen al zaigun eta toki egokian al dagoen ziurtatzeko ez bada.

Aitortu behar ditut, aurrera baino lehen, “Maizter misteriotsua” irakurri aurretik neuzkan zenbait uste oker, jeneroarekin zer ikusia zutenak guztiak, pentsatzen bait nuen bigarren mailako nobela beldur eragile topikoz gainezka batekin egingo nuela topo. Aise irentsi behar izan nituen aurreritzi guztiak, eta hartarako, Le Fanuz gain, laguntza aparta izan nuen Luigi Anselmik bertsioari eman dion tonu funtzional ez batere efektista. Eskergarri zaio itzultzaileari hizkeraren eta ixtorioaren arteko oreka gordetzen asmatu izana.

Buelta nadin, ordea, irentsi behar izan nituenetara. Misterioa eta honek berea duen izua ez dira, literatura kaskar ugariegiak hartara ohitu bagaitu ere, ate kirrinkariek sortuak, ez haizeteak jotako gau beltzek, ezta ezpain lerdetsu nahiz begi berde sutsuek. Guzti horiek, gehienera, aurreagoko estadio baten errepresentazio sentigaiak lirateke. Atabismoak dira inoiz sentigai horien sorle, herioaren inguruko mugalde istingak sarri, gizonak inoiz argituko ez dituen galdera betikoak beti. Horra hor izugai nagusiak. Eta XIX mendeko idazleek —gaurko honetan Poe-ren ondorengo Le Fanu eta Collins, biak belaunaldi bereko, gogoan— jenero hau zein beste asko asmatu eta garatu zituztenean, garbi zeukaten jeneroa definitzeko garaian zertarako eta zer dituela idazle batek jeneroaren aurrean egin beharreko galdera nagusi. Honetarako, efektu hau lortzeko, irakurlea nahi dudan honetara eramateko, kontatu beharra daukat pasadizo moeta hau, dosifikatu beharra daukat tentsioa, arakatu beharra daukat giza miseria honetan.

Helburua, beraz alde batetik; hartara jarritako medioak bestetik. Gaur, medioak menderatzen ditugun ustez helburuez hitzegiteari beldur diogun garai apatiaz jo hauetan, zertarakorik gabeko zer gehiegi sortu nahi ohi dugu. Zaborreria. Farfaila. Gehienera ere gure aurpegietako inespresibitatea disimulatu nahi lukeen makilaia patetikoa.

Bartleby izkribatzailea

Hala makilatzez gero, ordea, hobe genuke Bartebly-rekin batera esatea:

—Aukeran, nahiago ez.

Halakoetara ausartzeko, ordea, tenplea behar du gizonak. Baita guztiok geure erraietan behar genukeen Bartleby hori ulertzeko ere. Ez naiz horretan saiatuko, Bartleby irakurri egin behar bait da, Bartlebyren existentziari aukeran nahiago ez hori posible zaion bezala geure existentziei posible ote zaien jakiteko.

Azkena izan dadin aurrena, hasierara bueltatuko naiz esateko goizeko kafe egin berriaren urrin sarkorra etxe guztiko bazterren jabe egiten denean, plazer literario benetan dezimononikoa dirudiela atsegin duzun liburua zabaldu eta bertako orrialde horbel koloreetan barna bide egitea. Goizez eta kafearekin diot. Gerta daiteke gauez betazalak erre beharrean ere. Edo nire garai bateko ikasleei eskaintzen nizkien libro-forum saioetan.

Behin baino gehiagotan irakurria nuen Melville-ren Bartleby Borges-en bertsioan, hasi ere egin nintzen inoiz itzulpen lanean, saio gisa, lehendabiziko esaldiak errenditzen ninduen arte. “Era un hombre de cierta edad”. Nola adierazi cierta edad horren anbiguotasun itxurako adierazpide zuzena? Kontsultak ere egin nituen, lapurtu nizkion baita Koldo Mitxelenari berari ere haren denbora baliotsuko minutu batzuk jakinmin sakonetik baino entretenimendutik gehiago zuten nire galderek. Orain, eskura daukagun itzulpenari esker, esan dezakezue, neuk ere ondotxo ikasi dudana esaten: Adinean sartuxea nauzue.

Bromak .ez luke zentzu handirik aitortuko ez banu, bromaren segidan eta nire ile urdin sarriek ematen didaten hartarako lizentziaz baliatuz, orain arteko irakurraldiek ez didatela plazerrik eman euskarazko bertsio honek bezainbat Eta ez naiz aitortzara prestatzen euskaraz irakurri dudala orain eta horrek adieraz dezakeen patriotikeriaren kariaz, ez. Beste bat da arrazoi bat eta bakarra: aspaldiko partez euskara plazergai izan dudalako, Bartlebyk, goizeko kafe egin berriaren lurrina etxe osoan, euskal irakurketa gehiago ere izango dituelarik dezimononiko honen aldetik.

Puntu honetan ez bait nago Bartleby-rekin ados, eta aitortu beharra bait daukat irakurketa berri horiei dagokienez:

Aukeran, nahiago bai.

Azken kritikak

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Pleibak
Miren Amuriza

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Mikel Asurmendi

Pleibak
Miren Amuriza

Aiora Sampedro

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Mikel Asurmendi

Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa

Irati Majuelo

Pleibak
Miren Amuriza

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

Hedabideak