kritiken hemeroteka

7.224 kritika

Azken kritikak

« | »

Ilunbeen bihotza / Joseph Conrad (Iñaki Ibañez) / Ibaizabal, 1990

Joseph Conrad: narrazioaren bihotzean Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-04-10

Gure artean beti izan ditu Josef Teodor Konrad Korzeniowskik, Joseph Conrad (Ukraniako Berdyezow, 1857 – Kent-eko Bishopsbourne, 1924) gisa ezagutzen dugunak jarraitzaile sutsuak, erromantizismoari uko egin eta behin betirako agur esatera prestatu nahi ez dutenak.

Joseph Conrad-ek abentura sinbolizatuko luke, itsasoaren xarma, eta, horrekin batera, halako jokabide moral gizabanakoa, eslabiar patetismoz jantzia, bihotz erratien nondik-norakoa analizatu nahi lukeena. Abenturaren deia gehi moral indibidualista: horra hor pozima egokia bizi ditugun garaietako ere…

Bada, ordea, Conrad-ekiko lilura horiek ulertzen ez dituen bat baino gehiago, haien artean Jose Maria Valverde. Juizio gogorrak botatzen ditu Joseph Conrad-en aurka katedratiko katalanak, esanaz hogei urtetan ingelesa ikasi zuen marinel poloniarra “akademikoegia eta erretoriko enfatikoegia” dela. Piskat aurrerago: “zirudienean narratzaile guztiak ados zeudela errealitatea zuzen ematetik hasi behar dela sinetsi eta aurretikako ideia abstraktoak eta definizio tipologikoak saihestuz, Conrad orokorretik partikularrena bitarteko bidea egiten hasiko zaigu…” Eta beste toki batean: “Horregatik aitortzen dugu ez dugula erabat ulertzen Conrad-ekiko lilura nortzurena izango eta beren espresioaren hain jabe ziren Virginia Woolf eta William Faulkner bezalako artistena izatea”.

“Ilunbeen bihotzean”

Marlow izeneko itsas gizona txikitatik liluratu du Afrikako bihotza zeharkatzen duen suge itxurako ibai luze batek. Urtetara, hara joateko aukera duenean, marfilaren garraioan ari den Konpainiako untzi baten kargu egingo da. Bidaia luze, itogarri baten ondoren, oihanaren bihotzera helduko da, baina Konpainiaren kokagune hartan ez dago hondamendia besterik. Izugarria da bertako isiltasuna. Marlow mister Kurz-en bila hasiko da. Marfila aurkitzea du Kurz-ek lantegi eta aspaldian ez da haren berririk izan. Haurtzaroko ibaian gora egin beharko du bidea Marlow-ek.

Kurz topatzen duenean, hango biztanleek jainkotzat hartua dute. Hango gizonak “zibilizatzera” joandako Kurz, haien sineskerien sareetan harrapatuta dago. Sarritan alde egin nahi izan du handik, baina bakoitzean izan du arrazoiren bat bertan gelditzeko. Marlow-ek bere gain hartu beharko du Kurz munduratzea. Kurz hiltzen denean, haren gutunak eraman beharko dizkio Marlow-ek Kruz-en andregaiari. Ez da ausartuko egia osoa esatera neskari eta Kurtz haren izena esanaz hil dela esango dio, errukiz, nahiz badakien tribuan Kurz beste emakume batekin bizi izan zela…

Iñaki Ibañez-ek liburuaren hitzaurrean dioen bezala, “azalezko errelatoaren azpian giza emozioei buruzko azterketa konplexu bat garatzen da. Conraden gai obsesiboak azaltzen dira: giza bakardadearen arazoa eta gizakiaren borroka izadiaren indar kontrolazezinen aurka”.

Abenturaren xarma

Conrad-ek ez du irakurlea inoiz lagatzen aiherge, haren testuetan beti dago, bere alde nahiz kontra, elementu bat baino gehiago testua partikularizatzen duena eta “Conradena” bilakatzen: tonua da batzutan, lehen aipatutako patetismo morala bestetan hartarako bide, deskribapenetan ezohizko modu analitikoak hartzen ditu, badaki “Ilunbeen bihotzean” nobelako Marlowek Kurz-ekiko sentitzen duen lilura berbera, “miresmen antzeko zerbait inbiria sentitzeraino” sentitzen dugu Conrad-ekiko ere, hala aitortuz arestian azaldutako bi joeren artean non kokatzen dugun geure burua:

“Xarmak bultzatzen zuen, xarmak gordetzen zuen onik. Seguruasko ez zion oihanari ezer eskatzen, arnasa hartzeko eta aurrera egiteko lekua baizik. Bere beharrizana esistitzea zen eta aurrera jarraitzea ahalik eta arriskurik gehienekin eta gabetasunik haundienarekin. Inoiz erabateko menturazaletasun hutsak, kalkulatugabeak, ameslariak, gizonik menderatu badu, gazte adabatu hau menderatu du”.

Bizitza bera bait da abentura eta ohiana den mundu honi ezin eskatuko diogu “arnasa hartzeko eta aurrera egiteko lekua baizik”. Eta ohian itogarri honetan gure aukera moral bakarra edo beharrizana “esistitzea da eta aurrera jarraitzea ahalik eta arriskurik gehienekin eta jabetasunik haundienarekin”.

Azken kritikak

Winston
Martin Etxeberria

Aiora Sampedro

Laranja mekanikoa
Anthony Burgess

Joannes Jauregi

Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak
Alice Munro

Amaia Alvarez Uria

Aingurak eta arrangurak
Josu Jimenez Maia

Alex Uriarte

Larrutik ordaindua
Joseba Lozano

Iratxe Esparza

Amek ez dute
Katixa Agirre

Hasier Rekondo

Rosa itzuli da
Pako Aristi

Javier Rojo

Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua
Edorta Jimenez

Peru Iparragirre

Winston
Martin Etxeberria

Javier Rojo

Berriro itzuliko balitz
Xabier Etxeberria

Joannes Jauregi

Aldi baterako
Manu Lopez Gaseni

Igor Estankona

Disoluzio agiriak
Jose Luis Otamendi

Igor Estankona

Duvoisin kapitainaren malura
Kepa Altonaga

Javier Rojo

Aingurak eta arrangurak
Josu Jimenez Maia

Aitor Francos

Artxiboa

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Urtarrila 2019

Abendua 2018

Azaroa 2018

Urria 2018

Iraila 2018

Abuztua 2018

Uztaila 2018

Ekaina 2018

Maiatza 2018

Apirila 2018

Hedabideak