« Gazteen harremanak | Iluntasuna »
Aingurak erreketan / Jon Benito / Susa, 2001
Ibiltariaren galderak Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2002-09-07
“Ai, sasoi makaletako poetok/ zer eginen dugu/ zer irekiko dugu poesiaren giltz tipiaz?” Sarrionandiaren galdera-madarikazioa etorri zaigu gogora Aingurak erreketan liburuko Hautazko aitorpena irakurrita: “Nik diot/ baina ez zaizue axola”. Poesiaren giltzaren txikitasunaren kontzientziatik ekiten dio Benitok poesiari, txiki izateak emandako duintasunez.
Erantzun gaitza duen galdera da Sarrionandiaren hura, eta galderaz eta zalantzaz beteta dator, halaber, Zarauzko poetaren lehen liburua ere. Ingurura begiratu, gertuenekotik urruneko mundura so egin, eta galdera baino erantzun gehiago aurkitzen dituen poetaren begirada da berea. Eta bizitzaz erantzunik gabeko galderak dituenak estal ditzake galderak egiaz maskaraturiko baieztapen borobilez; edo, erantzunik ezean, galderei itzuri egin. Bestelako bidea aukeratu du, baina, Benitok. Zalantza eta galdera bidelagun hartu ditu, haiek paratuz diskurtso poetikoaren erdigunean, munduaz galdetu, munduaz pentsatu eta mundua pentsatzeko.
Bidaia baten inguruan jositako poemek osatzen dute poema liburu hau; barrutik kanporantz zabaltzen den espiralaren antzera, hurbileneko espaziotik eremu zabalera irekiz doa Aingurak erreketan, bost kapitulutan banatuta: Ezti usaina, Pagadi bat lanbropean, Sustraiak eta adarrak, Helmuga gabeko bidea eta Harea itsasertzean. “Ohe ertzean eserita” esanez hasten den poema-liburuari itsaso zabalarekin amaitzen da. Espazioaz besteko garapenik ere suma daiteke, ordea, liburuak aurrera egin ahala: lehen kapituluko poema trinko eta irudi poetiko indartsuek poesia narratiboago eta arnasa luzeagoko bati egiten diete lekua, non poesia unea harrapatu nahian dabilen sare bihurtzen den. Halaber, lehen poemetako ni indibidualak gu kolektiboari irekitzen dio bidea, nortasunaren zedarritze horretan etengabeko elkarrizketa sortuz bien —ni-aren eta gu-aren— artean.
Bideari eta errekari etengabeko erreferentziak eginez, mugimenduaren eta bitalismoaren alde egiten du idazleak, eta, neurri berean, pasibotasunaren aurka. Aurrera jotzeko gonbidapena da liburua; eta bideak helmugak baino garrantzi handiagoa hartzen du, Itakarako bidean bezala. Bidea bera da bizitza, bidea da utopia eta bidean bertan dago etxea: “Atseden hartu zuen// Ibilbidetik aldendu zen apur bat/ distantziak neurtzeko/ Orain arte jarraitu bidea eta/ bihartik aurrerakoa neurtu nahi zituen/ (…) Munduaren eta bizitzaren osotasuna/ pertzibitu zuen bertan/ fisikarien biribiltasun aparenterik gabe// Inoiz etxera iristen ez denak bezala”. Baina bidea egiteak arriskatzea ere badakar berekin; izan ere, ibili gabeko bide berriak dira poemategi honetakoak; eta bidegurutzean aukeratzeak beste zerbait bazter uztea esan nahi du: “Hautuak galera dakar beti berarekin/ Bide zuzenik ez da jada/ baina egina dugu bidea”. Tronpatzeko beldurraren eta zalantzen gainetik nagusitzen da, haatik, liburuan bidea egiteko gogoa eta bizinahia.
Poeta munduan kokatzeko ariketa honetan, hala ere, zapatekin, bidearekin batera, leku berezia dute sustraiek. Eta badago halako kontrajarpen bat, oreka lortu nahi bat, mugimenduaren eta egonkortasunaren artean, uraren eta lurraren artean, errekaren emariaren eta ainguraren artean.
Geometria inperfektuak
Charlie Mallory da John Cheeverren La geometría del amor narrazioko protagonista bitxiaren izena. Giza harremanak geometriaren bidez azaldu eta konpontzeko ahalegin hutsaletan ematen du denbora Malloryk; hutsalak gertatzen zaizkio eginahalak, giza harremanak, giza geografiak berez direlako irregular eta inperfektuak, Jon Benitok Konpromezurako eskaintza eta bidaiarako proposamena poema ederrean dioen bezala: “Laranja bat oparitzen badizut/ ez dizut ilargia eman nahi/ ez geometriarik ez perfekzio iragangaitzik”. Giza geografia eta harremanak bere horretan agertzen ditu poetak, beren kontraesanean, inperfekzioan eta irregulartasunean; beren ahuldade eta ezintasunekin, gizatasun osoan. Eta begitantzen zaigu geometriak esplikatu ezin duen hori, lerro zuzenari ihes egiten dion giza izaera hori (Malloryk ipuin hartan lortu ezin zuena) azaltzea —edo gutxienik horretaz galderak pausatzea— izan litekeela poesiaren giltza txikiak ireki lezakeen ate handia. Eta horretantxe datza, gure uste apalean, liburu honen lorpenik handienetakoa.
Mundu inperfektua eta garratza azaltzen da poema liburu honetan, gizaki inperfektuak, harreman inperfektuak. Eta konpromisoaren bidea agertzen da mundu horretan aurrera egiteko irtenbide bezala. Baina ez, ez gara idazle konprometitu /ez-konprometitu dikotomia merkeaz ari; konpromisoa zerbait esentzialagoa eta errotikoagoa da poesia honetan, maila askotan adierazia. Batetik, konpromisoa maila pertsonalean, norberak bide berriekin, bizitzarekin hartzen duena; edo biren arteko konpromisoa: “Badakit zer geratu den gugandik/ bide berriei elkarrekin ekiteko”, eta baita konpromiso kolektibo edo soziala ere, Akats kronologikoa-n kasu, adierazia: “Horregatik ere lotzen natzaie egungo borrokei/ aurrekoekiko zorra kitatzeko.” Konpromisoa, finean, oroimenari ateak itxi gabe, aurrera jotzeko.
Umiltasunetik, apaltasunetik idatzitako poemak aurkitu ditugu bilduma honetan; inoiz dardara egiten duen ahots herabea da mintzo zaiguna: “Zuk badakizu hitz hauek/ zalantza direla hasieratik/ arkatzaren dardara direla”. Eta gu bezain humanoa delako egin zaigu hurbileko, eta horregatik heltzen zaigu barrurago.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres