kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Aldjezairia askatuta / Txomin Peillen / Txalaparta, 2013

Aljeriar iraultzaz historia txiki bat Iraitz Urkulo / Berton, 2013-06-30

Apirilean aurkeztu zuen Txomin Peillenek bere azken lana: Aldjezairia askatuta (Txalaparta, 2013). Dagoeneko 46 urte igaro dira idazle honek Gauaz ibiltzen dana izenburuko lehen liburua argitaratu zuenetik. Tarte horretan Peillenek dozenaka liburu idatzi eta ia genero guztiak jorratu ditu, ibilbide emankorra eginez euskal literaturan.

Liburu berezia da Aldjezairia askatuta, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, hibridotzat jo dezakegun lan baten aurrean gaude, Peillenek liburu berean narratiba, saiakera eta poesia testuak bildu dituen heinean. Bestetik, testuok benetako gertakarietan oinarritzen dira, areago, batzuk Peillenek berak ikusitakoak dira, 1960eko hamarkadan (ipuinak idatzi zituen garaian, hain zuzen) Aljerian soldaduska Osasun Zerbitzuan egiten ari zelarik. Horixe baita liburuaren gaia, genero txandaketaz gaindi batasuna ematen diona: Aljeriar herriak Frantziako kolonialismoaren aurka izan zuen borroka latza.

Eta hona hemen berezitasun nagusia: Txalapartak Amaiur bilduman kaleratu duen hau ez da liburu originala, Aldjezairia askatuta osatzen duten testuak lehenagotik argitaratuta baitzeuden. Liburuko zortzi ipuinak, esaterako, Egan eta Saioak aldizkarietan agertu ziren, 1982an Hordago argitaletxeak horiek bildu eta liburu batean argitaratzea erabaki zuen arte. Saiakera atalari dagokionez, Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962) testigantza liburuan ere irakur daiteke (Eusko Ikaskuntza, 2005). Azkenik, 1983an Peillenek Abd El Kaderren omenez, honen heriotzatik ehun urte betetzen zirela eta, idatzitako poema luzea liburu batean jaso zuen Labayruk 2006an, Idatz & Mintz aldizkarian azaldu ondoren. Hortaz, Txalaparta obra eta aldizkari ezberdinetan sakabanaturik zegoen materiala bildu eta berrargitaratzeaz arduratu da, Joseba Sarrionandiaren esku utzita edizioaren apailatze-lanak eta hitzaurrea.

Zortzi ipuin labur dira obraren ardatza. Denek hurbiltzen gaituzte irakurleok aljeriar iraultzara, fikzioaren bidez orduko giro gatazkatsua berreraikiz zein autoreak garai hartako bizipen eta oroitzapenak islatuz. Zortzi istorioetatik bost aljeriarren ikuspuntutik kontatuak dira, eta gainerako hirurak, aldiz, ikuspuntu europarretik. Ez du, ez, Peillenek biderik errazena aukeratu eta herri zapalduaren, hots, aljeriarren alde erabat lerratu. Egia kontzeptu nahiko irristakorra dela jakinik, hura bilatzeko ahalegina ezkutatzen da muturreko ikuspegi bien arteko txandaketaren atzean. Horra hor idazlearen errealitatearekiko jokaera zintzoa, narratzaile alde batean zein bestean kokatzen duenean, azal afrikarretik europarrera igaroz, eta alderantziz.

Balio literarioa baino gehiago, herri arrotz baten errealitate historikoaren lekukotasun gisa balio handiagoa aitortzen diot liburuari. Zentzu horretan, oso interesgarria deritzot saiakera atalean Aljeriako antolamendu politikoa, hango bizi-baldintzak, ohiturak, pentsamoldea, erlijioaren inposizioak, kolonialismoak suposatzen zuen zapalkuntza zertan zetzan, kasten arteko ezberdintasunak, gerrako egunerokoaren gaineko deskribapenak… azaltzeari. Izan ere, Aldjezairia askatuta lanak balio-sistema erabat ezberdina ezagutarazten digu, ez bakarrik gudaren ondorio dena, baizik eta arras ezberdina den gizarte batek ezarritako legeen emaitza. Esaterako, ipuinotan emakumearen funtzioa eta tokia zein den aztertzen hasiz gero, gizonaren menpekotzat irudikatu dela kontura gaitezke, bai edozertarako senarrari baimena eskatzeari dagokionez, baita, errespetu seinale gisa, gorputz osoa estaltzeari dagokionez ere, bi adibide jartzearren. Testu hauetan emakume bat botere-posizioan agertzen den salbuespen bakarra dago, non emakumea klase aberatsenekoa den eta, nahiz eta denen begietara musulman agertu, etxe barruan egiatan moral hain hertsikoa ez dela erakusten duen; halere, bera ere ez da gizartearen presiotik salbatzen familia tradizionalaren eredua jarrai dezan.

Egitura dikotomikoa ezarri die Peillenek ipuinei, bi osagaien kontrajarpenean bikain funtzionatzen duena: aberats vs. txiro, soldadu vs. zibil, europar vs. aljeriar, musulman vs. sinesgabe, gizon vs. emakume, zapaltzaile vs. biktima, publikoa vs. pribatua, etab. Edozein modutan, bando bietan heriotzaren mehatxua nonahi topa daiteke eta sufrimendua da nagusi. Gainerakoan, badira errealitateari atxikiak zein fantastikoagoak diren istorioak, baina gehienak amaiera aldeko ezustekoan bat datoz. Aipatzekoa da, azkenik, Peillenek ez diola uko egin hango kulturaren (batez ere, ahozko aberastasunetik edanez) zertzelada batzuk jasotzeari; horren erakusgarri dira testuan tartekatu dituen hango hizkuntzan jasotako esaera zaharrak eta bestelako espresio jatorrak.

Kontatzen dena irakurleak arrotz nabaritzearen arriskua badu liburuak, ez idazleak darabilen Iparraldeko hizkeragatik, gaia beragatik baino. Azken batean, gatazka Aljeria eta Frantziaren artekoa izanik, Hegoaldeko irakurleok apur bat hotz senti gaitezke zuzen eragin ez ziguten gertakarien aurrean. Saiakera atalean euskaldunekiko lotura lantzen den arren, oro har ahulak eta ez nahikoak iruditu zaizkit emandako argudioak.

Aitortzen dut, bestalde, ez diodala lan honek erakusten duen genero txandaketari neurria hartu. Batasun falta nabaria da eta testuak batera argitaratzeko idatzi ez zirela, agerikoa; esaterako, saio-pasarte batetik bestera zein ipuinetik saiora, zenbait gai eta elementu bere horretan errepikatu egiten dira, lehenagotik adierazitakoari ezer berririk gehitu gabe.

Narratibako bilduma batean kaleratu izanak ez gaitzala nahastu, fantasiaren ukituak gorabehera, Aldjezairia askatuta obrak kronika eta testigantza lanen apalean du tokirik egokiena. Asmoa, Peillen beraren hitzetan, “Aljeriar iraultzaz historia txiki bat” eskaintzea bada, helburu didaktikoa fikzioari gailentzen zaiolako seinale. Noski, hau ipuin atalean baino askoz errazago ikus daiteke saiakera zatian, non historia dokumentatua (bibliografia aipatua eta guzti) eta lehen pertsonan idatzitako kronika-paragrafoak txandakatzen diren. Zentzu horretan, oraingoan Peilleni, ipuinlari edo poeta gisa baino, saiogile bezala meritu handiagoa aitortu beharrean nago.

Aurreko argudioari bueltatu emanez gero, hau da, Aldjezairia askatuta fikzio liburutzat aintzat harturik, saio atalak ipuinak azaltzen dituelako sentipena nagusitzen zait, liburuaren egiturak edo, zehatzago, atalen disposizioak indartu baino ez duena egiten. Izan ere, saioekin batera argitaraturiko ipuin hauek jatorrian gozatu zuten askatasuna galdu dutela iruditzen zait, jada ez dira beregainak eta ez daude irakurleon interpretaziora zabalik, saioen txanda iritsitakoan errealitate historikoaren kronikak justifikatu, azaldu eta osatzen baititu. Duela gutxi euskal idazle batek testu ondoko halako azalpenek irakurketa laguntzen dutela esan zidan, baina ni ez naiz iritzi berekoa, nire ustez horiek irakurlea baldintzatu eta interpretazioari mugak jartzen baitizkiote. Hortik liburu hau ez fikziozkoen artean kokatzeko gomendioa: errealitatearen aurkako gudan fikzioa galtzaile ateratzen denean, testigantza, kronika edo historia obra gisa lortzen duelako garaipena.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak