kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Batzarra, gure gobernua / Pablo Sastre / Elkar, 2013

Auzolanak artea behar du Mikel Asurmendi / Berria, 2013-06-30

Batzarraz eta Komunaz ari zaigu saiogilea. Erdi Arotik —lehenagotik ere bai— egun arterako bidea urratu du. Bide luzea egin du; saioa, berriz, laburra da, baina ongi bururatua. Pablo Sastreren “Gauzen presentzia” (2007) eta “Gizajendearen ahitzea” (2010) saioetatik jasotako bi premisa aipatu nahi ditut, idazle honen unibertsoarekin bat egite aldera: “Esperientzia sozialistaren krisia sistema produktiboaren krisia da, baina krisi humanoa ere bai”. “Erne ibiltzeko garaia da”.

Saio honek Europan estatu batzuk eraikitzen hasi ziren garaian kokatzen gaitu, Erdi Aroan. Haietatik landa ere bazeuden herriak eta nazioak. Gurean Batzarra zen tradizio politikoa eta gobernatzeko modua. Argigarria da lehen kapitulua: Europaren testuinguruan herriak erregearen armada behar zuen, subiranotasuna gordeko bazuen. Gurean, Nafarroako Erresuma du hizpide, erregea espanturik gabe sartu zen Batzarrean; alta, herri batzarrak ez zuen gehiago erabaki harrezkero.

XI. mendera arte, Gaztelan, hala nola Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, herritarrek bazuten herri batzarretan parte hartzea. XII. mendean jada jauntxoek —dirudunek— besterik ez. Herriez gain, hiriak sortzen hasi ziren. Erresumaren babespeko jauntxoek herri batzarrak barreiatu zituzten, Nafarroan ez artean. Gazteluko monarkiak euskal hiri eta herri handietan kontzeju itxiak ezarri zituen. XVIII. mendean bere eragina txikia bazen ere, estatua nagusitzen hasi zen. Kontzeju irekien —irekiak sakonki azpimarratuta— ahalmenak murriztu ahala, udalak indartuz joan ziren kontrol batzar legez. Estatuaren burokrazia sendotu zen. Ondorioa: estatua hasten da jendeon arazoak konpontzen, herriarekiko hurbilekoa den auzotarra —estatuaren menpeko— hiritarra bilakatzen doa. Herria kolokan izatera pasa zen.

Egungo estatuaren eredua azaldu digu Sastrek: botoaren araberako eredua da egungo demokrazia. Alabaina, erabakiak politikariek hartuak dira aldez aurretik. Agintariek ez dute zuzentzen, estatuaren zerbitzariek baizik.

Zuzeneko demokraziaren funtsa gauzatzeko —bitartekorik gabe erabakiko luketen— herritarren batzarra eta erreferenduma beharko lirateke. Egungo sisteman ez batek ez besteak ez du funtzionatzen.

Honetara iritsita, berebizikoa da Sastreren oharra: “1512an”, diote estatuzaleek, “Espainiak Nafarroa, gure estatua, konkistatu zuen. Estatu hori berreskuratzera goaz”. Alta, diosku saiogileak, Nafarroako Erresuma sortu baino lehen, geroago ere luzaz, euskal herriak eta bailarak herri batzarrek gobernatu zituzten.

Batzarra, urra baledi —esamolde esanguratsua— kapituluan aitzinatzean urratu beharreko bidea eskaini digu. Hona Sastreren zenbait aburu: batzarrak komuna zaintzen du, herri-arima zaindu ere. Batzarrak auzolanak (lan komunak, herri lanak) konbokatzen ditu. Hauek askotarikoak izan daitezke. Sastreren gusturako, auzolanak baino, auzo-arteak du garrantzia. Batzarrak, elkarrenganako begiruneaz gain, (t)artea behar du. Batzarrak oroz gain denbora behar du. Hots, komun denak debatea behar du. Sastrek Batzarrari buruzko lau kapitulu osatu ostean, hiru saiotxo egoki eskaini dizkigu Komunaz.

Gaurrera etorrita, XXI. mendearen atarian eratu zen Udalbitza. Kultura politiko horretan ikusten du Sastrek batzar subiranoa. Udalbiltza (bir)eraikitzen ari direnentzako saio gomendagarria da berea. Bere urratsetan sakontzea gomendatzen diot orori. Era labur samurrean emandako urrats-saioa da. Premisa bat azkenik: gure munduan, gauza komuna pentsatzeko, kapitalismotik eta estatutik at jarri behar dugu geure burua.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak