« Sosegu heldua | Krimen arruntak »
Adimenaren mugetan / Miroslav Krleza (Hasier Agirre) / Erroteta, 2012
Ikara galduta Iban Balerdi / Gara, 2013-02-03
Miroslav Krleza (1893-1981) idazle kroaziarraren izena ez da gure artean ezagunegia. Erroteta argitaletxearen eskutik jasotako Hasier Agirreren itzulpena dugu euskarazko lehendabizikoa. Dena den, ingelesera edota gaztelaniara itzulitakoak ere ez dira askoz gehiago. Baina sorterrian XX. mendeko garrantzia handieneko idazletzat dute. Denetik sortu zuen, eleberriak, antzezlanak, poemak, saiakerak eta ipuinak, baita modu oparoan ere, dozenaka liburu idatzi baitzituen. Hizpide dugun hau 1938an argitaratu zen, bere literatura bizitzako heldutasun bete-betean.
“Guztiok daramagu mozorroren bat aurpegian, eta, inoiz, guztiok sentitzen dugu kentzeko beharra, segundo gutxi batzuetarako bada ere gure sentimenduak agerian jartzeko premia”. Nahigabe eginagatik, zorigaiztoko momentuak protagonistaren bizitza zenbateraino alda dezakeen erakusten zaigu nobela honetan. Izan ere, Domacinski jaunak, hogei urte atzera berak akabatutako lau nekazarien istorioa, enegarrenez, horren gisa harrotuan kontatzean, Domacinskiren soldatapekoa den eleberriko protagonistak deskuidu txiki bat izango du. Ahopeko hitzak izan behar zutenak, behar baino ozenago aireratuko dira tokirik desegokienean. Bat-batean, izenik ez duen protagonista, garaiko burgesiaren (doktore, senatari, konferentziagile, ginekologo…) hipokrisia eta autokonplazentziaren aurkako borrokan jardun beharrean izango da. Epaiketa, kartzela eta bukaerarik gabeko jazarpena ezagutuko ditu. Hala eta guztiz ere, duintasunaren izenean eta giza inozokeriari aurre eginez, atzera ez egitea deliberatuko du, datorrena datorrela.
Irakurketa lasaia eskatzen duen lana da Adimenaren mugetan. Lehenengo pertsonan idatzia, esaldi luzeak sarritan erabiltzen ditu autoreak, bere buruarekin bakarrizketan arituko balitz bezala. Horiekin batera, zerrenda luze amaigabeetara ere jotzen du Krlezak, agian giza inozokeriaren erakusgarri moduan, denetarik metatzeko eta zenbatzeko dugun ohitura aintzat hartuz. Dena dela, bada eleberri honetan erritmoa aldatzen duen une bat, epaiketan akusatuak hitza hartzen duenekoa, hain zuzen ere. Beste guztiak agerian uzten ditu bere jarioari ekiten dionean, goian daudenen egia eta behean daudenena ez dela berdina adieraziz.
“Trajez jantzitako astoen desfilea —buru eta isatsik gabe!— , horixe da egun gizateria. Buztina eltzegilearen tornuan nola, halaxe gabiltza denok bueltaka, izarpean, asto horien inguruan. Hizlari ustelak eta iruzurgileak, noranahi begiratuta ere, gerra eta izurritea ezker-eskuin!”.
Nobela bikaina izateaz gain, gaurkotasun ikaragarria duela iruditzen zait. Irakurri ahala, egunotan bolo-bolo dabiltzan berriak datoz burura, eta, testuingurua desberdina izanik, istorioa bakarra dela ulertzen da, baina baita erabat unibertsala ere.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi