« Ispiluan den “beste ni”-a | Hitz gutxi, baina ez hutsalak »
Mussche / Kirmen Uribe / Susa, 2012
Robert Musscheri gorazarre Iraitz Urkulo / Berton, 2013-01-28
“—Robert, zure ustez, zerk mugiarazten du mundua? —galdetu zion Hermanek halako batean—. Nietzschek zioenez, ezkutuko indar hori boterea da; Marxen ustez ekonomia da; eta Freuden aburuz, maitasuna. Bada, zein dago zuzen zure ustez? Zerk bizi gaitu?
“—Maitasunak bizi gaitu, Herman! Sakoneko indar hura maitasuna da. Edo nik hori sinetsi nahi dut behintzat. Horretan ados nago Freudekin”.
Robert Mussche idazle flandriarraren bizitza gorabeheratsua hurbildu nahi izan digu Kirmen Uribek bere bigarren eleberriarekin. Aldi berean, protagonistaren istorioari lotzen zaizkio Herman Thiery eta Vic Opdebeeck bigarren mailako pertsonaiak, Roberten adiskide eta emazte, hurrenez hurren. Narrazioaren zatirik handiena gatazka giroan garatuko da, gerrak markatu baitzuen haren bizitza. Izan ere, Musschek 36ko gerratik ihesi itsasontzi batean Gantera bidali zituzten haur euskaldunetako bat, Karmentxu Cundin izeneko neskatoa etxean hartzen duela hasten da liburua. Hortik denbora gutxira, Bigarren Mundu gerrak eztanda egingo du eta idazlea garai zailei ahal duen moduan aurre egiten irudikatuko zaigu, gatazka erraldoi hartan bete-betean murgilduriko pertsona engaiatu gisa.
Mussche ez da, inondik inora, eleberri tradizionala. Robert Musscheren zenbait pasarte biografikotan eta, argumentuak hurrenkera kronologikoa guztiz errespetatzen ez duen arren, Bigarren Mundu Gerraren kronikatzat har daitekeenaren gainean eraikia dago. Bi generoek, gehienetan txandaka aritzen badira ere, amaiera hurbildu ahala uztartzera jotzen dute. Nabaria da obra honen atzean dokumentazio-lana baina, eta hona hemen testuaren berezitasun bat, ageriegi geratzen da fikziozko istorioa izateko; ez hainbeste gertaera historikoak aipatzeagatik, datu horiek biluzik, askotan traman txertatu gabe ere emateagatik baizik.
Karmentxu txikia da aurkitu dudan euskal munduaren arrasto bakarrenetakoa Uriberen lan honetan. Herman eta Vicen pertsonaiei dagokienez, ez da Robertekin zuten harremanari buruzko deskribapen zehatz-sakonik eskaintzen; horren ordez, bakoitzaren izaeraren zertzelada arinak ematen zaizkigu, datu historiko-objektibo ugarirekin nahasiak gehienetan, haien arteko elkarrizketa intelektualak tarteka. Oro har, zenbait unetan azalezkoegia iruditu zaidan molde narratibo hau, eguneroko detaile ñimiñoetatik abiatutakoa, idatzita ez dagoenaren indar iradokitzailean oinarritzen dela esango nuke.
Kontaketak aurre egin ahala, Uriberen prosazko sorkuntzan hain berezko duen lirismoak, honek eusten duen diskurtso hunkituarekin batera, pisu nabarmena galtzen dute hizkera zorrotz eta zuzenago batek ordezkaturik, ekintzaren gordintasuneranzko bilakaerarekin egokitasun erabatekoan. Bilbao-New York-Bilbao aurreko eleberriarekin konparatuz gero, narrazio askoz tradizionalago baten aurrean gaude. Badira, bestalde, autoreak istorio honetan nahiko modu eraginkorrean erabilitako baliabide interesgarriak: narrazio-maila eta hots ezberdinen txandakatzea, egitura epistolarra, Uribe bera pertsonaia bihurtua hain gustuko duen autofikzioaren bitartezko jolas metaliterario batean…
Ezustean harrapatu eta nahastuta utzi nau eleberriaren amaierak. Ez dut ulertu tentsio narratiboa bat-batean eteteko hautua, zertarako eta Mussche idatzi izana justifikatzeko. Lekuz kanpo iruditu zait jokabide hau, argumentuaren logika apurtzen duen neurrian. Jakin badakit, Uribek eskainitako hamaika aurkezpen-ekitaldi eta elkarrizketetan hala aitorturik, Aitzol Aramaiori egindako omenaldi txiki gisa uler daitezkeela azken hitzak; baina testua beregaina delako eta idazleak haren gainean egin ditzakeen adierazpen/azalpenek hura osatu edo baldintzatu ezin dezaketelako uste osoan, narrazioaren erritmoa hausteaz gain, foku aldaketak (protagonistari zuzentzetik obra lehen planoan jartzera igarotzen dena) diskurtsoaren barne-koherentziari erantzuten ez diolako sentsazioarekin itxi dut liburua.
Gainerakoan, Kirmen Uriberen pertsonaien ohiko izaera onberaren jabe da protagonista. Gerrako ankerkeriarekin kontraste bizian, bihotz oneko heroia, areago, martiria dugu Robert, eta Mussche, haren bizitza eta irudi ustez eredugarriari gorazarre egiten dion lana.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi