« Ase gabe | Ispiluan den “beste ni”-a »
Tom Sawyer-en abenturak / Mark Twain (Iñaki Mendiguren - Sarah J. Turtle) / Erein, 2012
Neguko aterpe Asun Agiriano / Gara, 2013-01-27
Tom Sawyer-en abenturak Mark Twain idazlearen gaztaroko oroitzapenetan oinarrituta daude, Mississippi ibaiaren ertzean. Bera dugu haur literaturan pertsonaia kutunetariko bat: indar handikoa, kuriositatez eta askatasun gosez betea. Garai hartan —eleberria 1876an argitaratu zen— erlijioak zuen eraginetik aldentzen saiatzen da Tom gaztea; bihurrikeria eta gezurra ugari darabil, baina bizirauteko eta dibertitzeko beharrezkoak egingo zaizkion trikimailuak direlako. Hala ere, bihotz handiko mutila da, adiskidetasunean sinesten duena.
XIX. mendeko eleberri klasikoak eta gaur egungo gazteen ohiturak oso ezberdinak direlako eta pasarte asko xehetasunez beteta daudelako, Iñaki Mendiguren itzultzaileak hitzaurrean gogorarazten digu liburuan keinu asko egiten direla helduentzat, eta testua hobeto ulertzeko eskatzen du “bizkarrean urte batzuk eta eskarmentua izatea”. Funtsean, haurrak dira protagonista eta heroi papera betetzen dutenak, eta helduak oker jokatzen dutenak eta akatsak egiten dituztenak. Haurrek sufritu egiten dute, baina min horretatik berehala ateratzen dira: “Bi minuturen buruan, ahaztuak zituen bere arazo guztiak. Ez bere problemak ez zirelako berarentzat gizon batentzat bereak diren bezain astun eta garratzak, baizik eta interes berri eta ahaltsu batek menderatu eta burutik kendu zizkiolako momentuz, eginkizun berrien zirrarapean gizonen ezbeharrak ere ahazten diren bezalaxe”.
Helduek asko dute ikasteko Tom eta Huck-en portaeraz; egia aurkitu nahian, ausardiaz jokatzen dute bizitza bera arriskuan jarriz. Tom basati zintzoa da, bere barne-bulkadak eraginda hartzen ditu erabakiak. Hasieran liderra zena amaieran heroi bihurtzen da.
Nerabeentzat baino gazteentzako liburua da hau. Irakurketaz gozatzeko urduritasuna uxatu behar dela esango nuke, irakurketa mantsoa eskatzen duela, nerabeek barnean izan ohi duten zurrunbilotik at. Twain idazlearen asmoetako bat hauxe izan zen: “Atseginez gogoraraztea helduei garai batean nolakoak izan ziren beraiek, eta nola sentitu eta pentsatu eta hitz egiten zuten orduan, eta zer-nolako eginkizun bitxietan murgiltzen ziren batzuetan”.
Izan ere, eleberri klasikoak bere garaian helduentzat idatzi ziren. Horregatik, helduok zuhurtziaz gomendatu behar dizkiegu gazteei, eta ez pentsatu gazte denboran nahitaez irakurri beharrekoak direnik.
Hori bai, liburua luxuzko edizio ilustratuan dator, orain arte euskaraz ezagutzen ez genuen arretaz argitaratua, orain arte ezagutzen ez genuen Guillermo Gonzalez ilustratzailearen marrazki bikainekin lagundua, eta itzultzaileen xehe tasunez betea.
Azken lan honi buruz esan, ziur aski, ez dela erraza izan eleberriak dituen bi hizkuntza erregistro ezberdinak euskaratzea: pertsonaien hizkuntza arrunta, ahozkotasunetik gertuago, eta narratzaileak erabiltzen duen hizkuntza zuzena, literarioagoa, ironikoa zenbaitetan, umore beltz finez zipriztindua. Iñaki Mendigurenek eta Sarah J. Turtle-ek maisutasunez itzuli dute.
Abenturazko eleberriaren klasiko handienetariko bat neguko afruntuari aurre egiteko.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi