« Piztia harrigarriak | Neguko aterpe »
Zintzoen saldoan / Jon Alonso / Txalaparta, 2012
Ase gabe Ibon Egaña / Deia, 2013-01-26
Jon Alonsoren Camembert helburu liburu kutunetakotzat duen irakurle honek gogotsu hartu du iruindarraren nobela berria, besteak beste, 1998ko saiakera-eleberri hartako protagonista, Enekoitz Ramirez, berpiztu duelako kontakizun berrian. Baina agian espektatibak goraxeegi jartzeagatik beragatik, ez du erabat asebete Zintzoen saldoan lan berriak.
Interesgarria du nobelak abiapuntua: Ramirez, beste kide batzuekin batera, eliteko euskal sukaldarien jatetxeetan paloak ematen ibili da. Sukaldari bat hilik agertu dela eta erruduntzat joa, kartzelatik sartu-irten laburra eginda libre geratuko da, abokatu baten eskuzabaltasunari esker. Ezer ez da debalde, jakina, are gutxiago eleberri beltzetan, eta aske geratzearen truke sukaldarien munduan, eta orotariko jende-klasearekin nahastu beharko du protagonistak. Badu, beraz, bestelako parekotasunik nobela berriak Camembert helburu harekin, protagonistaz gain: kutsu poliziako eta beltzeko ikerketa baten aitzakian kultur esparru baten gaineko gogoeta eta kritika zorrotza bilatu du Alonsok batean zein bestean (arte garaikidearen esparrua batean, sukaldaritzarena bestean), mundu horien tripa ilunetaraino jaitsita.
Desberdintasun nagusi bat ere badakar, baina, Zintzoen saldoan honek Camembert helbururekiko, hots, oraingoa nobela beltzaren egiturari estuago lotzen zaion kontakizuna da, ez nobelaz mozorrotutako saiakera. Pisu handiagoa du tramak, beraz, erritmoa ere biziagoa du narrazioak, eta leku txikiagoa digresioek. Pertsonaien arteko elkarrizketak, esaterako, oso biziak dira, bikain eraikiak. Haatik, egileak hau nobela beltz soila dela esan badu ere, oraingoan ere ez dio uko egin orotariko gaiak narrazioaren harian josteari, gehienetan hausnarketa mamitsu, txinpartaz beteak eskainiz: egungo sukaldarien pretentsio artistiko eta goranahiez edo Bazkaltzaindiaz (Euskal karma-ko estilo satirikotik hurbil), ezleku antropologikoez nahiz maitasunaren eragin baltsamikoaz. Zintzoen eta gaiztoen arteko banaketaren faltsua eta aldakortasuna da nobelako motibo konstanteetakoa, dela pertsonaien gogoetetan, dela pertsonaien garapenean berean. Aitzitik, nobelaren tramatik gogoetetara maiz dagoen jauzi handiegian galtzen du nobelak, irakurle honen iritzian, sinesgarritasuna eta trinkotasuna. Ez zaio sinesgarri egin abokatuak eta Enekoitzek afari batean Euskaltzaindiaren ospakizun bateko menua edo Cunqueiro hizpide hartzen dituztenekoa, ez eta pistola baten mehatxupean, protagonistak Diario de Navarra-n eskela jartzeari buruz egiten duen bizpahiru orritako digresio ironikoa ere. Era berean, narratzailearen hainbat kezka —diglosiari edo literaturak gaurko gizartean betetzen duen lekuari buruzkoak, esaterako— Jon Alonso idazlearenak begitandu zaizkio, ez Enekoitz Ramirez pertsonaiarenak. Halaber, zenbaitetan istorioak eskatzen dituen bideetatik aldendu eta argumentua bihurritu egiten duela dirudi, egileak landu nahi dituen zenbait gairi lekua egiteko.
Gozatu dut, eta barre egin, Alonsoren gogoetekin. Gozatu dut, halaber, bukaera aldera, nobela beltzago bilakatu eta pertsekuzio eta guzti, generoari estuago lotzen zaionean. Baina tartean erdibidean geratu eta osagai ezberdinegiak plater berean eskaintzen zaizkigula iruditu zait, elkarrekin ongiegi lotzen ez direnak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez