kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Leuropa / Pablo Sastre / Susa, 2002

Tximi susmagarri Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2002-07-13

Luzaro txunditu eta gozatuko gaitu Leuropa aparta honek. Eleberria osatzen duten aldeek oreka elektriko bat erdiesten dute: pertsonaiak kontuz ibiltzeko modukoak dira; estilo mordoiloa oso barregarria da, ezin xelebreagoak Tximiren ateraldiak. Baina kontraste artistiko harrigarria egiten dute abentura tragiko malapartatuarekin, bikain asmatu baitu Sastrek kontagai goibela kontaera irrigarriaz sakontzen. Eta, azak ontzeko, geure garaiko arazo larri bati adarretatik eutsi eta erantzun egin dio.

Leuropa hogeita hamazazpi atalez osaturiko gutun luze antzeko bat duzu, kronologikoki ordenatua. Azkeneko bietan, Tximi narratzaile protagonistak bere egoera presentea pintatzen digu; aurrekoetan, egoera arraro horretara nola heldu den. Hasierako lau ataletan iraganeko kausak kontatzen dizkigu (nola ezagutu zuten elkar gurasoek, nola bota zuten eskolatik eta abar). Baina berehala dator hurbilekoetara (Saki adiskideak bere kamioian afrikar batzuk diru truke ekartzea proposatzen dio, Marokorako bidaia, hango gorabeherak afrikarrak Europara pasatzeko, korapiloaren ezusteko askatzea).

Paradoxaz, paradisuaren ametsa amatatzea heriotzaren pareko sentitzen duten afrikarrak Europara etortzen trumilka ahalegintzen diren garaiotan, Tximik Europara itzultzeari uko egin eta Marokon gelditzea erabakiko du, sarriegi irentsi behar izan baitu Europak pobreari ematen dion marroia. Tximik aurkitzen duen Afrikan, berdea da kalea baztertuentzat, ez hemengoa bezain gorria.

Halaxe ikusten du behintzat auzia Sussuk. Sussu arrain-saltzaile eskizofreniko bat da, herrena. Frantzian zela, zenbait urtez espetxean atxiki zuten, granja bat erretzeagatik atxilotzera zetorkion polizia bati burua txikitu baitzion. Behin libre, atzera Marokora egotzi zuten. Ikusgarriak dira Sussuren agerpenak Leuropa-ko hainbat pasarte estrategikotan. Baliteke berak adieraztea Pablo Sastreren ideiak Afrikatik Europara etorri beharraren inguruan, eleberriko azken hitzetan esaterako: “Zeren bila joan nahi duk? Diruaren bila? Anaia, uztak aberatsek eraman dezatela beren hilkutxetan dirua! Bitartian hango fabrika izugarri batian bonbilla haundi bat fabrikatu ditek eta, haren argiarekin itsututa, dagoeneko eztizkiagu izarrak ikusten…”.

Leuropa-ko pertsonaia nagusiak gizarte antolatutik kanpo bizi dira, galtzeko deus gutxi dutenen askatasun estrainioaz. Gizartean eroso dabiltzanen artean, gehienek ezikusia egiten diete bazterrekooi; bestela, errukirik gabe erabiltzen dituzte, beren sakelak gizentzearren; eta, poxelagarri direlarik, espetxera edo kontinente beltzera botatzen dituzte, edo isil-isilik onartzen dute bota ditzaten.

Hala ere, Sastre trebea da manikeismoa uxatzen, aberats gaiztoak txiro txintxoen aurka. Osterantzean, begira Sakiri: afrikar ezin behartsuago batzuei ahalik eta sos gehien atera nahi die Europara ekartzearen truke. Ondoren, emeak zuzenean putetxe bati saltzeko asmoa du, eta badaki arrek ere esplotaziorik ankerrena nozitu beharko dutela. Europako benetako egoeraz gezurra esaten die etorkinei. Are larriago: Saki sabinianoa da. Afrikar urrikalgarrien artean ere, bada aprobetxategi, zoro eta traidore franko.

Ordea, ezin uka Tximi, kritikak azpimarratu duenez, “mutiko sinple eta maitagarri bat” denik (Juan Luis Zabala), eta haren begirada, “sinple baina zintzoa” (Oier Gillan). Halaxe izan dira definituak santuak: maitagarri, zintzo eta sinple. Santuek bezala, Tximik liluratzen gaitu, ez bide delako bere izaera liluragarriaz jabetzen, bere xarmaz ohartu bezain laster uzten baitio gizakiak xarmagarri izateari. Halaber, Tximiren onberatasun bitxi, nahasi eta irrigarria kutsakorra da, bizitzen laguntzen dizu. Horixe sentiarazten dizu Tximik Leuropa aurrenekoz irakurtzen duzularik.

Hala ere, badu bestelako irakurketa bat, eta Tximirenganako susmoa du oinarri. Tximik gutuna idatzi eta igorri egiten du, Pablo Sastreri berari ziurrenik. Helbururen batekin haatik, zilegi bekigu suposatzea: interesa ez da bekatu. Eta, liburuan barrena ematen duen irudi maitagarri eta sinple hori margotzearren, baliteke Tximik dakizkienak eta bi baliatu izana. Ezizena bera behar baino maizago erabiltzen baitu: ofizialki itxuragatik eta zuhaitzetara igotzeko erraztasunagatik jarri zioten Tximi eskolan. Baina ez da ahantzi behar tximinoa gordinegia dela gizakion zenbait ahalmen erabili ahal izateko: ezkutua, tolesa, gezurra, traizioa. Tximik, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, primate bihozberatzat har dezagun bilatzen du.

Ezin ukatu ugari direla Tximirenaren tankerako ataka latzak inguruotan, eta Tximirena egiantzekoa dela, baina irudi horren osagai bakoitza eta efektu orokorra aztertuta, Dickensen eleberri batetik aterea dirudi: umezurtza, amona gaixoa, eskolatik egotzia, paleta hautsia erakusten duen irribarre amultsua, langile fina, ezaxola diruaz, eskrupulurik gabeko adiskide batek gaiztakeria batean sartua, lotsatia, eskuzabala, euskalduna, animaliatxoen babeslea, txiroen laguna, barkabera… Abertzale ezkertiarrak seduzitzeko mozorro polita. Hamazazpi urteko jendearekin harreman sakona dugunok badakigu zentzuzkoa dela Tximiri piperrik ere ez sinestea.

Liburua irakurrita, ez inuzente batek, baizik inuzentearena egiten duen batek idatziriko autopropaganda balitz bezala, konplexuagoa bilakatzen da, humanoagoa, gaiztoagoa, eta libre uzten du irakurlea Tximik jatorrarena egitearren darabiltzan trikimailuei antzemanez gozatzeko, edota, Tximik kontaturikoaz gainera, edo alboan, benetan zer arraio gertatu ote zen asmatzeko, esate baterako putetxean.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak