« Ihesaldian | Hildakoen bizipenak »
Xake mate / Alberto Ladron Arana / Elkar, 2002
Taula zuri-beltza Igor Estankona / Deia, 2002-07-12
Zuri beltzean imajinatu dudan filme labur bat iruditu zait Alberto Ladron Arana iruindarraren nobela. Beharbada bigarrren mundu gerraren osteko hondar piloetan girotuta dagoelako izango da, edo beharbada xake jokoari egiten zaizkion etengabeko aipamenek sortutako giroa baino ez. Dena dela, Maximilian plazako pertsonaiek taula zuri eta beltza osatzen dute, hori ukaezina da. Ukaezina da, halaber, gerraren itzal luzea itogarriegia dela oraindik bizitza normalaren itxurak egiten dabilen bando galtzaileko jendearentzat. Liburuaren trama bera baino interesgarriagoa egin zait orduko Alemaniari buruzko erretratu txikia: bezperan bonbak jaurtitzen ibili direnak kaleak patruilatzen ikusi, eta gainera aurrera egiteko gogo etsi hori. Bakoitza bere lekua aurkitzen ari den egoera da zerotik hasi behar duen herrialde batean. Protagonistak berak, umea izakeran eta elbarria, krisi hori irudikatzen duela ematen du. Bere inguruan gauza bakarra dago egiazkoa: Angela. Eta beste guztiak maskara arraroak dira, gauza are arraroagoak ezkutatuz. Ez da xamurra halako egoeran inozentziari eustea. Funtsean munduaz jabetzen den umearen istorioa ere bada.
Ez da ahaztu behar nobela laburra dela “Xake mate” hau, eta nobela laburrentzako Agustin Zubikarai Saria egokitu zaion arren horrek zeozer esan nahiko du, duda barik, halakoak trazatu orduko bukatzen direla. Ipuinaren sorpresa eta eleberri luzearen sakontasuna, biak galtzen uzten dituen azpigeneroa da idazlea oso abila ez bada. Gertaerak sano arin doaz baina berauen euskarri izan behar luketen pertsonaiak ez hainbeste. Eta dena urjauzi baten antzera amiltzen denean indiferentzia pitin bat sentitzea gerta daiteke, zaila baita hiru-lau marraren bidez aurkeztu dizkizuten pertsonaien artean gogokoen nor duzun jakitea.
Gogoan hartzeko moduko detailedun liburua da, beraz. Gerra eta mahai jokoa gustatu zaizkit niri, gerra osteak dauzkan aukera eta makurkeriekin nahastean. Baina ezin esan dezaket askoz gehiago eman didanik. Igual ez da gutxi, baina orrialde gehiago behar ditu, sakontasun gehiago, nork daki. Bakoitzak ikusi beharko du hori, “Xake mate” hau aukeratzen badu.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi