« Fly away | Politika-laborategi bat »
Atzerri / Mikel Antza / Susa, 2012
Atzerri Beñat Sarasola / separata.wordpress.com, 2012-10-31
Atzerriko pasarte hunkigarrienetako batean Mikel Antza bera azaltzen zaigu Parisen Montxo Armendarizen 27 horas filma ikusten. Hastapeneko plano luzearekin, Imanolen ahotsa lagun, Donostiako kaia eta Kontxako Badia ikusten delarik, malkotan hasten da herriminak eta lagunminak zafratua. “Filmaren bukaeran negar egitea, tira, baina hasieran!” gehitzen du.
Uste dut Koldo Izagirreri irakurri niola behin Imanoli buruz ziharduela kantaria ezkerreko eta abertzale ez gutxirentzat haien kontraesanen parte dela. Pasarte hori irakurtzen ari nintzela, Mikel Antza eta Imanolen patuak gurutzatzen direlarik, bururatu zait, kurioski, Mikel Antzari buruz ere antzeko zerbait esan daitekeela. Nobelan bertan aitortzen duen gisara, euskal literaturako idazle promesadun izatetik, meniskoa hautsitako futbol jokalaria bailitzan karrera eten eta ETAko buruzagitzara igarotako figura. Aurretik literaturan pertsonaia nobelatua izan den arren —Raul Zeliken Lagun Armatuan—, oraingoan beste inor gabe Mikel Antza bera izan da haren bizitza fikzionatu duena. Honenbestez, bai, barkamenak aldez aurretik hitzari fobia diozuenoi baina Atzerri nobela autofikzionala da.
Idazlea kartzelan dagoela abiatzen da kontakizuna, Ospitalekoaken jarraipena bailitzan kasik, bertako tratu umiliagarriaren narrazio gordinarekin. Berehala egiten du jauzia denboran atzerantz ordea, protagonista borroka armatuarekin engaiatu baino aurreko iluntzera. Argitaletxe bateko bost lagun azaltzen zaizkigu kotxe batean: Antza bera (gidaria), Xabier, Iñaki, Eneko eta Josu. Oreretan afari legea eginda Donostiarantz egiten dute kopa bana hartzera.
Hurrengo egunean, lagunak, neska, familia utzita, muga gurutzatu eta errefuxiatu politiko gisa lehenengo eta klandestinitate betean beranduago, Antza ETAn nola murgiltzen den kontatzen digu nobelak. Tira, xehetasun zehatzak alde batera utzita, gizon bat talde armatu batean nola murgiltzen den, zelako sentipenak dituen, zelako kezkak, nola maitemintzen den, zertaz akordatzen den, zer desiratzen duen, da kontatzen zaiguna. Pisu handiagoa baitu nobelan protagonistaren bizitza, nolabait esatearren, sentimentalak, gora-behera politikoek baino. Eta nago hor dela indartsuen Antzaren narraziogintza, borroka armatuak norbanakoaren eguneroko bizitzan zein ingurukoengan nola eragiten duen deskribatzean. Benetako indarra hartzen du momentu horietan narrazioak. Haren nobeletan borroka armatuak pertsonaien bizi, sentitu, gozatu beharrarekin egiten du talka. Gatazka eremu horretan kokatzen da. Sarritan entzun izan dut euskal gatazkan etakideen bertsioa dela kontatzeko falta dena, eta zentzu horretan, ez dezala inork espero nobela honek ETAren borrokaren justifikazio politiko argudiatu bat-edo emango dionik. Bertsio bat da, nola ez, baina ez galdegin ohi den bertsio mota horietako bat. Atzerri nobela bat baita, fikzio bat azken buruan.
Nobelaren zati handi batek Antzaren Parisko ibilerak kontatzen ditu. Frantsesa eta zinema ikasten hasi eta nola, egoera politikoak bultzaturik, apurka-apurka bizitza geroz eta bakarti geroz eta klandestinoago batean murgiltzen den ezinbestean. Zati horretan kimaketa apur bat gaizki etorriko ez litzatekeela iruditu zait momenturen batean. Pariskoa utzita, fikzioaren eremuetan barneratzen gara gehiago —nahiz eta hori esatea, bai, apur bat abenturatua den-, espetxeko ihesa kontatzetik —halako zirkulu bat osatuz ihesetik ihesera- nobelan zehar azaltzen diren beste hainbat ahotsez osatutako nobela barruko nobela bateraino —Atzerri izenekoa halaber—. Pariskoa murrizketa txiki baten premian ikusi dudan gisa berean geratu naiz David-ek —Antzaren alter ego moduko bat— idatzitako Atzerri kontakizunaren garapen handiagoaren gosez. Bere horretan istorio aski interesgarria izanagatik iruditu zait kontakizun oraindik osatuago bat ehundu zitekeela. Izan ere, maisutasunez kontatuak daude talde klandestino baten barneko segurtasun arauen ingurukoak, kideen arteko mesfidantzak, katramila afektiboak eta beste. Ohartu naizenerako kontakizuna bere amaieretan zen.
Arestian aipatu borroka-pertsona gatazka horien artean, Ospitalekoaken jada agertzen zen gaia izanagatik, oraingoan gai nagusia da idazletza eta engaiamendu politikoaren arteko erlazioarena. Protagonista halako barne-borroka etengabean azaltzen zaigu idazteko nahia eta aberriaren aldeko borrokaren beharraren arteko lehian. Nobela osoa zeharkatzen duen kezka da eta esan daiteke kasik istorioko krisi bakoitza prisma horretatik (ere) irakur daitekeela. Beste ildo azpimarragarri bat maitasun istorioek osatzen dute (neska poloniarrarekin izandako istorio ederra esaterako). Nobelan agertzen diren maitasun istorioak beti daude klandestinitateak, borrokak ebakirik eta pertsonaien kontraesan zein zalantzak azalerarazten dizkigute. Kuriosoa da, bestalde, maitasun istorio horiek topikoak esango ligukeen burkide ar gogorraren iruditik aski aldentzen direla, denek baitute halako ukitu erromantiko-platoniko-herabea, demagun, eta uler bedi ironikoki, Before Sunrise tankerakoa. 60etan egongo bagina amodio burgesa dela esango genuke agian.
Idazkerari dagokionez, Antzak aspaldi erakutsitako finezia berberaz —edo are oraindik handiagoaz— dago idatzia baina bereziki nabarmendu nahiko nituzke tarteka kontzientzia-jario moduan emanak dauden zatiak, irakurlea idazlearen zurrunbilo horretan bikainki sartzen dutenak. Keinu literario-kulturalak ere askotarikoak dira. Batzuk esplizituak —Brodsky, Beckett…— eta beste batzuk ez horrenbeste. Azken hauen artean dago, esango nuke, Izagirreren Metxari keinua (bigarrenez, Ospitalekoaken ageri baitzen orobat) Beñat pertsonaia edo doblearen bidez.
Nobela handi bat, baiki. Meniskoaren aitzakiak ez du jada balio.
Poesia guztia
Safo
Mikel Asurmendi
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres