kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Martutene / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2012

Fly away Leire Zubeldia / Gara, 2012-10-28

Treneko joan-etorrietan irakurri ditut eleberri mardul honen orrietako gehienak. Baita bozgorailuko emakumearen ahotsak “Martutene” (bigarren silaban azentua jarriz) esandakoan burua altxa eta leihotik begiratu ere. Geltoki ondoko leiho berdedun etxe xarmangarri haren hutsunera ohitu dira bidaiariak, eta denboraren poderioz, ez gara porlanezko errepideen lekuan zeuden baratze eta landa zabal haietaz gogoratu ere egingo. Ramon Saizarbitoriak ere nostalgiaz begiratzen dio nobela lekutu duen auzoari.

Martutenen bizi dira istorio honetako bost pertsonaiak. Martin eta Julia Villa Flores-en bizi dira, Martinen familiaren oporretako etxea izandakoan. Idazlea da bera. Aspaldian ez du ezer argitaratu, esku artean daukan nobela bukatu nahi eta ezina tarteko (Saizarbitoriaren alter-egoa?). Julia berriz itzultzailea da, Martinen obrak itzuli izan ditu. Seme bat du, Zigor. Bikotearen harremana bere onenak emanda dagoenean, Lynn, neska amerikarra iritsiko da etxera. Soziologoa izaki, ikerketa bat egitera etorri da Euskal Herrira. Pilarren familiarena den klinikan burutuko du bere azterketa. Lan horretan lagun izango du Abaitua doktorea, Pilarren senarra.

Bi bikote hauen bizitzak, ur geldiak dira, eta Lynn horiek mugiaraziko dituen errotarria izango da. Bera da istorioaren iturria eta motorra. Pertsonaien sentimenduak eta emozioak loratuko ditu: damuak, erruak, zeloak… “Fly away” esaten du Lynn-ek. Izan ere, askatasuna da Lynn, bizkar gainean daramaten zamatik liberatzera bultzatzen dituen aire berria, garbia; helduleku bat ur ustelduetan itotzear dauden horientzat; eta ederra da, eta gaztea; bere urrezko orraziarekin biluzik orrazten den lamia bezain erakargarria, seduktorea; ia-ia jainkozkoa da Lynn. Liburu bat ere ekarriko du: Max Frischen Montauk. Martutenera M gehiago ekartzeaz gain, literaturari eta sinbolismoari atea irekiko dion elementua da hori. Kasualitatez, neska amerikarraren izen bera darama bertako pertsonaiak, Lynn; eta kasualitatez (edo ez), Abaituaren bulegoan ahaztuko du liburua Lynn hezur-haragizkoak.

Pertsonaia indartsua lortu du Saizarbitoriak, eta modu eraginkorrean eleberriaren erdian jarri du. Bera da bi planoak (Julia eta Martinena batetik, eta Abaitua eta Pilarrena bestetik) elkartzen dituen ardatza. Ahots orojakile batek kontatuko du istorioa, batzuetan Juliaren ikuspuntua eta besteetan Abaituarena hartuz. Era berean, bi plano horiek lotzen laguntzen dute Harri eta Kepa pertsonaiek. Harrik, Juliaren eta Martinen laguna izatez gain, Abaituaren eta Lynn-en ikerketa berean hartzen du parte. Kepa, berriz, Abaituaren laguna da, eta ondo ezagutzen du Martin, iraganean burkide izan baitzuen. Bi planoak eta bertako pertsonaiak tentsioan jarri eta tentsioan mantentzea lortu du Saizarbitoriak egitura honekin, pertsonaien alderdi ustelak nabarmen utziz. Tentsio horrek irakurtzen jarraitzera bultzatu nau. Hori bai, egitura horretaz jabetu aurreko orriak luze samarrak egiten dira.

Saizarbitoriaren literatura gosez zeudenak asetzeko moduko razioa dute: 776 orri era guztietako giza harremanez, euskal gatazkaz, medikuntzaz eta medikuen hoztasunaz, nostalgiaz, erruduntasunaz, damuaz, maitasunaz, sexuaz, erakarpenaz, Frisch edota Flaubert-ez, euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez. Hori dena, idazkera jariakor eta ederrez. Saizarbitoriaren estilora, alegia. Lynn-ek esango lukeen bezala “Just relax” and “fly away”.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak