« Zuberoako irri teatroa: astolasterrak | Babilonia, Irigoienen sintesia »
Urtemuga lehorraren kronika / Itxaro Borda / Maiatz, 1989
Urtemuga lehorraren kronika mingotsa Edorta Jimenez / Egin, 1990-01-02
Liburua irakur dezazun, balizko irakurle hori, gomitea izan ledin nahi nukeen ohar sorta txarto josi hau burutzeko, estiloaz ere gauza parea. Kontsentsua hautsi guran edo, estilo berria dakar Itxarok, puntuaketa eta gainerako ikur gramatikalen erabilera. Nik neuk olerkigintzan ikasiriko erritmoa gorde gura ikusi uste izan dut horretan. Egun egiten den gehinentsuenaren aldean, bestelakoa da Itxaroren estiloa. Ez da makala hori. Galdera bat baino ez hemen. Azkue bilakatuko ote da ortodosiaren ikur eta heterodosiaren arerio? Ez deritzot bidezko.
Jainkoei sua kendu gura izan die Itxaro Bordak. Kixkali egin da. Eta bero horren apur bat ekarri du “Urte muga lehorraren kronika” honetara. Liburuak, bada, erre egiten du. Euria eskatzen du, aldarrika. Eta azken harrikada jaurtiz, Itxaro Bordaren independentziako agiriak bost pundu ditu. Bigarrenak diona kopiatuko dut. Gainerakoak, zuk zeuk: “haize hegoak mugatzen du gure lurra./ beste berririk ez dugu nahi./nagusirik eta jainkorik ere ez.
Duela laupabost urte, Xabier Montoiak Urtekarian —Argia aldizkariak egin ohi duen horretan, jakina— iragan urtebeteko balantzea egitean, Itxaro Bordaren “Basilika” nabarmentzen zuen, esanez, ba ze euskal nobeletarik barre eragin zion lehena izan zela hura (Eta buruz idazten ari naiz). Durangoko azken azokara liburu berri bat besapean etorri zaigu emakumea, aspaldiko haren ildo beretsuan. Liburu mingotsa, inkorformista, zeingura botereren aurkako salaketa, garai honen lekuko biluzia, ez inori ez ezeri amore eman gura ez dion betiko Itxarok ekarri diguna.
Kronikatzat jotzen da liburua tituloan, gero, azken orrialdean beste zera irakurtzen bada ere:
Nobela bitxi honetan agerzen diren pertsonai, eta gertakariak oro asmatuzkoak dira. Baldin zerbait antz aurkitzen bada, benetako personal edo gertakariekin, zin egiten dugu, kointzidentzia hutsa dela.
Nobela, elaberria nahiz kronika, ez da erraz sartzen eskema klasikoetan. Egia dena, hori bai, beste zera da, benetako pertsonai eta gertakarien zerbait antz aurkitu dudala nik neuk liburu honetan, eta irakurle orok ere aurkituko duena ziur nago. Kontua da, izenak eta,aldatuta ageri direla, aintzinako filmetan legez. Ikasia du nonbait egileak izenak idazteak ekarri izaten duen egurra zelakoa izaten den.
Liburuko atalburuan Itxaro Bordak ezarri dituen sarrerek ederto adierazten dute zeintzu poloren artean ibiliko den bera liburuan barrena. Sortherri eta maitearenganako mina dago, batetik:
“aira banindadi
ainara bezala
ardura joan naike
maitiarengana.”
eta,
“itzuliren naiz euskal herrirat
berriz jitian urtxoak
larrazken batez haize hegoak
gorritzian iratziak.”
(E. Etxamendi)
Bestetik, Seferis-en olerkia:
“erraten ziguten, irabaziko duzue/
zuen bizitzak abandonatuko dituzuenean]
gure bizitzak abandonatu ditugu
eta hautsa aurkitu dugu-.”
Amaitzeko, Tere Irastortzaten beste aipu hau dakar:
“zer bestela/
ogitartekoa eginen dut gorrotoaz/
zer bestela?
Bada, gorrotoa erribindikatuko du Itxarok hemen, hautsa besterik aurkitu ez dugunoi geratzen zaigun armatzat. Silvio Rodriguezek ere aldarrikatuta zuen gorrotatzeko eskubidea. Eta Montoiak. Hots, laikotasun benetakoak, Eliza ororen irakaspenetatik urrun. Zeren sarritan ematen bait du oteook ere kristauak garela, etikari dagokionez, halako kontsentsu bat dagoela gure gizartean, ideologiez landa. Hala bada, “kontsentsua” dugu giltzitza hemen.
“Zer da ‘denak anai gara’ hitzaren konsensus kargaren balioa, festa orotan, sitema biren bortizkeria ezin jasanez, edo ezin ezkonduz dabilan neska zein mutilaren mozkorraldi ankerraren aldean? Zer da euskara sofistikatu, aberats baten balioa, igandero Baionan, lanerako treina hartzen duenaren aldean? Abertzale zintzoak ez ditu eskuak, munduko kaka honetan, zikintzen. Ikuspundu hontarik, gure gizartea, osoki kobardea da”. (80. orr.)
Lerrootan dagoz laburbilduta liburuan aurkituko ditugun kronikak edo kapituluak, Baiona dutelarik guztiek jokaleku. Beste Baiona bat, hegoaldetik begiratzen duten begiei helduko zaiena, Bilbo bezain eskizofrenikoa, formato txixkiagoan. Horretara, Hegoaldean Iparraldeaz egin dugun irudi kontsentsuatua, hautsi egiten da. Iparraldea ez da hitz bitxiezko altxorrak gordetzen dituen “euskalerriesotikoa”, bestelako mundu hemengoa baino.
Kronika hau Frantziar Iraultzaren bigarren mendeurrena burutu zuen urteari dagokiona da, lehortea nagusi izan zen urtekoa,alegia. Bada, Iraultza horren “grandeur” horri barre egiten dio.Regionalismari kaka ateratzen dio eta kaka ateratzen dio, baita, giza eskubide ororen berma omen den Frantzia handiari. Estradituak, kartzelaratuak, gendarmeak ikastoletako gurraso eta haurrak jipoitzen kalean, euskaldunak bezain arrotzak diren portugaldarrak morroi bihurtuta portuko tabernetan, debekaturik diren amodio eta amodiobideak… eskubiderik gabeko diren “bestelakoen” bizimodua erretratzen du, argazki laburretan, Itxarok.
Elkarrizketetan euskara kalekoa erabiltzen du egileak, Baionakoa edo, frantzeskadaz betea; hautsi egin gura bait du kontsentsu horretan ere. Nik neuk zailtasunak izan ditut elkarrizketa horiek ulertzeko baina ondo hausnartutako estrategia literario baten barruan kokatuta ikusi ditut. Liburu hau, estrategia hitza. aipatu dudanez, militantea bait da. Eskutitza idazten dion Elena, gartzeleratua, militantea den beste era batetara, noski.
Zirikatzailea da liburua, lumaren militantzia honek jaurti ditzakeen proiektilak ziriak izaten bait dira benetakoen aldean. Ziria nori sartu, berriz, ez du arazorik horretan Itxarok. Kontsentsua hautsi behar bada, azken ondorioetaraino hautsi behar delakoan, euskal Arkadia Berria eta lehortea bizi duen lparraldea elkarri kontrajarrita ikusten ditu: “Garruze gaineko kurutze gaztain kolorean, Jesukristo bera nekez zegoela zirudien, eskuaz kopetako izerdia nola xuka ez zekielarik… Bitartean, euria egin zuen, Obaban.” (44. orr.)
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres