« Urtemuga lehorraren kronika mingotsa | Odoleko eskifaia »
Babilonia / Joan Mari Irigoien / Elkar, 1989
Babilonia, Irigoienen sintesia Edorta Jimenez / Egin, 1990-01-09
Kritika inpresionista, deritzan horrek ez du izen honik gure artean aspaldion. Gainera, edozer esanda ere, egurra etorri ohi zaio burutik behera inpresionistari. Hala bada, nork ezer esan inori minik eman gabe? Areago, kritigagai edo aztergaitzat hartzen dugun lanaren sortzailea, norberaren ezaguna denean, zelan askatu barrua, buruan lana huts-hutsik izanik? Ezinezkoa da nire eritzian.
Juan Mari Irigoien Durangoko azken Liburu Azokan ikusi nuen. Elkarren alboan izan ginen, jezarrita eta hitz egiten. Hala da ze, haren azken nobela hau irakurtzean, Babilonia izenekoa alegia, egilearen aurpegia eta oro har, egokera bera izan ditut hegaka gogoan, txori, inondik ere uxatu ezinik.
Estiloa du Juan Mari Irigoienek. Estiloa jezarkeran edo berbakeran eta estiloa idazkeran ere. Azken nobela hau irakurtzen hasi eta Juan Mari Irigoienen estiloa ageri da. Hortaz ustebakorik ez horretan irakurleak. Estilo hori, perfumeen kasuan bezala, ez da erraz deskribatzen, behingoan igartzen den arren. “Hau zera da”, esaten da, eta kitto! Ostean etorriko dira —eta etorri beharko dira, etorri— kritikak sakonak azterketak eta enparauak. Estiloa, dena dela, ez dute, dohan ematen. Landu egin behar izaten da.
Laugarrenez landu du Irigoienek bere estiloa honez gero. Eta “estilo bat” lortu duela aitortu beharko da. Babilonia irakurtzen hasi eta Irigoienen azken nobela edo azkenaurrekoa irakurtzen nagoela eman dit, hain da bat estiloa. Irudi poetikoak —naturako izakiak eta gizakiak magikotasunez buztartu guratik sortuak—, indar telurikoen agorrera etengabea, legendaren indarra eta beste ageri dira hor. Eta behin honaino helduta, halako rezesua egin behar.
Liburu honetako lehen berrogeitamar orrialdeak burua nekatuz irakurri ditut. Halaxe gertatu ohi zait Irigoienen beste hiru elaberritan ere. Zerbaitek aurrera jotzen behartzen nau, ordurarte irakurritakoa atsegin izan ez badut ere. Udazkenaren balkoitik izenekoa gau bakar batean irentsi nuen, hala eta guztiz ere ez nuke gogoko izan nuenik esango. Aurkakorik ere ez nuke esango, ez. Armagabetu egin ninduen, nolabait esatearren. Oraingoan ere, armagabetu egin nau, gero, hainbeste egunen buruan, sakoneko mezuari heltzeko era etorri bazait ere. Ez du meritu makalik egileak, halako nobela luzean barrena hasieratik amaieraino jezarraldi batetan irakurri eragitea inori.
Hasieran, bildur izan naiz. Poliedroaren hostoak hartan saiaturiko kontabide bikoitza errepikatuko ote ez ote. Eta bai, errepikatu egiten da baina manikeismoaren jokoan sartu gabe, aldiz. Anaia bi jarri ditu aurrez-aurre Irigoienek, zer eta nor berberan inguruan dantzatuz “heriodantza” biak.
Baserrietxe bat bera, emakumezko bat, zaletasun berberak umetarik, gertaera guztien ardatza dira. Tentsio-hari hori osatzen duen hirugarren puntu bat ere agertzen da, hala ere.
Hortxe dago hirugarren anaia, lekukoarena egingo duena, narratzailea hain zuzen. Elkarren aurka topeka —aharitxoak legez hasieran eta zaldun apokaliptiko gisa akaberan—, anaia biak gero eta grinatsuago, gero eta elkarren ezberdinago, joera politikoetan ere ze, mutur ezberdinetako bihurtuko dira, hau da, liberal eta karlista. Horraino heldutakoan, bildur izan naiz berriro ere. Karlista topikoa eta liberal topikoak agertzearen bildur, alegia. Ez da halakorik agertu, ordea, tiroek ez bait dute alde horretarantz jotzen.
Parabola mingotsa eraiki nahi izan du Irigoienek, hurrean. Hondamena noiz eta non etorri izaten den, bada, elkarrenak aditzeko eta ulertzeko gai ez diren digante itsu bik norberarenari eusten diotenean. Irigoienek halako zeozer esan gura digula susmatu dut.
Alde horretatik begiratuz gero, indarkeriaren salaketatzat har liteke elaberria. Indarkeria-horren sustraiak protagonisten baldintza genetikoetan dagozenez gero —trebetasun-lehiak ekarriko ditu aiherra eta bekaizgoa— indarkeriaren gakoa “geure ahalmenez kanpo diren baldintzapenetan” datza, antza. Hala bada, nobelan, indarkeriaren eta, ondorioz, hondamenaren zioak sikoindibidualak dirateke, labur labur esanda.
Badakit jakin, literatur lanak interpretapen ezberdinei bideak zabalik utzi behar dizkiena ere. Hortaz, Babilonia hau ez ote da Euskal Herria bera, anaia biak, karlista eta liberala, betiko euskaldun elkarri oldartuak, eta hondamena. —Babilonia bibliko hori oihartzunez beteta datorkit gogora: jainkoa, harrotasuna, zigorra versus Bob Marley, eta Rasta-en Paradisua— gaur egun ere bizi ei dugun hondamena?
Indarkeriaren sustraiak norberaren bihotzean hasten dira, bai, baina barru-landareak diren bekaizgoa, gorrotoa eta halakoei begietan zehar etortzen zaie argia, zentzumenen bidez ura eta, azkenik edo, pairamenak ekartzen die ongarria. Garbiago esanda, ingurunearen eraginei begiratu beharrean, barne-korronte sakonei begiratu die Irigoienek. Beraren hautaketa izan da. Errespetagarria, beraz eta berez. Alabaina, kanpokoa eta barrukoa non diren bat, lekune dialektiko hori ere badago, egon. Bestela esanda, karlistadak ez dira besterik dekoratua baino honetan.
Etiketak ipintzen hasiz gero, dekoratu horretan eta esandakoak esanda, nobela hau erromantikoa dugu ezinbestez ia. Egunen batetan, zertan ez? Euskal Telebistak telesaila ere aterako du hemendik, “Erreka-nobela” idazteko gai den Irigoienen azken honi “saga” bokazioa igarri bait diot.
Laupabost lerrotan laburtzeko, orain arte Irigoienek idatzi duen hoberena, betiko lelo, tema, hildo eta abarrei atxekita. Ziklo baten amaiera, nik uste. Oilarraren Promesa eta Udazkenaren balkoitik autobiografikoak izan baziren, eta, Poliedroaren hostoak sustraien bilaketa eta eskematizatzea izan bazen, oraingo honek, sintetizatu egiten ditu hirurak, baita alderdi formalei dagokienean ere. Azken hori, bestelako kontua da, aitzitik.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres