« Azkueren eleberri argitaratu gabe bat eskueran | Egiaren egarriz »
Laberintoaren oroimena / Jon Kortazar / Baroja, 1989
Aro gogorrak lirikarentzat, oso gogorrak Omar Nabarro / Egin, 1989-05-23
Norberaren lanen bat ere aipatu eta —nolabait baino ez bada ere— epaitu egiten den ezein liburuz mintzatzeak ausardia dirudi. Egin egingo dut, hala eta guztiz ere, beharrezkoa den eritzi-talkari neure ekarpentxoa egitarren baino beste ezergatik ez bada ere.
“Laberintoaren oroimena” ezarri dio izena liburuari Jon kortazarrek. Inoiz tituluek ezer adierazi izan badute, oraingoan argi bide dago, euskal gizartea bera nahiz bertoko poesigintza, bata zein bestea dira laberintoa. Azpitituluak zeatzago dio, “Gure garaiko olerkingintzaz” idatzi bai du hor Mundakakoak.
Liburuaren gainean nik neuk esan behar dudan lehen gauza da guztiz beharrezkoa izan dela Jonek azken urteotan hor hemenka sakabanakatuta argitaratu dituen lanak denak batera argitaratzea, horrek multzoaren ikuspegia ematen duelako, behinik behin. Josu Landak “Gerraondoko poesiaren historia” argitaratu zuenetik hona ez dugu beste saiorik ikusi, harik eta Donostiako “Barojak”azken hau atera duen arte. Itxarotekoa da bigarren honek Josuren beste hura berrirakurtzea eta gaurkotzea eragitea, argi bait dago gure garaiko euskal poesigintzaz liburu biok eskaintzen dituztenak elkarren bestelakoak direna.
Literaturzalea izan da beti Jon Kortazar, olerkigintzari leku berezia eskeini diola bere lanetan. Ahalegin itzela egin zuen Lauaxetaren lana aztertzen, horren ondorioz argitaratu zuen dotoradutza tesiak frogatzen duenez gero. Gerra aurreko poesigintzari eskaini zion begiradak laster izango zuen jarraipena, gerra ondoko poesiaren eremura luzatuta. “Reduccions” aldizkariak argitaratuko zuen, euskal olerkigintzaren Catalanezko antologiarako sarreratzat, orain liburuaren lehen kapitulua den “Gaurko euskal poesiari sarrera“. Artikulu honen baliorik handiena, nik uste, Euskal poesiarekiko halako eskema sinesgarria eskaintzea da. Eskemak, aldiz, lehen pausutzat onartu izaten dira, ez besterik. Haustekoak izaten dira. Hara hor, bada, egin beharreko beste lan bat, hots, eskema hori gainditzea.
Lehen saio hori Pott bandarekin amaitzen da. Aztertu edo aipatu gabe geratzen da, horregatio, ondorengo euskal poesia. Laugarren saioan ekingo dio zereginari Kortazarrek. Bitartean, alabaina, beste saio bi dagoz. Liburuko bigarrena denak “Gaurko euskal poesiaren ikuspegi baterako” izena du. Lehen saioaren berdintsuegia da eta, horrexegatik, lekuz kanpo edo beharbada. Dena den, Jonek berak eraiki eskemarekiko atxekimenduaren adierazgarritzat dator ondo saioa. Dena dela eta datorrena datorrela, hitzaurrean bertan esaten zaigu ez dela hau jarraian irakurtzeko liburua.
“Konpromezu poesia Euskadin” saioa aginduz idatzi zuen Jon Kortazarrek, hitzaurrean esaten digunez. Berriena da bera, 1987an idatzi bait zuen, lehena 1983koa den bitartean. Bestalde, argi utziko digu egileak ez dela poesi-mota hau berak atseginen duena. Argitu egin gura izan digu, baita, “hiru kontzeptu nahasteko ohitura dago(ela) gure artean: konpromezu poesia, poesia soziala eta poesia politikoa”.
Ondoren, ñabardurak zehazteari ekiten dio. “Konpromezu poesia —dio— errealitate historikoarekin zerikusia duen gaia ikutzen duena izango litzateke (…), poesia soziala edo sozial errealista, utopia sozialistaren ideien pean ematen dena da (…), eta azkenik poesia politikoa alderdi politikoa, alderdi politiko zehatz baten alde idazten dena da”.
Sailkatzeko ahalegin guztiak arriskugarriak izaten direla eta, nik neuk galdetu behar dudana da nork ez duen bere errealitate historikoarekin zerikusia duen gaia ikutzen, atal honetan Jon Kortazarrek sartu dituenak ezezik besterik ere bait dago halako joerekin. Interesgarri deritzot, horregatik, “ikerketa honetan idazle bat kokatzeko orduan erabili diren erizpideak” (J.K.) direlakoez gogeta laburra egiteari.
Hiru dira erizpideak, eta hirurak, nik uste, agiriko konpromezu-poesia egiten ez duteneekin ere erabilgarriak. “Ideologia, ideien historian barnean eginiko kokapena” dugu lehen erizpidea. Polita litzateke hau beste poeta guztien kasuetan ere egitea, nire ustez guztiz inportantea bait da, esate baterako, abadea den idazlearen poesigintzan mito kristauek duten eragina, mitooi darien ideologia —alienatzailea gehientsuenetan— eta halako beste asko aztertzea. Azken batean kontua oso arrunta da, denok dugula kokapenen bat ideien historian barnean, nahiz eta garrantzia ezkerretan gagozenon kasuan baino beste inoiz ez eman.
Bigarren erizpidea “mintzaira poetikoaren egoera eta tratamendua” da. Hirugarrena, aldiz, “errealitateari buruzko intentzionalitatea”. Hara berton, hirugarren erizpide honetan, gakoen gakoa. Erizpide hau guztion kasuetan hartu beharko litzateke aintzakotzat, nor non dagoen argiago jakin dezagun, denok bait gara non edo non. Areago, mezuari garrantzia ematen ez dion poesia “estetikoak” ere mezua du eta, nik neuk, estetikari ematen diot garrantzia mezuari barik, nahiz eta nireak ez diren mezuak ez erabili, begibistakoa denez (nik neuk behintzat, mezua berez datorkidanez, formetan egiten dut ahalegina). Ildo horretan, Porrotaren estetika lantzen duen ideologiaren funtzio soziala, adibidez, zein da lagunok? Ez ote da: “Hidra” izugarria den estatu hau garaitezina denaz frogak eskaintzea, koartadak eraikitzea, etsipenaz- kutsatzea, beste laumila mendez iraundezan? Politak dira antiheroeak, oso estetikoak- galtzaileak, bai. Ni neu ere bat nator horretan. Galdera, aldiz, horren funtzioa zein ote, ez da besterik. Ni neu ere etsituta bizi naiz eta ez dut Utopiarik sinesten. Nire etsipenaren iturriak garbi ditut, alabaina. Euretariko bat da, bai, toleantzia aldarrikatzen dituztenen aldizkari, Unibertsitate, telebista eta abarretako erakuslehioetan nortzu agertzen diren eta nortzu ez, hori hain klaru ikustea. Klaruak klaru, lan hau luzatu egiten zaidala ere klaru dago. Hurrengoan izango du jarraipena.
(Egin, 1989-05-30)
Iragan asteko zatian esanda geratu zen, bada, “Laberintoaren oroimena” osatzen dutenen saioetariko laugarrenean eskaintzen zaiola “Euskal Herriko olerkigintza gazteari begirada”, izenak berak dioenez behinik behin. Jakin badaki Jonek “lurralde irristatsua” dena hau baina, sartu egingo zaigu horretan, “arrazoiak azaltzen jarraituz —diosku— zera esan nahi nuke: bazela Euskal Literaturaren Historian ohitura bat kondaira guztiak gerra-aurrean bukatzeko. Modernoagoak egin garenean, Literatuaren Historiak Atxagarekin bukatzen ditugu, eta olerkigintzaren historiak Etiopiarekin, Sarrionandiarentzat, gehienez ere, eranskinaren tokia gordetzen dugularik” (102). (Hala diolarik egileak, bidenabar baino ez bada ere, “Historia osotu beharra” versus “sortu berria bataiatu arte sailkatzen ezina” edo natura estaltzen duten museoen barru-kontraesenaz (Durrell naturalistaren hitzez) zeozer esateko noiz edo noiz astia ere hartu beharko dela ematen dit). Harira jota atzera ere, saioaren asmoa azalduko digu ondoren Mundakakoak: “Etiopia kontutan hartuz, poesiarik gazteenak zer egiten duen, zein liburu agertu diren gure artean, zein tendentzi nagusi agertzen diren zehazten hastea” ei da oraingo lanaren helburua. Helburua itxuraz argi eta zehaztuta badago ere, hasieran behintzat, ez dakit nik ez ote den bere buruarekin nahasta izan Jon, azkenean ez bait da zenbait libururen irakurketa baino egiten, batetik; bestetik, egileak berberak azaltzen digunez, Etiopiaren aurretikorik ere agertzen da. Poesia gaztea ala Etiopia osteko poesia, bata ala bestea aukeratu behar izan zukeen, nik uste. Areago, Jonek berak dio (110. Orr) bere gaiaren eremua oso zehatza izango da. “Poesia berria, eta ez horrenbeste poesia gaztea. Esan nahi dugu ba, hemen azalduko duguna zera dela, Etiopia ostean sorturiko poesia, eta zehatzago poesia liburuak. Halaz ere ez dirudite mugak ondoegi jarriak… esan nahi dugu, bai Etiopiaren ostean idazten hasi zen jende gaztearen lana aztertuko dugula, eta baita liburu horren ostean hasi zen jende berriaren lana ere, bere adinari askorik begiratu gabe…”.
Zati luzeegitxoak aldatu ditut hona, nork daki, beharrezkoak direlakoan. Ez dut, aldiz, saioaren edukiaz hitz egin, ez eta egingo ere, helburuaz baino. Dena dela, eta hainbat bider irakurri ostean balizko akatsak ikusten dituen lagunaren eritzitzat jo bitez guztiok, arren, urte mordotxoa igaro zaigu Etiopiatik hona eta, zelan esan?, “Poesia gaztea” esateak dakarrena da zaku berean sartu behar izatea benetako gazteak eta ez hain gazteak ere, hitz bigunez esanda. Espainara errefentzi bila —hortxe dago aipatzen den Urogalloko antologia hori— sarritxo jotzen duen Jon berberak, aldizkari horretan agertzen diren poeta gazteen adinak eta gureak elkarren alboan ipiniz gero, ea zein litekeen aldea! Mamiaren aldetikoagorik franko geratzen da hor eztabaidarako. Hala ere, diodan irakurleak izan ditzakeen inpresioetariko bi, hurrenez hurrenekoak izan barik aitzitik, Espaina aldera sarritxoegi begiratzen duela, baga, eta Atxagaren omnipresentia itogarria ere egiten dela, biga. Egilea bera konturatu dago lehenaz, aitortu egiten bait du. Bigarrenari dagokionez, ez dakit Jon nirekin ez eta bat edo milarena ote datorren ere. Galiziar eta Catalunyara begiratzea, Espainara begiratzeaz gain, egileak susmatu egiten duen laurotako hizkuntzetan egindako olerkigintzen arteko antzekotasunak eraginda edo egiten du. Atxagaren agerrera etenbakoari dagokionez, zer esan ez bada eskubide osoa dugula guztiok norberak norberaren idazle gurenei ekiteko. Hala da ze, bere gogoko hiru idazle aukeratu ditu Jonek azterketa bana eskaintzeko. Zer esanik ez, eta duela zenbait lerro dela esandakoaren harian, Atxagari eskaini dio hirurotarik azkena, liburuari amaiera zigilua ezarri diona,alegia. Bitartean, Mirandek eta Juan Mari Lekuonak dute lekua liburuan. Lanoi buruz esateko dudana ez da lar. Hala ere, ez dut abagadunea alperrik galduko beste zeozer esan barik joaten utziz.
Zilegi bekit, bada, inguru zabaltxoagoan galtzea lerroartean, Jonen liburua irakurtzean, Mirandek gurean duen garrantziaz aspertzen garuneko nanoak, behin eta berriro akordura etorri zaidan gaiari ekiteko, setatiok eta zabalak elkarrenetik bereizteko baliagarri izango dugulakoan laberinto honetan (Nik neuk aintzina idatzi nuen neure izena laberintoko hormetan) edo who is Who de-la-señorita-pepis gurean.
“Es innegable, sin embargo, que en los últimos años se ha apoderado de los escritores más jóvenes un entusiasmo por la obra de Mirande, dificilmente explicable si no se pone en relación con el comportamiento patológico de un importante sector del nacionalismo radical”. Jon Juaristiren hitzak dira, Taurus argitaletxeak plazaratu zion “Literatura vasca” liburukoak. Jon Kortazar ere jokabide patologiko horrexen menpe bizi bide da, andana luzeko azkena izanik oraingoz, idazle banari eskainitako hiru saioetariko lehenean paristarraren lanari ekin bait dio. Aurrerago, Andolin Eguzkitza, Joxe Azurmendi (hain da gaztea!), Txema Larrea, Imanol kantaria, Jose Agustin Arrieta. L. M. Mujika eta bat edo beste izan dira Miranderi ekin diotenak. Jon Juaristiren begi zorrotzaren lekuko dira eta, bide batez, zezenlarruko erdaldunei bazkatzat eskaintzen zaien paper-lasto ederraren erakusgarria.
Honen aurrean, eta pasadizo xelebre edo halakoek azpiko korronteen adierazgarria direlakoan nagoenez, galdetu egin gura dut, gogotsu eta lau haizeetara —pluralean— begira, nork noren aginduz edota laguntzaz non argitaratzeko noiz zelako historiak eta, saioak egiten dituen nongo literaturaz, hots, galdera guztiak egin nahi ditut, liburu guztien aurrean.
Amaitzeko, nola Hego Euskal Herrian, batez ere, urteotan egin den poesiaren bidez gure laberintoan gidatuko gaituen Ariadnaren haria harilkatzea izan bait duen Jonek, halaxe proposatu behar da beste irakurbiderik ere, guztiak interesatuak eta lerratuak direna zinez sinestetuta. Guztiak izango dira egiazkoak —hara hor Sarriren “Ni ez naiz hemengoa”z esaten dena liburuan— guztiek azalduko bait dute zeinek bere egilearen egiazko zeozer, bere subjetibitatearen islada, alegia. Hori subjetibitate hori, laberintoko gatazka objetiboetan gure burua kokatzen laguntzen gaituen subjetibitatea da, besteak beste. Zain gaitu liburu honek, nik zirriborroan azaldu ditudanak eta beste hamaikatxo jorratzeko. Ea nork eusten dion.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres