« Esperimentu luminikoa | Steinbeck: shock eragilea »
Kamaleoiaren pozoia / Iurgi Urrutia / egilea editore, 2012
Ziber espazioan Igor Estankona / Deia, 2012-06-30
Smaswords webgunean eskegi du liburua Iurgi Urrutiak (Baionan jaioak, Melbournen bizi denak eta bihotza Hernanin daukanak). Doanekoa da on line irakurtzea zein jaistea, eta mundua bizileku daukanak mundu zabalari egiten dion ekarpen poetikoa da: “Gaztetatik sentitu dut idazteko beharra. Idaztea, askotan, bakarkako lana dela esaten da, eta hala da, baina ni beti lagun berezi askotaz inguratuta sentitzen naiz. Idazterakoan nire sentimenduak, gogoetak, eta eguneroko bizitzaren hausnarketa bat egiten dut batzuetan; bizitzaren zentzugabekeria ulertzen saiatzen naiz bestetan”. PDF-an ordenagailuetan, ePub formatuan Kindle eBooketan edo iPadean, Iurgi Urrutiaren lana gero eta muga gutxiago dituen sorkuntza partekatuaren adibidea da, bere argi eta ilunekin.
Ziber espazioan barreiaturikoa izanagatik, beroa eta hurbilekoa da Kamaleoiaren pozoia. Pozoirik ez duen animalia horren arriskuaz ohartaraziz bezala, nortasunaren inguruko gogoeta bat ere bada, non kolorez aldatzea, disimuluan ibiltzea, euskalduna ez izatea munduan, izan daitezkeen orientazioa galtzeko eta nahasmendurako ate: “Zuek, bakearen maitale hotz, lizun ta lerdenak / Gorrotoaren su garbiaz borboilean zaudetenak / Maitasuna ta gorrotoa bereiztu al ditzazkezue? / Ispiluan isladatzen den ahotsa entzuten al duzue?”.
Poesiarekin egiara hurreratzeko helburuarekin eta idazkera libre eta automatiko batekin dator Kamaleoiaren pozoia. Horrek freskura ematen dio, norberarentzat idazten diren gauzek izan ohi duten arrisku puntu hori bere gain hartuz. Bilduma heterogeneo honetan aurkituko ditu irakurleak maitasunari buruzko malenkonia, idealismo xalo baina kontziente bat eta, batez ere, zintzotasuna eta norbere buruarekiko fideltasuna, ideal bihurturik: “Aurrera pausoak egiten ditugula esaten diogu elkarri / Baina espiral itsuetan galduta gabiltz gaur eta beti / Iraganetik ikasi gabe, oraina onartu gabe / Borrokan beti, odola ezin hase, / Ta halere inoiz ez gure buruaren jabe”.
Pentsatzea, sentitzea, eta norbere lanabesak erabiliz idaztea modan ez dagoen garaiotan, non profesionalizatu egin den artea bera, Urrutiak mugak hautsi nahi lituzke. Iristen zaizkion berriekin eta bizitzak oparitutako esperientziekin bere barnera begira jarri da idazlea, eta kontatu digu, finean, denok behar dugula eduki nondik hustu, nondik arindu zorabio sentsazio hau. Artea (filmak dira bere grina) urpekaritza pertsonal hori egiteko baliatzen du. Munduan gertatzen dena pantaila batek iragazten digun garaiotan, zaila da bereiztea ahalegin zintzoa eta bat-bateko nahikeria. Iurgi Urrutiak dakarkiguna egiazkoa da, ostera, teknikari larregi begiratu gabe dasta daitekeen zerbait.
Hala ere, Kamaleoiaren pozoia honetan sakonduz enpalagu apur bat ere sentitu dut uneka. Editorerik atzean ez egotean ez du zertan produktua balioz gutxitu, baina kasu honetan faltan bota dut esku bat (dela editorea, dela zuzentzailea, edo aholkularia) hainbeste idealismo eta uste handi apalduko dituena apur bat. Ale bikainak daude liburuan, lehen aipatutako bizitasunari esker direnak efektiboak: “Bide ezezagunetan barrena / Erraiak saltzen ditugu / Iraganari muzin eginez / Ikasi gabe / Noraezean / Aurrera”.
Beste ale batzuk, ordea, ez dute maila ematen. Eta batez ere kontakizun moduan tartekatzen dituen narrazio-apurrak dira liburua moteltzen dutenak. Nire iritzia baino ez da, baina froga behinena iruditzen zait edizio-lanaren alde egiten jarraitzeko, jadanik asko zabaltzen ari diren interneteko proposamen iragazi bakoen aldean.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi