« Donostiako maskorraren azpitik | Gogoeta eta desira »
Fahrenheit 451 / Ray Bradbury (Nagore Tolosa) / Txalaparta, 2011
Egiaren bila Ander Irizar / eizie.org, 2012-06-11
Ray Bradbury hil dela jakin dugun honetan, bere Fahrenheit 451 etorri zaigu gogora, hori baita, The Martian Chronicles kontakizun-bildumarekin batera, idazle estatubatuarraren obrarik ezagunena. Orain bi urte argitaratu zen euskaraz Fahrenheit 451, jatorrizkoak argia ikusi zuenetik ia hirurogei urte joan ondotik. Iruditzen zait, ordea, inoiz ez dela berandu horrelakoak ekartzeko gure letretara; izan ere, obra klasikoa dugu Fahrenheit 451, urteen joanak kalterik egiten ez dien horietakoa. Zientzia fikziozko nobela distopikoa da; alegia, etorkizun utopikoa ez baizik oso bestelakoa aurkezten diguna. Kasu honetan, gizarte moderno alienatu bat, gizarte hedonista lokartu bat, non liburuak debekatuta dauden eta suhiltzaileen zeregin nagusia ez den suak itzaltzea baizik eta liburuak erretzea. Suhiltzaile horietako bat dugu Guy Montag, liburuko protagonista.
Sarritan aipatu izan da zentsura dela liburuaren gai nagusia, baina Bradbury bera haserre agertu izan zen interpretazio horren aurka. Berak zioenez, telebistak liburuei egin ziezaiekeen kaltea erabili omen zuen gogoan liburua idaztean. Edozein modutan, eta eztabaida hori alde batera utzita, ugari eta interesgarriak dira liburuak planteatzen dituen hausnargaiak: gizartearen eta gizabanakoaren arteko tirabirak, pentsamenduaren independentziarako behar ditugun lehengaiak, beldurraren eta itxaropenaren arteko borroka, gizakiaren eta naturaren arteko harremana… Zoriontasuna eta egia, azken batean; egia eta zoriontasuna. Beti-betiko gaiak, baina gure mundu modernoa agertoki dutela. Liburuan ageri zaigun etorkizuna, izan ere, orainaren metafora besterik ez da, eta nago liburua argitaratu zen garaian baino metafora zehatzagoa dela gainera.
Gaztetxo garaian irakurtzeko egokitzat jo ohi den liburua dugu Fahrenheit 451. Eta, hala bada ere, nahiz eta liburu erraz-erraza denik ere ez zaidan iruditzen, urte batzuk gehixeago dituztenek seguruenik beste zuku bat aterako diote Bradburyren nobelari. Bizitzan esperientzia pixka bat dutenak errazago iruditzen zait iritsiko direla zientzia fikziozko istorio hutsetik haratago; behin baino gehiagotan konturatuko dira agian, liburuak duen giro berezia eta ukitu poetikoa lagun, buruarekin baiezka txikian ari direla, eta liburuan ageri diren galderak noizbait beren buruari ere eginak dizkiotela.
Euskarara ekarriak geneuzkan lehenagotik ere Aldous Huxleyren Brave New World (Bai mundu berria) eta George Orwellen 1984; lehenbizikoa Xabier Amurizak itzuli zuen, eta bigarrena, berriz, Oskar Aranak. Fahrenheit 451 honekin, zeina Nagore Tolosak euskara oso egokian taxutu baitzuen, esan dezakegu euskaratuak ditugula XX. mendeko hiru distopia literario nagusiak. Bada zerbait. Ez ahal ditugu klasiko ederrok ahanzturaren sugarretan erretzen utziko!
Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin
Peru Iparragirre
Mari-alderrai
Colette
Aritz Galarraga
Erreplika
Maialen Berasategi Catalan
Ibon Egaña
Hegal egiten
Eneko Bidegain
Mikel Asurmendi
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero