« Inpresioa gordeta daukat | Hiru kilo seiehun »
Moroak gara behelaino artean? / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2010
Moroak gara behelaino artean? Josu Bijueska / Idatz & Mintz, 2011-12
Joseba Sarrionandiaren lan hau Euskadi literatura sarien irabazlea izan da saiakera sailean eta ez du meriturik falta halako aitorpena lortzeko. Izan ere, anbizio handiko lana da, liburuaren mardulak berak erakusten duenez: zazpiehun orrialde luze, horietatik bostehun eta berrogeita bi testuaren gorputzari dagozkio eta hortik amaierara bitartekoak oharrei (mila hirurehun eta laurogeita hamar ohar guztira). Azaletik ikusita, edonor intimidatzeko moduko liburua dela emango luke. Eta hala ere, irakurri dutenek ez dute dudarik egingo Sarrionandiaren lana reader friendly dela, alegia, irakurlea adiskide duten horietakoa, idazleak bere solaskide egiten baitu; noiz istorio miresgarri itxurako historia aspaldi ahaztu baina betiko gogoratzea merezi dutenak kontatuz; noiz herri, kultura eta hizkuntza hurbil bezain desezagunen berri emanez, noiz euskaldunek herri, kultura eta hizkuntza horiekin izandako harreman ezustekoak azaleratuz; orain botere egiturei buruzko hausnarketa eraginez; gero herri, gizarte talde eta gizabanako orori adorea emanez halabeharrezko menpekotasunak astindu eta gizakiaren halabehar bakarra, askatasuna alegia, onar dezan, “inork ere ez digulako askatasunaren kondena kommutatu, ez leundu, ez ondo esplikatu oraindik” (542).
Gaitza litzateke horrenbeste gai, hizkuntz erregistro eta diskurtso mota biltzen dituen liburua esaldi bakar batez laburbiltzea baina bat aukeratu behar izatekotan aipaturiko hori, liburua ixten duen esaldi horixe bera hain zuzen ere, ez da desegokiena. Liburuaren batasuna azaltzeko ahaleginean, Sarrionandiak honela aurkeztu ditu bere lanaren ildo nagusiak: “Lauzpabost liburutan aurkez nezakeen: xelha gramatika egin zuen fraidearen biografia, Arrifeko errepublika artegaren historia, inperialismoaren kritika entsegua, amazigeraren edestia edota Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunok egin beharreko protesta” (14). Artean, aipaturikoekin loturiko beste gairen bat ere garatu da: euskaldunen egitekoa Marruekosen kolonizazio prozesuan, edo herri txikien hizkuntza eta literaturaren egoera, batez ere amazigerarena eta euskararena, iraganean, orainean eta etorkizunean. Eta gai horien guztien muinean, agerian nahiz ezkutuan, etengabeko hari berbera, arestian aipaturiko askatasun grinaren ezinbesteko baldintza, dominazio egiturak gainditzeko Ariadnaren haria: “Hau boterearen gramatika, logika eta erretorika arakatzea besterik ez da” (15), alegia ohizko politikaren tribialitatetik haragoko trivium eguneratua, edota etorkizuneko arte liberalen zirriborroa, askatasunez jokatzeko gizaki libre orok behar litzakeen jarreren eskaintza, “esperantzaren gramatika” (539-540).
Dominazio egiturek erabili ohi duten menderatze baliabideen artean identitate definizioak daude. Definizio horiek identitatedun eta bazterrekoen arteko mugak ezartzen dituzte: gure artekoa edota gu bezalakoa ez dena Bestea da. Etnia, arraza, erlijio eta hizkuntzaren ikuspegitik beste horrek merezi izan dituen izenetariko bat moroa da. Sarrionandiak gogora dakarrenez, berez ez dago mororik, inork ez baitu berba hori erabiltzen bere identitatea aldarrikatzeko, bere burua eta bere kideena definitzeko. Euren alteritatea azpimarratzeko asmoz moro deitu izan ditugunak berez jatorri, hizkuntza eta kultura ezberdinetako herritarrak dira. “Moro hitzaren zakuto triste” (17) horretan sartu ohi direnen artean badira behinola Afrikako iparraldea menderatu zuten arabiarrak, baina lehendik ingurune hartan bertan bizi ziren herri nomadak ere bai, amazigera hizkuntzadunak. Azken horiek moroen arteko menderatuak edo minorizatuak izanik, esku artean dugun liburuan berebiziko arreta merezi dute, batez ere euren hizkuntzak eta literaturak. Esan beharrik ez dago idazleak, bera ere kultura minorizatu bateko kidea den heinean, enpatia nabarmena erakutsi duela herri horrekiko eta hortaz nekez egingo diola uko amazigeradunen eta euskaldunen arteko analogiak sortzeko joerari. Are gehiago amazigeraren gramatika eta hiztegia lehen aldiz deskribatu zuena Pedro Hilarión Sarrionandia frantziskotar euskalduna izan zela jakin duenean.
Baina Europako estatu kolonizatzaileen ikuspegiak Afrika iparraldeko herri guztiak moroen “zakuto triste” eta zehazgabe horretan sartzen dituen heinean, denak modu berean menderatzeko ahalegina egiten duen heinean, menderatzaileek morotzat dituzten guztiekiko enpatia ere agerikoa da. Unamunok XX. mende hasieran idatzitako poema batean “euskaldunek espainoltasunaren errekan urtu beste irtenbiderik ez zutela defenditu ondoren, orain, […], euskaldunak eta arrifiak konparatzen ditu, euskaldunak moro desterratutzat aurkeztuz” (137). Bilboko idazlearen poema horretako bertsolerro batek hala dio: “¿Somos moros en brumas?” (581). Bertsolerro horren euskaratzeak Sarrionandiaren azken liburuari titulu bitxi hori emateko ez ezik, liburu berori goitik behera leitmotiv metaforiko gisa zeharkatzeko zeregina ere badu. Beraz, euskaldunen alteritatea azpimarratzeko edota estatu handien mugetan harrapaturiko herri txiki guztiena ere bai eta, hedapenez, Bestea izatera beharturiko ororena. Eta esandakoarekin batera, Unamunoren alderdi ia ezezagun bat gogora ekarri eta hari buruzko ikuspegi oso eta konplexuagoa irudikatzea lortu du.
Lehenengo leitmotiv horrekin batera beste bat ere ageri da, hau ere metaforikoa: “historia hondakin pila bat da. Perla batzuk baizik ezin dira atera zabortegitik, Hanna Arendten metafora ekarriz, murgiltzen eta saiatzen den igerilariak itsaso sakonetik azaleratzen dituenak bezala. Oraina betetzeko eta etorkizunari zentzua emateko” (506). Sarrionandia bera dugu igerilari hori. liburu honen bitartez memoria ahalegin ikaragarria egin baitu. Moro deituriko
horien berri emateko, haien artean ibilitako euskaldun ahaztuak gogora ekartzeko ikerketa lan sakona egin behar izan du idazleak, dokumentazio ugari eta zehatza esku artean erabilita: historiaren zabortegian buru belarri sartu ostean aurkituriko perla horiek eskaini dizkigu irakurleoi. Eta eskaini ere diskurtso akademikoak egin ohi duen baino era adiskidetsuagoan, zehaztasunari uko egin gabe baina aldi berean irakurlearen gozagarri.
Leitmotiv horiek ugari izan daitezkeen arren “eta irakurle bakoitzak bereak identifikatuko dituen arren”, hirugarren eta azkena aipatuko dugu: “Idatzita dago. Baina ez dizut mektub [idatzita zegoen] esango, moroek esaten duten zentzuarekin. Idatzitakoa ere emenda daiteke. Idatz dezakezu gainean. Dena egiteko dago oraindik” (15). Halabehar itxuraz mozorroturiko dominazio egiturak salatu ditu idazleak, bereziki pentsamendu bakarraren jarduerak. Salaketa horrek iraganeko estatuak ez ezik oraineko eta etorkizuneko indar globalak ere ditu jomuga. Nekez aurkitu daiteke tresna egokiagorik helburu horretarako hausnarketa kritikoa baino. Eta horretan ere esku artean dugun ¡iburuaren ahalegina mira egitekoa da aipaturiko pentsalarien kopuru eta kalitateari dagokionez. Izan ere, pentsalari horiek toki eta garai anitzetakoak dira, bai eta jakintza alor ugaritakoak ere. XX. mendeko batzuk soilik izendatzekotan, gorago aipaturiko Hanna Arendtekin batera honako hauek ere ageri dira: Edward Said, Max Weber, Pierre Bourdieu, Gayatri Spivak, Frantz Fanon, Michel Foucault, Emile Durkheim, Noam Chomsky, Alain Badiou, Gilíes Deleuze eta Felix Guattari, Antonio Gramsci, Umberto Eco, Gastón Bachelard, Norbert Elias, besteak beste. Ikertzaile eta idazle euskaldunak ere ezin ahaztu: Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Antonio Zavala, Joxe Azurmendi edo Beñat Oihartzabal, ezagunenak aipatzearren. Era batera edo bestera, horiek guztiak eta aipatu gabe utzitakoak Sarrionandiaren bidelagun dira batak bestearen errespetuan oinarrituriko elkartasun egoera lortzeko asmoan, indarkeria orori uko eginda. Literatura balio etikoen eskutik inon ageri bada, hementxe ageri da.
Moroak gara baina mororik ez dago, historia zabortegia da baina perlak ditu, dena dago idatzita baina dena dago idazteko. Garaturiko ildo tematiko bakoitzari liburu bana eskaini izan balie, “akademikoagoa litzateke dena, elementu diskordanteak kanpoan geratuko lirateke, ordea. Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Dikordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen moduan…” (14). Gaien eremukoak ez ezik, diskurtso mailako diskordantziak ere agerikoak dira, dokumentazioak eskatzen duen objektibotasunera jotzen baitu, noiz hausnarketa kritikora, noiz ironiara, eta sarritan ahots lirikoak gogoko duen hizkuntza metaforikora, diskordantziak azaltzeko erabili duen irudian edota gorago nabarmendu ditugun leitmotiv horietan, esate baterako. Saiakera generorako aukera egokia, dena dela. Alde honetatik anbizio handiko lana, eta lorpena maila berekoa.
Egitasmo erraldoi honek edizio ere sekulakoa eskatu behar izan du. Iñigo Aranbarriri egokitu zaio zeregin hori, berau ere idazlea. Errata txiki batzuk gelditu diren arren, oharretan batez ere, liburuaren neurriari begira oso gutxi direla eta irakurketa ez dutela oztopatzen esan beharra dago. Editorea eta argitaletxeak lan eskerga egin dute testua zaintzen ez ezik, baliabide grafiko ugariz hornitzen ere. Lanaren luzera ikusita, liburuaren edizio berrietan pertsona eta toki izenen indizeak txertatzea gomendagarria litzateke unean uneko kontsultak errazte aldera.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres