kritiken hemeroteka

8.826 kritika

« | »

Txakur ingelesak / Lutxo Egia / Susa, 2011

Inpresioa gordeta daukat Mikel Asurmendi / Irunero, 2011-12

Udan irakurtzeko apartatu nuen Txakur ingelesak. Ordura arte kasu gutxi egin nion, agi denez. Txakur ingelesak nobela bateko protagonistak zirelakoan nengoen. Irakurtzen hasia ere, ez nintzen jabetu —ez nuen gibeleko aurkibidean erreparatu, hara— ipuin sorta batek osatutako liburua zenik.

Txakur ingelesak izeneko ipuina irakurri ez ezik, berau jan nuen, ipuineko txakurrak akabatu zituenak antzo jan ere. Pozarren ari nintzen, nobela laburra amen batean akabatuko nuelakoan. Ipuinak bete ninduen, baina egileak nobela baten trama osa zezakeelakoan, gogoa —edo apetitua— asegabe laga ninduen.

Ordea, beste mundu bat aurkitu nuen jarraian datozen ipuinetan. Mundu bakarra baino, hainbat munduk osatutako mundua agertu zitzaidan. Mundu bat jende, hots, pertsonaia mundua. Fikziozkoak, eta halaber, hurbilekoak. Izena eta izana ezagutzen dizkiogun pertsonaiak. Hauetako batzuk, arrastorik utzi gabe desagertzen dira, lehen ipuineko txakurrak bezala.

Herio oinez dabil Lutxo Egiaren hiri globalean. Hiri birtualean. Egiazko hiri global birtualean. Ipuin batetik bestera iraganik ere, mundu berean zaude, eta haatik, mundu ezberdinetan. Edo ezberdinean. Fikzioan mundu oro mundu bat baita. Pertsonaiak antzekoak dira, antzekoak baina diferenteak. Inpresioa gordeta daukat, pertsonaiak —pertsonak— berak izan daitezkeela une batean fikziozkoak eta beste une batean errealak.

“Inpresioa gordeta daukat” idatzi dut. Inpresio hauek ez nituen irakurri eta berehala “inprimatu”. Arrazoiak arrazoi, hitzok hilero biltzen zituen Irunero aldizkaria aldian geratu baitzen. Aldian eta denboran ainguraturik. Halaxe daramatzat nik ere Lutxo Egiaren ipuinetako pertsonaiak, aldian ainguratuak, gogoan lausotuak.

Berbarako, artean, entzutez baino ezagutzen ez nuen Txema Larrea —Killing Txema Larrea narrazioa irakurri aurretik ere ez nuen ezagutzen— berriki “ezagutu” ahal izan dut. “Ezagutu” idatzi dut. Hemendik aurrera, bera ikustean besteengandik “bereizi” dezakedala esan gura dut. Ezagutzea besterik da eta.

“Arrunta da hildako idazleak agertzea bizirik daudenei…” hasten da Killing Txema Larrea ipuina. Niri Txema Larrea ez zait hilik agertu. Badaezpada diot. Alabaina, fikzioaren eta errealitatearen artean ibiltze horretan, mundu errealean eta mundu birtualean ibiltze honetan, literatura eta gizarte sareetan ibiltzean, aurki, hildakoren bat bizirik agertuko zaidalakoan nago.

Liburuan agertzen den hamaika izenetako edonor izan liteke. Erreala eta fikzioa, pertsona(ia) baten aurkia eta ifrentzua izan baitaitezke. Bestela esanda, artean, oraindik ezagutu gabe ere, bizirik dagoen inorekin topo eginen dudalakoan bizi naiz. Liburuko pertsonaia errealen batekin, hots. Edota liburuaren eskaintza jasotzen duen Unai Dorronsororekin berarekin. Berbarako.

Ez da sekula berant. Ez hildakoak ezagutzeko, eta are gutxiago bizirik daudenak jende artean —topo eginez gero— “bereizteko”.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak