kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Hizkien eskalea / Mikel Alberdi / egilea editore, 2011

Bi aurpegi Igor Estankona / Argia, 2012-02-26

Gure gorputz eta arima galkorrei emandako poema liburua da Mikel Alberdi Irizarrena, eta gorputzari eta arimari egindako trazu lausodun omenaldia dira Lurdes Larrañaga Sanzen marrazkiak. Horra liburuaren bi aurpegiak, bakarrean bilduak. Titulua zehatza eta egokia begitandu zait, hizkien eskaleen antzera baitabil poeta ibili ere, maileguan hartuz erreferentzia klasiko eta kultistak, keinu eginez jainkoei, artistei, idazleei eta hiriei… are Negritudeari, eta naturaren indarrari. Ariketa eskapista eta surrealista etengabekoan aurkitu ditu Alberdik bere burua eta egia mikatz bat: “bidaia oinez egiten da / diote poetek / nire pauso bakoitza / usteltzen jarraitzeko / borondate isila / besterik ez da”. Edo “jadanik ez dut hetero edo homo izan nahi / guruinik aldarrikatu / identitaterik bermatu / utz diezaiodan nire gorputzari / musika berriak jotzen…!”.

Erdigune obsesibodun eraztun jakinetan barna garamatza idazleak. Sexua, justizia, estetika baten bilaketa… Horiek denak ez dira gaia, baina bai mintzagaia. Dena bere baitan hartuz eta lerro bakoitza bustiz, ostera, heriotza dago nonahi. Edo horixe begitandu zait; gai nagusia patu antzeko bat dela eta bizitza honetako estrategiek ez dutela inoiz lortuko azken buruko herio nahasaraztea.

Uneka poesiaren aurkakoa ere baden lan honetan orekaren bilaketa eta harmonia ez dira helburu. Hizkien eskalea hanpatua da, gordina. Existentzia bera biluza eta gogorra denez, poetak biluzik eta gogor ekiten dio kontenplazioari: “ez dakit zergatik nahi dudan idatzi / idaztea kostatzen zait eta hitzek ezin dute inoiz / nire pentsamendu jarioa errenditu / ez dakit idazteak ez ote duen zailtzen/ nire desagertzeko bokazioa…”. Baina desagertuz-desagertuz joan beharrean gabetzen, kargatuz-kargatuz nahi du garatu poesia bat pertsonaletik kolektibora doana, eite proportzionatuetatik moderniara eta hitz jokora egiten duena, eta isiltasunetik hitz jariora.

Mikel Alberdik, finean, apainduraz kargaturiko poesia purua egin nahi izan du. Lortzen zaila den beharlekua da hori, ordea. Gusturago sentitu naiz Ez izan poemako mezu soilarekin, kiribildu eta konplikatu egiten diren irudi-mosaikoekin baino. Kosmopolitismoz mozorrotutako hala-holako poemak eta inora ez daramaten bide luzeegiak hartu dituela iruditu zait behin baino gehiagotan, eta hain zuzen idazlearen neke horiek bihurtzen direla irakurlearentzat traba.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak