kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Zazpi etxe Frantzian / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2009

Zazpi etxe Frantzian Asier Sarasua / Eibartik, 2012-01-19

Kongo, 1903. urtea. Kolonialismoaren eta zapalkuntzaren inguruko eleberria; gizakiaren basakeriaren inguruko gogoeta, umore beltzez zipriztindua. Atxagaren azken eleberria, aurreko guztietatik zeharo desberdina. Gustatu zait.

XX. mende hasieran, Leopold II Erregeak gobernatzen duen Belgikak bere menpe dauka Afrikako zati handi bat, Kongo belgikarra. Oihan erdian, lekurik urrunenean, Yangambiko kuartela dago, edozein lekutik urruti dagoen parajea. Bertako soldaduak inguruko basoetako kautxua ustiatzeaz eta errebeldeak kontrolatzeaz arduratzen dira. Yangambin elkartuko dira dozena bat pertsonaia izugarri, abentura-gogoak, patuak eta, batez ere, diru-goseak haraino eramanda. Euren helburuak betetzeko metodorik ankerrenak erabiliko dituzte bertako biztanleak zapaltzeko; eta baita gainontzeko ofizialak gainditzeko ere. Yangambiko oihanak itogarri bihurtu dira bertako twa etniako biztanleentzako, baina ilun suertatuko dira, era berean, zapaltzaileentzat ere.

Kongon gertatutako basakeria da liburu honen muina. Belgikar gudarostearen zapalkuntza eta jarrera. Umore beltzari egindako keinutxo batzuekin. Eta gizakia bere alderdirik ankerrenean aurkeztuz.

Horixe da Atxagaren azken liburuaren argumentu nagusia. Orain arte idatzi dituen lan guztietatik urrundu da idazlea. Argumentu eta gai aldetik ez ezik, baita kontakizuna harilkatzeko orduan ere. Izan ere, liburuak oso antolaketa lineala eta zuzena du, alderdi guztietatik begiratuta (kronologian, traman, testuaren egituran…), Atxagaren ohiko egitura eta kontatzeko moldetik erabat urruti.

Zazpi etxe Frantzian honek ez du, beraz, inolako zerikusirik bere aurreko eleberriarekin, Soinujolearen semea (Pamiela, 2003). Soinujolearen semea liburuan trama korapilatsua genuen, pertsonaia asko eta kokaleku ezberdinetan, denbora-jauzi handi eta ugariak, pausa deskriptiboak, disgresioak, gertakizunen enfoke desberdinak… Kasu honetan guztiz kontrakoa da liburua: bere ohiko estiloarekin hautsiz, sintesira eta kontaketa trinkora jo du. Gauzak hornidurarik gabe aurkezten ditu, biluzik, eta umore beltza darabil bere asmoak gauzatzeko. Ez dago denuntzia zuzenik, ez dago negarrik; aipamen apal zeharkako batzuk besterik ez, umore beltzez tindatuta. Kontakizunaren eta narratzailearen artean distantzia jarriz. Pertsonaia zoragarri landu batzuei ahotsa emanez; beraiei baino gehiago, beraien ekintzei. Ankerkeria bere izaera natural eta egunerokoan islatuz, eguneroko eta natural sentitzen duten pertsonaien ekintzetan.

Pertsonaiak primerakoak dira. Esate baterako, Lalande Biran, kapitain poeta, postuko kazikea. Astean behin nerabe beltz bat desloratzen duena; iruzurgile ere badabilena negozio publikoen itzalean. Edo Van Thiegel tenientea, garai batean soldadu ona eta argia izandakoa baina gainbehera doana alkoholismoaren labarretan. Mozkorra, jokalaria, diruzalea, anker gupidagabea… Kongon gertatutako sarraski eta basakerien irudia. Eta, nola ez, Chrysostome Liège, pertsonaia misteriotsua. Liburuko gainerako pertsonaia gehienen kontrapuntua (ez du edaten, ez da andrezalea, ez da istiluetan sartzen…), baina liburuak aurrera egin ahal ikusiko dugu oso gutxi duela heroitik, besteak bezain hotz eta odolgabea dela. Eurekin batera beste dozena erdi pertsonaia aurkeztuko dizkigu Atxagak: twa tribuko Livo, Richardson ofizial zaharra, Donatien, kapitainaren nahi guztiak betetzeko prest dagoen subfizial gangailu eta baldarra…

Kongon gertatutakoa

Liburuan kontatzen diren gertakizunak erabat asmatuak dira, baina gertakizunen kokapena, bai denboran, bai espazioan, erabat errealak dira. Liburuak daukan barren historikoa benetakoa da. Benetakoa eta izugarria. Izan ere, Kongo Belgikarra Leopoldo II Erregearen esku geratu zen XIX. mende amaieran, eta han gertatutakoak (10.000.000 gizon-emakume erail zituzten) parekotasun gutxi izan dute gizakiaren historian zehar.

Zibilizazioaren izenean, baina europarren patrikak betetzeko, milioika ume, gizon eta emakume garbitu zituzten, beste horrenbeste mutilatu eta bortxatu, euren herrietatik atera, esklabizatu eta belgikarren mesedetarako erabili, animaliak bailiran. Kautxua lortzeko, gehienbat, baina baita kaoba, teka, mineralak, marfila eta beste horrenbeste gai preziatu, Afrika aldean horren ugariak zirenak.

Liburu honen muina, azken batean, ez da abentura bat kontatzea, gizakiaren ankerkeria eta diru-gosea salatzea baizik; libera batzuen truke zer nolako barrabaskeria egin daitezkeen (egin izan diren) salatzea.

Atxagaren hitzak hartu ditzakegu argibide gisa, argitaletxeari esandakoaren bidez: “Gustatuko litzaidakeena da irakurlea joan dadila liburuan aurrera, abenturetan murgilduta, baina, bat batean bira dezala orria atzera eta pentsatu: zer esan du hemen?”.

Ondorioak ateratzea, errealitatea antzematea, irakurlearen esku lagatzen du oso-osorik. Eta ateratzen dugun ondorioak ez gaitu leku onean uzten, liburuan kontatutakoak ez baitira garai historiko baten edo pertsonaia jakin batzuen aurkako salaketa, gizateria osoaren botere-gosearen, diru-egarriaren, basakeriaren eta etika faltaren adierazle baizik. Horrelakoxeak gara; ontzi horretako kide gara guztiok.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak