« Mingostasun xaloa | Gureak egin du »
Lagun armatua / Raul Zelik (Edorta Matauko) / Txalaparta, 2009
Ihesari ihes Goizalde Landabaso / Deia, 2010-07-03
Tren bidaia batean hasi nuen liburu honen irakurketa. Neure road movie-a sortu nuen. Ruper Ordorikaren abestiak faltan izango nituela jabetu nintzen. Hasi eta berehala. Baina liburuan murgildurik idazlearen ahotsak gogora arazten zidanean baino ez dut gogoratu izan musika. Alex, Euskal Herriarekiko loturak dituen alemaniarra da. Raul bezala. Aspaldian ezagutzen du Euskal Herria eta bere egoera politiko, sozial eta kulturala. Raulek ere bai. Ez dakit antzekotasunak hortik gora doazen, eta aitortu behar dut jakinmina piztu didala horrek. Liburuaren bazterrean idatzi nuen “galdetu behar dut”. Irakurketak, goon.
Bide bi egiten ditu liburuak. Batetik road movie itxuran idatzita dago, ihesaldi zenbaiten kontakizuna da. Zubietaren ihesa, Alex-en ihesa. Bestetik, Alex protagonistak bere inguruko pertsonekin dituen harremanen berri ematen du. Alex bi dira ageri direnak. Ekimentsua eta izoztua. “Hannaren falta nabarituko ote dudan galdetu diot neure buruari. Benetan ezerk ukitzen ez nauelakoan nago. Batzuetan sentipena dut ez dudala batere sentipenik, emozionalki inexistentea naizela”. Ez-existentzia hori nabaria da hasieratik amaierara. Aitorpen garratzak uztartzen dira analisi politikoarekin, beldurrarekin, datu historikoen emariarekin. Benetako izen-abizenik ia ez da agertzen. Baina errez asmatzen da Zubieta zein izan litekeen. “Sarrionandia 1985ean espetxetik askatu zuena Zubieta bera zela lehen aldiz urte batzuk geroago jakin nuen, egunkaritik. Horrela izan nuen ihesaren berri. Badago kanta nahiko ezagun bat historia kontatzen duena eta x inguruko eskualdean herriko jaietan sarri jotzen zena”.
X leku bat da. Herrialde, hiri, eskualdea. Ez dut ulertu leku izenik agertu gura ez izatearena. Agian mapek agertzen ez gaituztelako, beharbada idazleak ez duelako kokatu gura izan istorioa. Baliteke izatea existentzia zalantzakorra dugulako. Ez dut asmatzen jakin eta hamaika hipotesi asmatu dut. Euskarari, Euskal Herriko hizkuntzari ere ez dio izenik eman nahi izan: Bazter hizkuntza esaten dio. X-etik urrun doan tren honetan bazterraren zentzua sentitu dut leihotik begiratzerakoan. Eta bidaia txartela eskatzerakoan ere bai. Neure road movie-k bat egin du Lagun armatuarekin.
Tren geltokia. Pentsamendu batek atseden hartu du geltoki honetan: Alemanian eta Euskal Herrian liburu hau ezberdin irakurriko ote da? Berlingo kafetegi batean liburua eskuetan duen emakumeak eta biok lerro arte berberak ikusiko ote ditugu? Ezin jakin. Liseriketa astuna duen liburua da Lagun armatua eta zenbait unetan atsedena behar izan dut irakurtzen ari naizena ondo irensteko. Tren bidaiaren atsedena profitatuz neuk ere osteratxoa egin dut bagoi artean. Laster liburuaren magalera itzultzeko. Abiatu da trena.
Pertsonaietako batzuen existentzia justifikatzea zaila iruditu izan zait liburu honetan. Sobran daudela begitandu zait. Esaterako, Rabee-ren figura. Uste dut bera barik ere ederto asma dezakegula Alex-en izaera zelakoa den, zer sentitzen duen, bere izozte emozionala zein neurritarainokoa den.
Alex-en buru janak, bere aspaldiko lagunarenganako zalantzak, duda-muda ideologikoak elkarrizketetan bikain islatu ditu idazleak. Esaldi laburrek intentsitatea eman diote. Eta erantzun laburrek misterioa erantsi diote. “—Esadak, irakurtzen ez baduk, egiten al duk ezer politikorik? —Bonbak ipintzen ote ditudan esan nahi al duk? —Hori ere bai, baina ez hori bakarrik”. Bien arteko elkarrizketak dira interesgarrienak. Zubieta azaltzen denean Alexen pertsonalitatea lausotzen da, sarri desagertzeraino. Badirudi Zubieta existitzeko sortu zela Alex. Izan ere, bere agerraldiaren zain sentitu naiz irakurketan zehar. Trenak abiadura hartu du, liburuaren ihesak ere bai.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez