kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Kontrarioa / Lander Garro / Susa, 2010

Mingostasun xaloa Iban Balerdi / Gara, 2010-07-02

Aurretik narrazio liburu bat Orain galdera berriak ditut eta saiakera bat Ez merkeenak! Bai onenak! argitaratu ondoren, hauxe da idazle oreretarrak kaleratu duen lehen nobela. Buelta asko eman omen dizkio, zati asko kendu, aldatu, berridatzi… azken emaitza honetara heldu arte. “Idazteko ezabatzen jakin behar da. Hartu gaur egungo edozein liburu, eta konturatuko zara idazleak ez zuela hitzik ezabatu nahi”. Liburuan bertan, idazteari eta idazlearen bakardadeari eskaintzen dizkion tartean, hainbat hausnarketa interesgarri agertzen dira idazten aritu batek, idazten hasi nahi duen bati esanak.

Idazle izateko gogoa duena eleberriko protagonista nagusia da, Raul Oliveira gaztea. Betidanik bere burua tokiz kanpo ikusten duen hau, unibertsitate ikasketak utzi zituenetik zereginik topatzen ez duena, mozkortzen eta xakean jokatzen aritzen da gustuko taberna zuloan sartuta. Oskar laguna du edozertarako kide, berarekin mintzatzen da honetaz edo hartaz, bera da ondoan duen konfiantzazko bakarra. Adiskidetasuna dario beraien harremanari, bitxia baina egiazkoa den laguntasuna. Izan ere, familia aukeratzen ez den bezala, norbait lagun moduan izan nahi duzun bai ala ez hautatu baitaiteke. Eta Oliveirak sendiaz sentitzen duen lotsa arintzeko ezinbesteko makulua du laguna. Bien arteko eztabaidak, esandakoak eta esan gabe utzitakoak, zirikatu nahian botatakoak… oso modu naturalean ateratzen dira eta ez dirudite batere behartuak. Are gehiago, oso gustura eta irrikaz jarraitzen dira.

Istorioa autoreak ondo ezagutzen duen tokian kokatu du, Errenteriako Pontika auzoan, bera jaio zen inguruan, alegia. Langile eta etorkinen auzoa izateak ere nortasuna ematen dio kontakizunari, azaltzen diren toki gehienek bezalaxe. Galtzaileen kontuak baitira hemen irakurtzen direnak. Erdigune polit eta ponpoxoetan lekurik ez dutenen bizimoduak. Garaiari dagokionez, 90. hamarkada bukaerakoa da istorioa. Pentsatzekoa da Garrok berak bizitako urteak direla, eta pertsonaien izenen bidez eta batez ere, musika erreferentziekin ondo girotua dagoela uste dut. Gainera, bakoitzak berea kontatu behar duela onartuta ere, eskertzekoa da horrelako eleberri bat betiko 80. hamarkadatik kanpo ikustea. Eta ez denboragatik bakarrik, baita bestelako zenbait topikoetatik aldentzeagatik ere.

Eleberria bizitzaren gordintasun eta gogortasunez estalia dago, euren burua gizartearen gehiengotik kanpo ikusten dutenen ikuspegitik, arrunta deitzen den horretatik landa. “Oliveirak bazekien ustezko normaltasunik ez zegoela. Teoria hutsa zela. Hedabideen propaganda. Lanerako deia. Otzantasunaren aldeko maniobrak.(…) Hori guztia bazekien, baina zein gutxi balio zuen teoriak sentimenduak arrapaladan etortzen zitzaizkionean!”. Hala eta guztiz ere, eta agian pertsonaia gehienak hogei urteren bueltan dabiltzalako, xalotasunez beteriko zati ugari ditu. Eta umorez zipriztindutakoak ere bai, irakurleari irribarrea behin baino gehiagotan ateraraziko diotenak.

Gustatuko litzaidake Oliveira, Oskar, Eneko eta beste guztien berri izatea aurrerantzean ere. Nobelaren amaierak ematen du jarraitzeko aukerarik eta autoreak ere ez dio posibilitate honi biderik itxi. Beste buelta mordo bat eman beharko dizkio, idatzi eta ezabatu, idatzi eta aldatu, idatzi eta berridatzi ziur samar egon arte.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak