« Poz eta tristura | Ikusten ez denaz »
Amorruaren ume / Jim Thompson (Miel Anjel Elustondo) / Igela, 2009
Jainkoak sen ona berreskuratu zuenekoa Karlos del Olmo / eizie.org, 2010-06-01
Jim Thompsoni zer eta eleberri beltzaren alorreko Albert Camus deitu dio aditu zentzudun batek!, eta harrigarri ere harrigarri gertatzen da “intelektual adimendunen” intrantsigentziak bigarren maila batean kokatzen duen (azpi?)genero bat, poliziakoa, landu zuen idazle baten gainean jardutean horrelako baieztatze biribilak botatzea. Baina, zelanbait, Jim Thompsonen prosak eragiten duen zauskada idazle sagaratuenenaren pare-parean dago. Eta prosa ez ezik, argudioaren amarauna ere bai. Honako honetan, adibidez, ahozkotasunaren lanketa berdingabeko baten ondoan, protagonistaren kautan izaten diren gorabehera psikologikoak zirujauaren bisturiaren zehaztasunez ebakitako zertzeladen antzera agertzen dira, zenbait eleberri psikologiko eta filosofikoetan bezain trebe, baina inoiz ere belztasunetik eta erritmo arinetik aldentzeke.
Geoffrey O’Brien adituak Thompson “hamar zentaboko eleberrien” Dostoievski dela esan zuen, Thompsonen protagonistak ez du ontasunaren eta gaiztotasunaren arteko borroka dramatizatzen, bizi egiten du, ordea, eta egileak ere harekin batera eta haren bitartez. Jim aipatu egile errusiarraren pentsamendutik hurbil dabil: zauri moralen zornea agerian jarri beharra, txartasunaren bulkadak onartzeko guraria, erredentzio motaren bat bilatzeko beharkizuna. Dostoievskik aringarriren bat topatzen zuen arren (autoengainua, menturaz?), Jim Thompsonek linboa aukeratu zuen: “ez dago salbamenik”. Haren lanetan beti ibiltzen gara gizaki arimaren muga zorrotz eta mehea alderik alde zeharkatzen.
Eta liburu batzuk ogi truke, kioskorako, idatzi zituen arren, eskribatzaile honek beti eskaintzen du emozio ukabilkada zuzeneko bat. Idatzi zituen hogeita bederatzi eleberriak ia oharkabean igaroko ziren Frantziako Gallimard argitaletxekoek egilea sail beltzeko egilerik handienen artean ezarri zuten arte. Ez zuelako gutxiago merezi idatzizko elektroterapiaren aditu honek.
Baina, egilea, egun ere, ezezagun samarra da (euskaraz, bost liburu baino ez dugu euskaraturik); azken buruan, mingain gaizto batzuek diotenez, harekin berrogei urtean bizi izaniko emazteak berak ez ei zuelako behar beste ezagutu. Ezkonlagunak ezin zuen ulertu zergatik zen idazlearen obra halako pesimista; senarra, pertsona moduan, guztiz kontrakoa bazuen. Gura beste azalpen psikoanalista eman litezke, hainbat gorabehera pertsonal berbabidera ekarri; guztiarekin ere, ez genuke azalpen klarurik asmatuko idazlearen arima zokondoetan argirik egiteko. Nork esplika lezake idazle itxuraz atsegin haren gogoan izaten zen borroka latza?
Gaztetan, tarte labur batean Estatu Batuetako Alderdi Komunistako kide izan omen zen, eta emazte bakarrarekin, Alberta Hesserekin, ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen; sinesgabea izanik ere, ohiko familia katoliko praktikantearen buru hark animali zale, auzokide abegitsu eta senide atsegin-atseginaren sona bereganatu zuen. Beste idazle askok bezala, hainbat lan narras —legendakoak, ezelan ere— izan zituen hamabost urtekoa zenetik etengabe idazten ekin zionetik: gaueko hotel atezaina, hileta etxe bateko mutila, film proiektatzailea, harakina, music hall dantzaria, oliobide eraikuntzako langilea… Beraz, amets amerikarraren alderdirik gordinena ezagutu zuen, baita sistemaren biktimekin, “bizirik irauteko zergatikoak biziraupenerako borrokan galduz” doazen zoritxarrekoekin, erabat identifikatu ere. Gainerako biktimen ispiluak berberaren porrotaren isla bueltatzen zion. Autobiografian idatzi zuenez, “hamazazpi urterekin, jadanik, porrot egindakoa nintzen. Beti egiten nion itaun neure buruari zelan nilako batek, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen nintzen honek, beti-beti lortzen nuen nahiaz bestelako emaitza”. Adimen zorrotza ezkutatzen ikasi zuen, eta gehiegi edanak eta lan badaezpadakoek osasuna zulatu zioten. Malcolm Lowry edale porrokatuaren antzera, aita eredugarriaren lorpenak gainditzeko lehiatu beharrak konfiantzaren azpia jan zion apurka-apurka: “Ia jaio izan nintzen unetik beretik segurtatu zidaten ez nintzela gauza izango aitaren eginak gainditzeko” zioen Jimek.
Dena dela, aita zahar etxe batean hil zitzaionean, semearen lehen argitalpenen albiste izateke, desespero alkoholiko batek jota utzi zuen idazlea. Horrelako datuak jakinda, hobetoxe uler daiteke esku artean darabilgun eleberriko amorruaren ume ei den ama zuriaren seme gazte beltxingoaren jokabide deserrotuaren salbazio bilatze desesperozkoa. Idazleak artean hogeita bost urteko gazte kementsua zen Stanley Kubrick adinez halako biz gainditu arren, zuzendariak Thompsonengana jo zuen bi filmetan gidoiak lantzeko laguntza bila, baita zoritxarrez inoiz errodatu ez zen hirugarren baterako gidoi oso bat idazteko agintzera ere. Sam Peckinpahek ere Jimen eleberri bat hartu zuen oinarri Ihesa bortitza errodatzeko (Juantxo Ziganda zenak euskaraturik 1991n Igelak argitaratua).
Miel Anjel Elustondok oso saio polita egin du itzulpena ahozkotasun bizi-bizi baten galekin janzteko, eta lortu ere lortu egin du; han-hemenka begi zorrotzen batek hobetu beharrekoren bat edo beste aurkitu dezakeen arren, bertzeen hutsen ondotik dabilena bera ere hutsik gabea ez omen denez gero, goza dezala euskal irakurleak literatur lanik handienen artean egoteak ondo irabazia duen eleberri hau irakurtzen, aspaldion gure plazan argitaraturiko deigarrienetako bat delako, ezbairik gabe. Azken buruan, albiste pozgarri baten jakitun jarriko gaitu amorruaren semeak: “Sen ona berreskuratu du Jainkoak”. Eta ez da gutxi, ezta aldeko ere!
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria