kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Ospitalekoak / Mikel Antza / Susa, 2010

Ikusten ez denaz Iban Balerdi / Gara, 2010-06-03

“Oraindik ez zarenean zutitu bizitzeko, alferrikakoa da esertzea idazteko”. Thoreau-ren aipu hau agertzen da liburuaren hasieran eta badirudi autoreak ere hauxe izan duela gogoan hainbeste urte literaturatik aparte xamar ibiltzeko. Gogotsu bueltatu dela ere esaten du Mikel eleberriko pertsonaia nagusiaren eskutik. Edo hori iruditu zait behintzat. Ez baitago oso argi zenbait zati egiazkoak ala asmatuak diren.

Izan ere, idazle orok erabiltzen du nolabait bere errealitatea sortzen hasten denean. Kasu honetan argi dago parte bat benetakoa dela (Mikel preso dago Fresnesen, lehen aritua da idazten, donostiarra da, etab.) baina ez dakigu noraino. Beste parte bat, ordea, fikzioa da. Nahasketa hau nahita egindako zerbait dela pentsa daiteke, izen ezaguna izatearen faktorea jolasteko erabili duela, besteekiko jakin-minak zenbateraino harrapatzen gaituen erakutsi nahi izan duela; eta honek, irakurtzen ari zaren bitartean zalantzarik eragin dezakeen arren, amaiera aldera askatzen ditu korapiloetako batzuk. Ondo borobildutako bukaera iritzi diot gainera, ondo egindako bideak merezi zuenaren tamainakoa.

Liburua bikotekideari idatzitako kronika moduan dago egituratua. Protagonista espetxeko ospitalera eramango dute osasun arazo txiki bat konpontzeko, baina ezustean gurpil aulkian ibili beharrean aurkituko du bere burua, eta bertan ekingo dio idazteari. Gertakizun desberdinen berri emanez, kapitulu batek hurrengoari egiten dio bidea, hau da, ideia batekin bukatzen badu, hori lantzen du datorrenean, orainaldiko eta iraganekoak nahastuz. Bizitzari errepasoa ematen dio, jaiotza, erdi ezkutuko ikastolako egunak, gaztaroko printzak, atxilotze bezperako oroitzapenak edota kartzela barruko bizipenak kontatuz. Horrez gain, beste zenbait pertsonaiaren berri ere ematen digu, hala nola, Gerra Zibilean borrokatutako Xabier gudaria eta, Veronique, Dimitri eta Jean Noel-ek osatzen duten hirukotea. Hauek guztiak ere garrantzitsuak dira nobelan, Mikelekin lotura dutelako ospitaleratze garaian zehar.

“Hor kanpoko munduarentzat ez gara existitzen; egunero La Coupole-n, Boulevard-ean edo Zazpi Kaleetako edozein tabernatan eguerdiko kafetxoa hartzeko ohitura duen hiritar arruntarentzat ikusezin gara, ozeano sakonenetako izakiak bezain”. Ikusten ez den mundu bat deskribatzen du, espetxe barruko mundua. Alboko unibertso honi buruzko hausnarketak egiten ditu, guztia zein estua den edo zenbateraino dagoen programatua egunerokotasuna. Estatuak eta sistemak nola erabiltzen duten kartzela jendea isilarazi eta norbanakoa akabatzeko. Krimen perfektu gisa deskribatzen da, komunikabide gehienetan oihartzunik izango ez duena, presoak bere buruaz beste egiten duenean ez omen dago eta hilketarik.

Gaur egungo bizimoduaren abiadurari buruz ere egiten du gogoetarik. Hain azkar bizitzeak egoerak modu orokorragoan ikustea eragozten digu, eta egiten dugunaren zentzuaz ez dugu hausnartzen. “Mundutik isolatzeko gaitasuna dutenez gain, ermitauek eta kartzelan bakartuek dute soilik denbora halakoetarako”. Paradoxa galanta, existitzen ez direnek indar gutxi baitute ezer aldatzeko.

Gustura irakurtzen den nobela iruditu zait, harrapatzen duena eta zer pentsatua eragiten duena. Literaturari ale berriak emateko moduan dagoela erakutsi du Mikel Antzak hainbeste urteren ondoren.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak