« Ikusten ez denaz | Heriotzak bizitza dakarrelako »
Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak / Mitxelko Uranga / Ediciones Beta, 2010
Nihilista baina erromantikoa Igor Estankona / Deia, 2010-06-05
Noizean behin agertzen da liburu bat bihurria, titulutik hasi eta azken poemara arte harriduraren eta plazeraren artean erabiltzen zaituena. Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak halakoxea da, titulua bezain ezinezkoa, azalean dakartzan amapolak bezain haluzinagarria. Mitxelko Urangaren lana oso irregularra den Ediciones Betaren eskutik dator, eta nahiz eta argitaletxe honetan editorearen papera —edo gutxienez gustu ona edo hizkuntza zuzentasuna jagongo duen norbaitena— ez den ikusten, bistan da berangotarrak mimoz ondu duela, detaile guztiak zainduz, poemen ordena eta ilustrazioak barne. Bejondeiola.
Ondo baino hobeto kokatzen gaitu idazleak bere unibertsoan, laburpentxo bat eginez kontrazalean: “Zuritu beharreko patata hau ez da kriptograma hutsa, metaforek tuberkuluaren errizometatik zehar bidaiatzen badute ere. Bukatugabeko artelana da, ez autoreak bukatu ez duelako, hamaika forma ezberdin hartu ditzakeelako baizik. Bat ez den bat da, bidai kaleidoskopikoa, bidai eskizofrenikoa, nahi bada”. Filosofiari buruzko blogak alde batera utzi eta erdi nihilista, erdi erromantikoa den liburu hau dakarkigu, edozelan ere irakurri beharrekoa, ondo ulertzeko nihilismo eta erromantizismoaren itxurazko kontraesan hori.
Eskizofreniak jota baina hala ere argikusmen itzelarekin uste dut egiten duela berba Mitxelko Urangak, berbek eurek zentzua galtzen duten lurraldeak ibiliz. Intsektu bilduma baten antzera, orratzekin kortxora dakartza mila zomorro, mila argi, gure amets eta amesgaiztoen metafora direnak, Txakur andaluziarra filmeko inurrien antzera kili-kili egiten dutenak ariman.
Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak honetan ez da sintaxia behartzen, baina bai lexikoa. Modu horretan formak eta zentzuak, itxura batean ez datozenak bat, bat egiten dute. Tentsio antzeko bat sortzen da hitz hutsen eta horiek baino sakonagoa den esanahiaren artean.
Askatasunari buruzko gogoeta bat da finean Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak, hizkuntzaren zoramena bera askatasun ariketa bihurtzen duena. Morrison edo Vallejo edo Baudelairek erabili zuten modu-moduan darabil hizkuntza: zerrenda luzeak, zentzumenen nahastea, sinestesia… Askatasunari buruzko gogoetok inplizituak dira gehienetan, baina inoiz esplizituki ageri dira. Ez dira hausnarketa handiosak, ezpada dugun libertate estuari buruzko bururakizun freskoak, autorearen filosofo alderditik urruntzen eta poetaren lanera gerturatzen direnak. Gizakiaren egoera ia-ia gatibutzakoa darabil libertatearen kontra-definizio modura: “Askatasuna? / Beharbada / nire gorputzaz gozatzeko adina daukat” (23. orrialdea); edo “Baina barre egiten dut, / nire esku artean askatasuna baitaukat. / Pittin bat baino ez bada” (46. orrialdea).
Rotterdamgo Erasmok ere bazioen; zoramena jakintzaren prezioa, zigorra da, jakin dakitela uste dutenentzat. Mitxelko Urangak ere, filosofia irakaslea bera, badaki horrenbeste: “Mitxoleta gorrien xarma beldurgarri pozoitsua da, elektrizitatearen fluxu pizgarria, koleopteroen bakardadea desertuan. Gorputzik gabeko mamua da, jaioberriaren lehenengo berba, hontzaren ulua egunsentian…”.
Abangoardiarik gabeko garaiotan abangoardiako definitu daitekeen poemategia da hau beraz. Ez da erraz agortzen, eta irakurketa posible asko ditu, sinboloz beteriko pieza zoramenezkoen erritmo biziari esker. Horregatik, ez da irakurketa “errazekoa”. Bihurria eta makurra da batzuetan, sinpletasunaren kontrakoa eta probokatiboa. Urangaren ariketa arriskutsua da, baina magikoa eta bestelakoa ere bai. Asperdurak behintzat ez zaitu hartuko, irakurle. Uste dut merezi duela lerro hauetara hurreratzea, aurreiritzi eta juzkurik gabe.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi