kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gauaren sakonean / Haruki Murakami (Ibon Uribarri) / Erein, 2009

Kontzientziako arrakala estua Karlos del Olmo / eizie.org, 2010-03-29

Yasunari Kawabataren Loti ederrak eleberria euskaratu zuen Ibon Uribarriren eskutik datorkigu orain jazz pieza klasiko baten antzera eraikitako Gauaren sakonean idazlana, inprobisaziorik askeena aurretiko lan sistematiko eta zehatz-zehatz baten ondorio dela erakustera. Itzultzaileak ez ezik, beste zer edo zerk ere amarratzen ditu bi nobelak: ekandu europarrean halako ezagun den Loti ederra ipuinaren gaiak, hain suertez. Erakargarri bereziren bat izan behar du gaiak, nonbait guretzat halako urrun dagoen ekialde hartako idazle on-on bik oso ikuspegi ezberdinetatik lantzeko.

Liburuan “aditu” daitekeen musikarik gabe Gauaren sakonean txarrago ulertuko da, askozaz ere gaitzago. Curtis Fuller-en Five Spot After Dark piezak zama nabarmena hartzen du (After Dark Asian Kung-Fu Generation rock talde japoniarraren kanta ere bada, eta liburuaren arima, leloa, ardatz nagusia). Tower of Power taldea eta Francis Lai-ren Love Story airearen piano bertsioa ere aipagai darabiltza izkiriatzaileak. Mike Jagger musikaria ere aipabidean da, baina Baby Boom belaunaldiaren adibide modura. Bestalde, eleberrian esangura berezi-berezia duen Denny’s kateko jatetxe-edaritegian girotze musika moduan bakardadea iradokitzeko aipaturiko beste hiru musika aire ere ukitu berezi baten sortzaile dira: Percy Faith-en Go away little girl, Burt Bacharach-en April Fools eta Martin Denny-ren More. Eta, orri batzuen bueltan, hara hor, ostera ere, jazza: Ben Webster-en My Ideal eta Duke Ellington-en Sophisticated lady klasikoak. Kokalekua aldatzen delarik, hara hor bestelako musika batzuk Skylark lokal txikian: Pet Shop Boysen Jealousy eta Hall & Oates bikotearen I can’t go for that. Guzti-guztiek testuari esangura eta girotze bereziak eransten diote, testutik at dauden edukiak, metatestua, gehituaz. Veritech bulegoan dagoen Xirakawa pertsonaia ulertzea nekezagoa litzateke Ivo Pogolerich Bachen Suite ingelesak eta Brian Asawak Scarlattiren kantata bat jotzen ari direla ez bageneki. Eta beste frankia ospetsu batean, 7-Eleven izenekoan, Southern All Stars pop-rock talde japoniarraren musika eta Shikao Sugaren kantariaren Bonba zukua abestia entzungai, oso bestelako musika mota, agertokia bera ere diferentea delako. Eta tronboia jotzen duen mutil protagonistaren entsegu lekuan jazza berriro ere: Sonny Rollinsen Sonnymoon for two.

Eta gainerakoak gainerako, Blade Runner dagoeneko klasiko bihurturikoa bera aipatzen du bikote protagonistak. Hotelak, hara!, Alphaville du izena. Zertan esanik ez dago, beraz, musika, literatura beltza eta ukitu modernistako sortalde giro “sartalderatua” maite dituzten irakurleek txolarte ederrak izango dituztela zain gau sakonezko eleberri honetako orrietan, atezuan.

Irakurlearen atseginaren ondoriozko arrakasta erraztasunean eta gardentasunean bilatzen duten eleberria ikaragarri ondo saldu batzuek ez bezala, Murakamiren eleberri honetako prosak kalitate handiko zama literarioa eta artistikoa du. Protagonistak oso gazteak dira, baina euren bizipen unibertsalak oso sinesgarri gertatzen dira. Carver, Scott Fitzgerald, Chandler eta beste idazle batzuk japonierara itzuli dituen idazleak inoiz ez ditu ezkutatu bere fobiak (adibidez, Mishimaren estiloko literatura eta jarrera politiko japoniarrak) eta kutuntasunak (anglofilo samarra da literatur nahiz musika zaletasunen aldetik, batez ere jazza maite du). Eleberri honetan, dena dela, Frantziako zinemagintza eta literatura ere oso agerikoak dira: Godarden Alphaville distopia, Nouveau-roman joerako eleberrigileen “objektu zaletasuna”.

Idazleak berak esana du eleberria idatzita dagoela ordenagailu teklatua piano teklak balira bezala, inprobisazioaren bidetik, bere liburuak hobeto ulertzen direla kaosean kokatuz gero, eta jendaurreko ospeari ihes egiten dion arren —kaosa gorabehera—, gutxiengoek literaturan gehiengo zabala eratzen dutela ederto erakutsi du haren jazz klubera joaten ziren lagunentzat idazten hasi zen izkiriatzaile honek. Gauaren sakonean poema urbanoaren egileak hainbat lanbide izan ditu (eta haietan, itzulpen literarioa ez da mendreena), baina harrogarririk handiena du idazlaritzan hogeita hamar urte eman ostean munduan hainbat irakurlerengana heldu izana (ofizioko lehen hamarkadan oso irakurle gutxi izaten zituen). Eleberriak idazterakoan, bere baitako iluntasun ezezagunen bila abiatu ohi da Murakami, eta bilaketa horretatik ekarritako oroigarriak eta eskarmentua esker handikoak gertatzen dira munduko irakurle askorentzat, nahiz eta Japoniako aditu eta idazle batzuek lar estimatu ez eta gogotik larrutzen duten.

Euskarazko itzulpen honetan jatorrizko izenburuaren oinarri den musikaren izenburua —gau beranduari aipu egiten diona— itzultzea erabaki dute edizio honetarako, beste hizkuntza batzuetan ez bezala. Bide guztiak zilegi dira itzultzean, baina pentsatu behar dugu eleberria idatzita dagoeneko jatorrizko kulturan izenburuak eragindakoaren antzeko ondorioa, zauskada lortu behar dela itzulpenean ere. Harrigarria da, bestalde, XXI. mendean itzultzailearen izenik azalean ez aipatzea argitaletxeak. Horrezaz gain, badirudi edizio honetan zer edo zer gertatu dela testuaren azken orraztuari dagokionez, erraz zuzendu daitekeen akats edo laprastaden bat idorotzen delako han-hemen. Dena dela, eskergarria da Ibon Uribarrik japonieratarik zuzenean euskaratzean jarritako enpeinu eskerga. Azken batean, hitzen ñabardurak lagun egin behar dugu denboraren bidea; aldi zaharra, indargabetuta, behin betiko atzean geratzen delako.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak