kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Gauaren sakonean / Haruki Murakami (Ibon Uribarri) / Erein, 2009

Arrunta bezain berezia Iker Zaldua / Gara, 2010-04-02

Haruki Murakami idazle eta itzultzaile japoniarra da. Haur zela Mendebaldeko kulturak erakartzen zuen, musikak eta literaturak bereziki. Hainbat liburu idatzi ditu, agian arrakastatsuena Tokio blues. Norwegian Wood izan daiteke, milaka kopia saldu baitzituen, Japoniako gazteen artean ikur bilakatuz. Berantiarragoa da esku artean duguna, After Dark (Gauaren sakonean), eta aipatutakoaren oihartzunik izan ez arren, merezi du irakurtzeak.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, gauez garatzen da istorio arrunt hau. Dena den, arruntasunak ez du iluntzen berez darion xarma, izan ere, Tokion, halako gau batez elkarlotzen diren hainbat pertsonaiak osatzen dute istorioa. Gau bakarra beraz, berezia bezain arrunta; arrunta, gaua beztitzen duten protagonista askotarikoak ohikoak direlako, izen-abizenak aldatuta apika; berezia, izen-abizen jakin horientzat, gure liburuan agertzen diren protagonista horientzat.

Lehen orrialdetik adierazten zaigu, Murakamik kontaerari dagokionez egin duen hautua “Goi-goian hegan dabilen gautxori baten begiekin atzematen dugu ikuskizun hori zerutik”. Gautxoria gure laguna izango dugu irakurraldi osoan zehar, eta kamera bihurtuko da sarritan, gure begirada baldintzatuz. Batetik bestera eramaten gaitu idazleak, Tokioko gauean dir-dir egiten duen hartan arreta jartzen du, kafetegi bat, hotel bat, 24 orduz zabaltzen den elikagai denda, etxe jakin bateko gela, bulego bat…Horietan guztietan, jendea, gaueko zereginean edo zer eginean.

Espazioa, beraz, gautxoriak eta kamerak erakusten digute, jauzika, baina esan bezala, jauzi horiek ez dira denboran luze, gau bakarra da hizpide, gau bakarra deskribatzen da eta goiko eremu guztietatik igarotzen diren pertsonaiak zazpi ordu eskasean gurutzatu eta elkarlotzen dira, patuak edo halabeharrak bultzatuta. Ordularia da, hain zuzen, Murakamik istorioen segida eraikitzeko erabiltzen duen formula, ordulariak adierazten digu noiz eta non gauden, hark lekutzen gaitu eta hark erabakitzen du gaua noiz amatatuko den.

Kontaeraren estiloari dagokionez, deskribapen sakon bezain zehatzak, zehatzegi eta luzeegi zenbaitetan, eta elkarrizketa ugari eta errealistak dira nagusi. Agian oreka da idazleak bilatu nahi duena, elkarrizketak ezartzen duen erritmo biziari, apika, pausa eman nahiko zion xehetasunezko deskribapen luzeak erabiliz; eta egiaz oreka lortu duela esan daiteke, zenbaitetan kameraren zooma aktibatu eta pertsonaia hurbiletik ikus dezakegu, eskua luzatu eta ia ukitzeraino.

Pertsonaia horiek osatzen dute istorioa eta gautxoriaren begi zorrotzak aukeratu eta banaka etortzen zaizkigu. Gauaren sakonean elkar ezagutzen dute, pertsona arruntak dira, baina bakoitzak ditu bere berezitasunak, bakoitzak bere iluntasunak gauaren erdian eta elkarrizketa elkarrizketari lotuta haien zergatiak ageri zaizkigu. Finean liburu ederra da istorio xumeen zaleentzat, fantasiari ihesbide eman eta arruntasunaren zirrara sentitu nahi duten haientzat. Ez dago protagonista heroikorik, ez dago handi-mandirik, kamerak ausaz harrapatu duen jendea da, zooma gerturatu eta pertsona bihurtzen direnak. Amaieran ere ez espero ustekaberik, ez espero harridura edo ebazpenik, gaua nola horrela amaitzen da liburua, egunsentia da argitzen den bakarra, bakoitzaren barne munduak zazpi ordu lehenago bezalaxe dirau, beste gau bat igarota.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak