kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Piknika izotzetan / Andrei Kurkov (Olga Mtz. de Marigorta) / Alberdania, 2009

Pinguinoaren sindromea Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-12-20

Andrei Kurkov errusierazko idazle ukrainarra arrakastatsua da bere eleberrien itzulpenetan. Idatzi dituen erdiak itzuli dira, eta gaurko hau, euskaraturiko lehena, hogeita hamahiru hizkuntzatan dasta omen daiteke dagoeneko. Piknika izotzetan izenburua nahiago izan du Olga Mtz. de Marigorta euskaratzaileak, nahiz eta Kurkovek 1996an, eleberriaren lehen argitalpenean, bertze izenburu bat jarri zion, Arrotz baten heriotza euskara genezakeena. Edonola ere, Kurkovek berak ere aldatu zion titulua hurrengo inprimaketetan, hain juxtu euskaratzaileak hautatu honetara pasatzen. Gure inguru kulturaleko erdaretan zorte anitzetako izenburuak aurki ditzakegu: Picnic sobre el hielo gisa ere atera zuen lehenbizi Plaza & Janesek, baina Muerte extraña gisakoa geroko sakela argitalpen merkeago batean; El Tercer Hombre argitaletxeak, berriz, pinguinoaren irudia —guztiz sinbolikoa eta lehen garrantzizkoa eleberrian— lehenetsi zuen izenbururako: Muerte con pingüino, alegia; ingelesek eta frantsesek egin dutena, halaber, Death And The Penguin eta Le Pinguin, hurrenez hurren jarririk; eta alemaneraz, berdintsu. Nonbait erran du egileak pinguinoan ikusten duela gizarte postsobietarraren gaitzaren isla —eta, hain zuzen ere, gai errepikakorra izanen du hego motzetako eta ibilera dorpeko izaki honena—, abere taldekoi gisa hezitako eta depresioak jota gelditu den gizartearena, nork bere burua libre ibiltzeko beharturik ikusi duenetik.

Ukrainako jendarte postsobietarraren halako fabula beltz eta surrealista bat garatu du eleberri honetan. Aurreko apparatnik-ek eta diru-gose berriek osaturiko mafiak gurutzatzen dira jendearen eguneroko bizitzan. Protagonista, Viktor idazle frustratua, arnasa sakoneko eleberri bat idaztearekin amesten duen baina ipuin labur-laburrak baizik idazten ez dituena, mafien amaraunean eroriko da eta genero berri baten sortzaile aparta bihurtuko: oraindik bizirik dauden hainbat jenderen obituarioak prestatu behar ditu, egunkari bateko erredakzioburuaren irizpideei jarraikiz, eta bidali ahala hilik agertuz joaten dira omenezkoak, bortxaz, erran gabe doa. Bakarrik bizi da idazlea, banandurik, seme-alabarik gabe, eta pinguino bat adoptatu du, krisiaren ondorioz parke zoologikoa babesle partikularren bila hasi baitzen bertako aleentzat. Pinguinoa, noski, egokitu ezinaren irudi. Absurdoaren atmosfera, giroa, zerbitzatu du egileak testuinguru horretan. Korapilatuz joanen zaizkio gauzak idazleari, harreman berriak aurkituko ditu, agertu bezala desagertuko zaizkionak, neska haur bat eta neskame gazte-gazte bat bilduko ditu etxean, eta pinguinoa bera absurdoki alokatzera helduko da bere obituariokoen hiletetarako: etiketa-janzki ezin hobea pinguinoarena…

Idazkera erraz-erraza, deskripzio soil laburrak —eguraldi eta elurte goibelenak gehien bat, giro narratiboaren zerbitzuan—, diskurtso ideologiko eta filosofiko espliziturik gabe, egokia da zeharo gazteek gustura irakurtzeko —Gazte Literatura bezala komentatu zuen egunkari honetan joan den igandean Imanol Mercerok—, baina bere itxurazko lainotasun literarioaren azpian zama handia darama narrazio honek, helduentzako are produktu biziki interesgarriagoa delarik. Agian, irakurle honen inpresioan, tentsio narratiboaren falta puntu bat du une batzuetan, bere garapenean. Baina aipatu absurdoaren atmosferak, umore beltz eta hotzak, zertzelada, gertakari eta eszena surrealistek, espantuzko keinu bat ere gabe kontaturik, koktel trinko bat paratu dute, irakurleok gero hobe digeritzeko gure eguneroko saltsak.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak