kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Azken egunak Gandiagarekin / Joxe Azurmendi / Elkar, 2009

Azken egunak Gandiagarekin Pako Sudupe / Berria, 2009-12-09

Hau ez da liburuaren kritika bat, liburua irakurri ahala egin ditudan oharren lagin murritz bat da. Ez dago inon idatzia debekatua dagoela horrelako gauza bat egitea eta libertate horretaz baliatzen naiz.

Irakurle literaturzalearentzat Gandiagaren Elorri-k zekarren mundu berria azaltzen duen atala ezin utzizkoa da. Gaizki parafraseatuz, Gandiagari eskerrak ematen zenizkion Ama Birjina beste modu batera ikusten erakutsi zigulako eta erantzuten omen zuen: “Zer nahi duzu ‘tiernísima madre, inmaculado corazón’ eta ez dakit zer irakatsi ziguten, debozio erdaldun bat dena. Nik ikusten nuen, ez nuen ezer ulertzen, eta ikusten nuena esan behar nuen”.

Arrizkoa zara. / Irribarrezko arri / triste t´otzezkoa. / Elorrian zagoz. / Irribarrezko triste / Irribarrezkoa (E. 106 zenb.)

Irudikatzen duzu Gandiaga fraide gaztea harrizko Ama Birjinaren irudiari beha, begira-begira eta berari irudi horrek sortzen zizkionak hitzetara ekartzen; baina literatur tradizioa alde batera utzirik, Ama Birjinaz eta haren irudiaz irakurri dituen poema eta kontakizun eta azterketa guztiak bazter, bere esperientzia, ikuskera propioaren bila. “Harria”, “Irribarrea”, “Triste”, “Harria: hotza”; sei lerro motz goitik behera paratu, sei-zazpi-sei eta sei-zazpi-sei silabetan, eta “arri-irri-elorri-irribarre” fonetismo indartsuz oso bestelako mezua transmititzen.

Bere aurreko ordenakide zarauztar Antonio Arrutik Ama Birjinaren deboziozko literatur tradizioan bete-betean pulunpaturik, honela deskribitzen zuen: “blanco lirio de nítida corola / que en el fango germinó”. Ama Birjina haurrarekin tenplura honela zihoan: “Hermosa de Cadés, cual la palmera, / Velada la ondulante cabellera, / Llevando en brazos a su Dios que adora”; “Azucena jamás contaminada, / Piscina de Hesebón nunca turbada, / Y pura más que coruscante estrella” ( 46 or.).

Hagitz errazago zuen Gandiagak honelatsu deskribatzea Ama Birjina: “korola garden-argiko lirio zuri”, “zitori inoiz kutsatugabeko”, edo “diz-diz dagien izarra baino garbiagoa”; hori egina zegoen, euskaratzeko lan pixka bat hartzea nahikoa, baina ez, utzi Arantzazuko dotorezia eta letrak, eskolak eta poesi gorak eta Orbelaunera itzuli zen. Berak kontatu zigunez Orbelaun: mendi arlo handi bat zen, laborarien arazo eta bizimoduz jantzia. Zenbat naturaltasun eta mistifikazio hastantze dagoen Ama Birjinaren (irudiaren) deskribapen horretan, azaldu digu J. Azurmendik.

Irakurle literaturzalearekin jarraituz, Ama Birjinaren deskribapena eta ikusteko modua bezala, Gandiagak Arantzazuko ikuspegia ere aldatu egin zuen, Arantzazu eta Euskal Herriaren historia lotzeko modua. 1690ean Paraninfo Celeste argitaratu zuen J. Luzuriagarentzat Ama Birjina elorri apal batean agertu bazen ere, inoiz inork mendean hartu gabeko kantabres harro batzuei agertu zitzaien, eta euskal aitoren seme bati ez baizik artzain bati agertzea esplika zitekeen; azken buruan XVII. mendeko euskaldunen kontzientzia harroa erakutsi zigun; S. Mitxelena soldadu ibili zen 1936ko gerran beharturik (Francoren aldean!) ezagutzen zuen gerra, Durango eta Gernika, Foruen abolizioa eta Euskal Herriaren guruzbidea, baina jarraitzen zuen euskal harrokeriarekin: Elkano, Okendo, Oñatiko konde tiranoaren aurka beti demokrata gu; eta jarraitzen zuen itxaroten Jainkoak bere amarekin Francoren tropei lagundu zien bezala, egunen batean euskaldun xumeei ere lagunduko ziela halakoren batean. Jainkoak probatu egin nahi gintuen, Guruzbidearen ondoren etorriko zen Berpizkundea, Lazarorena bezala, baina Gandiagak jada ez. Eskolan ikasi zuen nola Jainkoa Covadongatik hona Espainiako historian protagonista izan zen, eta irabazleen Jainko historiko horrekin ez zuen ezer jakin nahi; Gandiagak Jainkoa Naturara mugatuko du, familiara eta euskaldun pobreetara; Jainkoaren historia baten ideia ezin onartua zitzaion.

Baina liburuak eduki eta mami nagusia, beharbada, ez du hori, eta beste irakurle mota batzuek elikatzeko adina funts badu. Bizi garen edo bizi gaituen aro honetan, lehen erlijioa ohitura sozial edo tradizio inkontzientea bezala, orain erabaki baten aukera bat bihurtzen da gutako bakoitzarentzat.

Egon, esaten digu, Jainkorik ez dago, hil ondoan zeru edo infernu edo ezein bizilekurik ez dago, baina hori arazoaren amaiera baino hasiera besterik ez da. Jainkorik ez dago baina ikaragarri sinetsi izan duen eta oraindik ere sinesten duen gizadi bat dago: zer esan nahi du horrek? Harri bat dagoen moduan edo mendi bat dagoen gisan ez dago, baina horrela maitasunik ere ez dago, askatasunik ere ez dago, duintasunik ez dago, utopiarik ez dago, gauzak aldatzeko gogorik ez dago, eta gure bizitzan axolazkoak diren gauza gutxi dago harri bat edo mendi bat dauden bezala. Gizabereon munduan zerarik garrantzizkoenak ez daude, baina beste errealitate modu batean errealak dira. Jainkorik ez badago, eta gure bizitza absurdoa bada, zer axola digu Auschwitz, Hiroshima, Vietnam, Gaza edo Afrikako miseriak? Bizitza ezin da bizi zentzuren bat eman gabe bizi. Eta zentzu bat guk geuk ematen diogu, geure erabakiak, konpromisoak, ekintzazko fedeak, itxaropena geuk jartzen dugu. Federik gabe ez dago Jainkorik, Jainkoa fededunarentzat bakarrik dago.

Liburua ohar bilduma bat da, eta ohar gehienak goragoko paragrafoan markatzen den norabide horretan mugitzen dira, barnatzen dira, zulatzen eta sakontzen dute.

Kritikatzen agertzen duen zorroztasuna ederra da. Elizaren kritika egin beharra dago, esaten digu. Behar-beharrezkoa da, baina egiten ari den moduagatik ez da oso interesgarria gertatzen ari. Elizaren historia negargarria dela ezin da ukatu (K. Deschner). Eta zientziarena, Unibertsitateena? Justizia eta Epaitegiena? (Denoi datozkigu epaile izen mordoxka ederra) Zientzialariak, artista eta poetak eta zinemagileak eta filosofoak eskas izan ote zituzten Hitlerrek, Stalinek eta Francok? Elizarena baino hobea ote da Estatuaren historia? Estatu modernoa eta zientzia modernoa besotik estu-estu helduta ibili dira: “Zenbat zientzia behar den, hain denbora gutxian hainbeste jende garbitzeko!”, hasperen egiten zuen P. Valéryk Lehen Mundu Gerraren biharamunean.

Karaktereak ahitzen ari zaizkit. Ideia, iradokizun, pentsakizun eta sentikizun samalda sortzen ditu. Ehuneko bi komentatuko nuen. Aski esan dut!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak