« Mundu erori hau | Fadoan kantetako moduko patua »
Etxepare Aldudeko medikua / Kepa Altonaga / Euskaltzaindia-EHU, 2006
Darwin, Etxepare eta Zumaia Iñaki Sarriugarte / Idatz & Mintz, 2009-07
Charles Darwin naturalista eta biologo ingelesa jaio zala, gizaldi bi beteten diran honetan, 1809ko zezeilaren 12an sortu zan mundura, une egokia dogu Kepa Altonaga biologo eta zientzia dibulgatzaile bizkaitarraren Etxepare, Aldudeko medikua liburua barriro letren plazara ekarteko; izan be, Darwin bera dogu liburuak dituan zientziazko ataletan aitamen gehien beraganduten dituan pentsalaria. Etxepare medikua eta Darwin, lotu-loturik ikusten ditu saiakerearen egileak: “Eta deskubritu nuen [Jean Etxepare] oso idazle interesantea zela, gainera —nire alorretik— ikusi nuelako gizon eboluzionista izan zela eta Darwinen ideiak euskararen mundura sartzen saiatu zela, kontrabandoz bezala”. Bide beretik, esan daigun Darwin-ek aurten 150 urte, 1859an, emon ebala argitara bere libururik ezagunena: The origin of species.
Kepa Altonaga ezaguna da literatur genero berezi honetan, zientzia-dibulgazinoan, eginiko aportazinoakaitik. Aldizkari askotan (Elhuyar, Jakin, Berria, Ekaia…) argitaratu izan ditu bere artikuluak eta esku artean dogun saiakereaz ganera, beste liburu nagusi bi emon ditu argitara: Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan (1998) eta Armand David, pandaren aita (2001).
Liburuaren amaieran damosku egileak obrearen sorreran dagoan ideia nagusia: “Zumaia, buruan bueltaka darabildan ideian, gune magikoa da —magical place—, dinosauroen suntsipena eta Etxepare medikuaren bizitza elkarrekin lotu eta saiakera zientifiko bat idazteko”. Izan be, 2001. urteko abenduan, Zumaia aldera joan jakun Kepa Altonaga. Stephen Jay Gould biologo eta idazle amerikarragaz, hango itsaslabarrak ikusten. Han, idazle euskalduna Gould-en Dinosaur in a haystack (1995) liburuagaz gomutatuko da, saiakera horretako kapitulu esanguratsu bat Zumaia eta Miarritzeko K/I (Kretazeo-Tertziario) mugen ganekoa da-eta. Era berean, Peter Douglas Bard paleontologoa sei aldiz egon zan Zumaian ikerketak egiten, eta zientzia-idazle amerikarrak ammoniteen ganean eginiko ikerketa sakonak be, eragina izango dau euskaldunaren liburu-proiektuan.
Stephen Jay Gould idazlea 2001eko abenduan, Euskal Idazleen Elkarteak gonbidatuta etorri zan Euskal Herrira, Eibarren burutu zan Prosa Zientifakoari buruzko 1. Biltzarra izeneko kongresuan parte hartzera. Handik denbora laburrera hil zan (2002-05-20). Esku artean dogun liburuan, argi agertzen da Altonagak amerikarrari deutson txera berezia eta estimu handia. Stephen King idazleak Gould-i opetsitako esaldi bat bere eginaz, honako hauxe dinosku idazle bizkaitarrak: “Neu ere pozik nago nire bizitzak haren bizitza ikutu duelako (…). Orain Gould-en liburuak nire lerroarteetaraino transmutatu dira”. Esaldi adierazkorrak, benetan.
Liburuko protagonista nagusia, Jean Etxepare medikua (1877-1935), Argentinako Mar Chiquita herrian sortu zan, baina umetxua zala Ipar Euskal Herriko Lekorne herrira etorri zan familiagaz. Medikuntzea ikasi eban Bordelen eta 1901. urtean doktorego tesia (Quelques remarques sur le joueur de pelote) defendatu eban, bertan pelotarien lesinoen nondik norakoak aztertu zituala. Gaztetan hasi zan Eskualduna aldizkarian idazten eta liburu bi argitaratu zituan: Buruxkak (1910) eta Beribilez: (1931). Bitarte horretan, 1919an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu eban. Eskualzaleen Biltzarra erakundeko lehendakaria eta Gure Herria aldizkariaren buruorde eta idazkari nagusia izan zan. Idazle barritzailea: “Inoiz pentsatu izan dut Etxepare zuzenean guretzat idazten aritu zela”, dinosku egileak. Behe Nafarroako Aldude herritxuan emon eban bere mediku-bizitza ia osoa eta Kanbon hil zan 1935ean. Piarres Xarritonek batu ditu haren lan guztiak: Jean Etchepare mirikuarera idazlanak.
Jean Etxepareri bagagokoz, Altonaga ez da konformatzen ohiko biografia bat idazteagaz. Izan be, mediku-idazlearen inguruko Parnaso Txikia eta zientzia-ikerketen mundu zabala bata bestearen atzean agertzen jakuz liburuan, ehundu beharreko oihalaren zuta-zeharrak bailiran: euskaldunak Argentinan; Darwin-ek Beagle belauntzian eginiko ikerketa-osterea; fauna handiaren amaierea: Mar Chiquita-tik Lekorne ttikira: Larresoron ikasle fin…
Hori guztiori egiteko baina, Altonagak ez dau errezkeriara joko. Literatura sendoa eta artisauaren pazientziagaz harildutakoa da Leioako irakasleak landu ohi dauana. Dokumentazino lana be nabarmena da saiakera bikain honetan. Azpimarragarria dogu, era berean, liburuan agertzen dan biografia-zerrendea (zientzialari, idazle…), baita argazki galeria interesgarria be.
Hizkuntzeari jagokonez, arrazoi pragmatikoei begira euskera ekumenikoa erabilteari deritxo egokien Altonagak: “Oroz gain, nik neuk, euskara ekumenikoaren aldeko joera argia berreskuratuko nuke Etxepareren hizkuntza-eredutik”. Izan be, purismotik aldenduta, plebifikazioa —termino kanonikoen baliokide arruntak erabilteari deritzo— izango geunke aukerarik onena zientzia dibulgazinorako. Altonagaren estez: “eredu plebifikatzaileak malgutasun handia opesten du berez, eta, berorretatik abiatuta esku egokiek orrialde bikainak ondu dituzte ingelesez, Stephen Jay Gould-ek eta David Quammen-ek bezala, eredu plebifikatzaile hori zeinek bere erara oratzen —eta orhatzen— badu ere”.
Euskera batuari eta euskalkiei jagokenez, Altonaga hibridismo dialektala-ren alde agertzen da, Amand Abadia eta jean Etxeparen jarraiturik. Eredu kritikatua izan arren, abantaila handiak be onartu izan jakuz. Altonagaren euskera bato ederrean bizkaierearen ikutua ez ezik. Iparraldeko euskerearen zipriztinak be sarritxu topatuko doguz: halandaze, uros, koiu, fin… Mendebaldar kutsua da, ha ta guzti be, kritikoak gehien azpimarratu izan dabena.
Edozelan be, Altonagaren idazteko era egokia eta zientzia-kulturak buztartzeko dauan trebezia dira, gure ustez, alderdirik aitagarrienak. Esandakoari lotuta, esanguratsuak dira oso, Iban Zaldua idazleak Armand David liburuaren inguruan idatzitako lerrook: “Altonagaren idazteko modu bereziak asko zor die, egileak aitortzen duen bezala, D. Quammen eta S. Jay Gould zientzialarien dibulgazio lanei: nik Gouldenak ezagutzen ditut, eta zalantzarik gabe esan dezaket Altonagarenak ez daudela estatubatuarraren lanen mailaren azpitik”.
Etxepare, Aldudeko medikua liburua gomendagarria dogu zientzia eta euskal kulturea. bitzuak, maite dituen guztientzat. Izan be, saiakera honetan, egileak planteamendu sakon, original eta irakurgarria egiten dau, bere generoan mugarria izan leitekeana.
Liburu barrien zain geratzen gara Darwin-en jaiotzearen bigarren mendeurrena eta haren The origin of species liburuaren 150. urteurrena ospatzen gagozan honetan, Kepa Altonagak idoroko dau-eta, zientzian zein euskal kulturan, zertan sakondua eta zer dibulgatua. Irakurleok eskertu egingo deutsagu.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres