kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Berandu baino lehen / Joseba Azkarraga / Alberdania, 2009

Hondamendia saihestu nahian Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-06-28

Nago, eta zuzen dabilenaren inpresioa dut, gure arteko ezker kritikoaren gehiengoan sendo erroturik dagoelakoan Frankfurteko eskola deiturikoaren ikuspegia; arrazoi tekno-zientifikoaren garapenaren lorpenak horren sakon kritikatu zituen hura, alegia. Adorno eta Horkheimerren Ilustrazioaren dialektika dugu apika ikuspegi horren adierazle biribilena, II. Mundu Gerra ostean. Segituan, Popperrek, eskola horretan hasi omen zen arren, astindu bortitza eman zien biei bere Gizarte irekia eta haren etsaiak ikerketa erraldoian. Arrazoi tekno-zientifikoaren munstrokeriak salatu bazituzten lehenbizikoek, ingeniaritza soziala, hau da, arrazoi tekno-zientifikoaren ahalbideak, garapen ekonomikoan ez ezik, sistema demokratiko eta arrazional batean ere txertatzea proposatu zuen Popperrek. Lehenbizikoak, iraultzaile; bigarrena, saio iraultzaile guztien kontra. Lehenbizikoak, gaurko pentsamolde kritiko ezkertiarren iturri bat; bigarrena, gaizki deituriko neoliberalismoaren justifikazio sasi-demokratikoen eta demokrata zintzo gaur agertu nahi duten ezkertiar lepozurien iturri. Eskematikoegia nirea, ezinbertzez, baina adierazgarria bederen.

Frankfurteko eskolak haizaturiko ikuspegiaren hazi haiek lur hartu zuten gure mundu garatuan, eta, era batean edo bertzean, loratu egin ziren gaurko modernia osteko hala hainbat planteamendu intelektualen (ezker aldekoetan, jakina) nola estrategikoren hosto koloretsuetan: ekologismoan, anti-kontsumismoan, garapen eramangarriaren aldekoetan, etab. Mundu mental honen barnean dugu Azkarraga Etxagibelen Berandu baino lehen saiakera, artikuluz osaturikoa. Soziologo da egilea, liburuko idazkietan bistan dena, baina psikoanalisiaz ere baliatzen da gure gizarte hipergaratu honen barne-gaixotasuna diagnostikatzeko. Eta irakasle da langile gisa, hori ere bistan dena orri hauetan.

Dibulgatzaile agertzen zaigu, ikerle bainoago. Baina ez da mugatzen bertze ikerleen liburuak edo ideiak didaktikoki atondu eta laburbiltzera. Berak barneraturiko eta metabolizaturiko ideiak dira, bere esperientziekin, begiekin eta usaimenarekin ongi ere ongi oretuak, gero erarik adierazkorren eta sinesgarrienean azaleratzeko. Euskara jaso, erritmo ederrekoan, eta aldi berean kultura ertaineko edozein irakurlerentzat ulergarrian, idatzirik. Ez ditu bere iturriak ezkutatzen, pentsalari eta ikerle asko ekartzen du orrietara, baina pedantekeria guztietatik aldenduz, naturaltasun bikainez txertatuz idazkien ehunduran, berak bizi izandako edo bertze inork kontaturiko pasadizoak hartuz euskarri gisa: hain astun izan daitezkeen gaien irakurketa plazer ariketa bihurtzea lortu du. Zein ederrak, antologiazko aforismoak izateraino ere, erranaldi labur-labur asko, sintaxi luzeagoko paragrafo batzuetan sartuak edo haiei bukaera ematen dietenak! Irakasle eta idazle trebe baten merituak, inondik ere.

Hogeita hamabi artikulutan zehar jorratzen du gai anitz: gure zibilizazio tekno-zientifikoa, globalizazioa, eratzen doan beldurpeko gizarte likidoa, gaixorik eta prozac motako botiken beharrean dagoen hau, bai mundu zabalean, bai gure euskal txoko politiko eta sozialean.

Gai hauetan kritiko sartzen direnek badute giro apokaliptiko batean erortzeko joera bizia. Ez da hori gure egilearena. Berak errana, “apokalipsia desmobilizatzailea” da eta nahiago du “errealismo kezkatia”, “hondamendia posible dela aitortzen duen jarrera konstruktiboa”. Horixe adierazi nahi du, eta ederki lortu ere, izenburuko hitzekin, liburua itxi ere egiten duten hiru hitz horiekin: “berandu baino lehen”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak