kritiken hemeroteka

8.629 kritika

« | »

Fatum / Jon Arretxe / Elkar, 2008

Fast Fatum Mikel Ayerbe / Berria, 2009-02-01

Jon Arretxeren Fatum nobela berria Lisboan kokatzen da. Han izan denak (eta izan ez denak) jakin dezake, hiriburu horren ezaugarri esanguratsuenak fadoak, tranbiak, portuges hizkuntza, begiratokiak, etxeetako fatxada eta espaloietako harlauzak direla. Baina, hala ere, Lisboari xarma eta lilura bereziena hiriaren dekadentzia itxurak berak ematen omen dio. Kokaleku hori aukeratu du Arretxek, hiriaren ezaugarri eta are xehetasun zein txikikeria guztiak ahaztu gabe. Liburuko bigarren kapitulua da horren adierazgarri, 28. tranbiaren ibilbidea duela aitzakia, bus turistiko bat balitz bezala hiriaren deskribapen zehatza egiten baita (auzo, eraikin eta abar entzutetsuenen izenak barne).

Dekadenteak dira nobela honetan agertuko zaizkigun pertsonaia gehienak ere: junkieak, puta zaharkituak, eskale mozkortiak eta ero galduak betiereko maldan beherako ibilbidean zulotik atera ezinez. Baina ohiko miseria eta arriskuez gain, azken aldian hilketa arraroak gertatzen hasi dira Lisboako kale ilunenetan. Norbait kaleak garbitzen ari da eta Mario Barbosa protagonistak hilketa guztien atzean zer ezkutatzen den jakin nahiko du, bereziki Mariza bere adiskidea ere hilda agertu dela jakiten duenean. Barbosa protagonista ere erabat dekadente eta goibel aurkezten zaigu hasiera-hasieratik (fadoak abesten ditueneko aurreneko eszenatik). Eta ez da gutxiagorako, Barbosaren karakterizazioak ere badituelako bereak: ustelkeria kasuagatik poliziatik egotzi, eta egun, fadoak abesten ateratzen ditu sosak; cachaça-edale porrokatua da; alarguna, mozkorturik gidari zihoala istripua izan eta ondorioz emaztea hil zitzaionetik; eta azkenik, maitale baino gehiago bere adiskidea zen Mariza prostitutari norbaitek burua moztu dio. Hori liburuaren abiapuntuan, protagonista kargatuegi hau zama gehiago pilatzen joango baita orriek aurrera egin ahala.

Bidaia exotikoagoetan oinarritutako fikzio lanetatik apur bat aldenduz (Griot eta Zazpi kolore, besteak beste), azken aldian jorratzen hasitako bideari heldu dio berriro Arretxek, oraingoan ere Europako hiri esanguratsu bat aukeratu (aurretik Roma eta Paris izan ziren) eta eleberri beltzaren arau klasikoekin liburu entretenigarri baina serio bat egin asmoz. Eta asmoa hori bazen, emaitza oso bestelakoa iruditu zaidala ere aitortu behar dut, genero beltzeko oinarrizko suspentsea, irakurlearen jakin-mina areagotzeko teknikak eta elkarrizketa zuzenen zein tramaren bilakaera sendoaren falta sumatu dudalako. Adibide bat ematearren, une zehatz batean Marizaren hilketa nola gertatu zen errazegi eta besterik gabe jakiten dela deritzot, informazioa ematearekin aski izango balitz bezala, aurrez Barbosa hor zehar (95 orrialdetan!) galdezka ibiltzea liburuko beste pertsonaiak aurkezteko aitzakia soila dela argi gelditzen den neurrian. Elkarrizketak direla eta, ez dut ulertzen testuan bom dia, tudo bem? edo moito obrigado-ak sartzearen mania hori ere (Lisboaren esentzia gertuagotik biltzeko ahaleginaren ondorioa baino, gehiago dirudi balizko bidaiariaren oinarrizko hiztegia fikzioan txertatzeko saioa). Bestalde, liburuaren lehen partea gehiegi luzatzen dela ere esango nuke, bigarren partean erritmoa bizitu eta gertaerak bata bestearen atzetik azkarregi jazotzen baitira. Eta, noski, aurreneko zatian aurkezturiko pertsonaia bakoitzak rol bat jokatuko du Lisboa antzeztoki duen antzerki honetan, askotan errazegi aurreikusteko moduan, gainera. Eta, tamalez, uste dut aurreikusten ez denak ere nekez sortuko diola irakurleari harridura edo miresmen erabatekorik.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak