« Gure barne zuloak betetze aldera | Nondik da irteera? »
Azken anaia / Nathacha Appanah (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2008
Altxorrik ez uhartean Iratxe Esnaola / Gara, 2008-12-12
Azken urteotan frantsesa darabilten idazle garaikideen obrak itzultzen hartu den lanaren baitan sar genezake idazle gazte honen azken eleberria (Maurizio Uhartea, 1973), Marie Darrieusecq, Amelie Nothomb edo Agota Kristof-ekin urratu zen bidean barrena. Jaiolekuak badakarkio, ordea, Natacha Appanahri, bai, bereizgarri franko. Ez zen alferrik izan bere lurra aurrena frantses kolonia, hurrena ingelesa, azkenik, 60ko hamarkadan independentzia lortu arte. Historia horren ondorioz kontrastez betetako isla oinordetzan hartu eta baliatu du bertako aniztasuna literatur sorkuntzarako.
Gertakizun ez fikziozko bat dago oinarrian eta haren inguruan osatu da eleberria. 1940. urtean Europatik ihesi Palestinara bidean doan 1.500 juduz betetako itsasontzia uhartean lurreratu da. Legez kanpoko etorkintzat hartuta kartzelatu dituzte bertan. Lagunon artean David izeneko mutiko judua Raj uharteko mutilaren adiskide egingo da. Ume hau da narratzailea, behin zahartu denean aitortzan datorkiguna bere memoriak kontatzera. Isolaturiko munduan, askoz beranduago arte ez zuen nazien existentziaren berri izango. Horregatik, historiaren eta oroimenaren garrantzia azpimarratuko du.
Bi mutilekin batera sufrimendua da liburuko protagonista. Honi bi interpretazio egin dakizkioke, gutxienez. Modu ezkorrean begiratuz gero, bi protagonistak aldi berean dira mirabe, bata Bigarren Mundu Gerrarena, eta bestea, kolonizazio eta esklabutza historiarena. Eman dezagun uhartea suntsituko duen zikloia, eta orobat natura basatia, giza txikizio ahalmenaren metafora direla. Natura izan da egun bakarrean Raj-i bi anaiak kendu dizkiona; gizona, aldiz, David deserriratu eta umezurtz utzi duena. Umeak lagun egin dira, bata kartzelan eta bestea miseria esplotatuan, batak bestearen beharra zutelako, beharrizanagatik, biziraupen senaz.
Alde baikorragotik jo daiteke eta ezberdintasunak gaindituz elkartu direla sinetsi. Batak yiddisha du hizkuntza eta besteak hindua du familia. Juduak uhartean ikusten diren aurreneko zuri gosetuak dira, ordura arte lur jabe osasuntsuak ezagutzen ziren bakarrik. Mestizo, indiar, beltz? mendetako esklabo garraioaren lekuko dira. Hori dena esan gabe doa eleberrian, adierazi nahian umeak ez direla horren arduradun. Haiek erlijio, ohitura, kultura kontrasteak alboratuz batu dira. Bizikidetza baten historia ere bada, hortaz, urteetan arraza-ezberdintasunean oinarritu den gizartean. Liburuak lezio moral agerikorik ez badu ere, beharbada badu bat zera esan nahi diguna: buruz-buruko harremanetan arrazak garrantzirik ez badu, mundu mailan ere gizakia gai dela elkartasunerako.
Bi aldeko epairik onartzen ez duena Natacha Appanahren idazkera zuzen eta argia da. Ekonomia narratibo inbidiagarriz, ekintzak bikain harilkatuz, martxa bizkorrean doaz gertakizunak irakurlea eskutik askatu gabe. Abiada berean joango dira, tamalez, heriotzara lagun asko. Lurra iraultzen hasiz geroztik ez da altxorrik uhartean, hildako mordoa baizik. Hemen natura eta gizakien deskribapenek agerian uzten dute indar suntsitzailea. Prosa biziaz uharteko giroaren partaide egingo gaitu, urruti, oso urruti, liburuxka turistikoen kontsignetatik. Maurizio Uharteko oinaze zerrenda da irakurleak aurkituko duena. Asmoa bada memoria gordetzeko; itxaropena gordetzeko, aldiz, nork begiratzen duen.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta