kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Zulo bat uretan / Iñigo Aranbarri / Susa, 2008

Gure barne zuloak betetze aldera Mikel Asurmendi / Irunero, 2008-12

Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan duzu, baiki, nire memorian zulo bat utzi zuena, uda aldean. Beraz, bolada joan da nobela irakurri nuenetik. Orduan ez nintzen ausartu beraz deus esatera. Badira memorian arrasto sakona bezain azal ezina uzten didaten liburuak. Zulo bat buruan uzten didate eta tapatu ezin dudan zulo bat daramat nirekin. Uf, zenbat zulo daramadan kasko hezurrean!

Liburua irakurri ahala hainbat ohar hartu nuen. Alta, ohar haiek, paper txatal eskas batean jaso nituen ohar eskas haiek, paperen artean nahastuta daude nonbait, berreskuratu ezinik. Eta ni neroni ere halaxe nago, nahasturik. Historiako hainbat lagunen hezurrak lurretan nola halatsu nire hitzok: oroimenean galduak.

Liburuari ekin diot berriz eta ohar bat baino ez dut jaso orainokoan. Honela dio Imanol Arellano protagonistak: “Idazteak ez du jakitea esan nahi”. Protagonistaren antzera ari naiz ni idazten orain.

Zulo bat uretan, izenburutik beretik hasita da literatura. Erran nahi baita, hitzak ez dira berez ematen dutena, hitzak errealitatetik urruntzen direnean, literaturazko edo fikzioko hitzak bilakatzen direnean, hitz errealek adierazi ezin dutena bihurtzen direla hitzok. Hots, idazleak hitzak transformatzen edo egokitzen dituela.

Imanol Arellano hitzen langilea da. Hitzen adiera zehatza bilatu eta erabili behar du kazetariak errealitatea eta egia kontatuko baditu. Historia kontatu nahi du Arellanok, baina historia azaltzea egia azaltzea bezain ezinezkoa da. Memoria idaztea naski, gure memorian arakatzea, joan zirenen memoria berreskuratzea, historiara hurbiltzeko modua da.

Historia, pertsonen, herrien eta komunitateen historia, gurean lurrari erabat lotuta dago. Gure memorian historian adina zulo dago, eta zulo horietan historia osatu zutenen gorpuzkinak daude. Gorpuzkinek denek ez dute lur bera hartu ordea, hauek gorpuzkin deserosoak dira, historia “errealetik” at geratu ziren pertsonak dituzu. Memoria kolektiboan zulo sakona utzi zuten, gaurko egunera etorririk, uretan eta urpean kondenaturik.

Zulo guztiak ez dira lurraren azalean, ez memoriaren lehen geruzan. Historian lurra zulatu zuten antzera arakatu nahi ditu kazetari idazlariak uretako zuloak. Memoria miatze horretan, bidean bide, zulatzaile laguntzaileak topatu ditu Imanol Arellanok: Maite Andueza antropogolo-forentsea eta Oscar Iriarte etorkin argentinarra.

Imanolen eskua honezkero Iñigoren eskua da. Hitzen arteko zuloak gure imajinazioarekin betetzea eskatzen digu esku horrek, Imanolen konplizeak izatera bultzatzen gaitu nobelaren egileak. Lurralde komunean izan ezik, gure memoria eta sena, historiako —eta istorio honetako— pertsonen bizipenekin eta memoriarekin partekatzera deitzen gaitu.

Historiako hiru istorio harilkatzen dira liburuan, historiako istorioak dira literaturarenean. Historiaz harago edo honago, lurraren deskribapena da istorioaren baloreetako bat. Lurra inportantea izanagatik, lurra zapaldu zutenek eta dutenek osatzen dute historia eta istorioa alabaina. Nobelako protagonistek lurra zulatu ahalean hitzek betetzen dute irakurlearen gogoa eta memoria. Protagonistak iraganekoak —Juana Ardanaz— hala nola gaurkoak —Segundo Biurrun— izan daitezkeelarik.

Lurreko zulo haiek bilatu eta hustu ahala, literaturarenean hustu eta bete ahala, irakurleok gure barne zuloak betetzeko idatzi baitu Iñigo Aranbarrik historiaren istorioa hau. Nire uste zuloan.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak