« Baso eta garo | Elkarbizitzaren elkarrizketa »
Labirintoaren orduak / Amaia Iturbide / Erein, 2008
Nondik da irteera? Igor Estankona / Argia, 2008-12-14
Labirintoaren orduak definitzeko zaila den liburua da, aberatsa eta askotarikoa. Ez alferrik, 2003 eta 2007. urteen artean bildutako uzta oparoaren zati bat dakarkigu autoreak, eta igartzen da, noski, ale batzuk udaberrikoak direla, beste batzuk udazken tristeago batekoak.
Tonu eta gaien aldaketak bakarrik ez, zatirik zati teknikaren eta poesia egiteko moduaren aldaketa nabarmenak ere badaude. Batzuetan eite tradizionala darabil —errepikapenak, hizkera laua eta sakona, berba pisutsuak— eta beste batzuetan jolasa eta esperimentazioa —lerro hautsiak, enumerazio zoroak, hizkuntza apur bat behartzeko gogoa—. Hermetismotik arintasunera momentu batean pasarazten zaitu.
Baina batez ere sinboloa, hitzak ostean daukan irudia baliatzen du Amaia Iturbidek. Liburuko labirintoak sinboloz eta keinuz beteriko igarobideak dira, beste hitz batzuen gainean pozaren edo tristuraren esanahia jartzeko ahalegina egiten baitu behin eta berriro: pinturarekin emozioa lortzen duenak legez, ezer ez diren hitzekin nahaste interesgarriak lortzen ditu. Horregatik poema bakoitza ondo lantzen du, arlo semantiko bakar batean mugitzen ahalegintzen da, eta hitz itxuraz suabeekin ideia indartsuak adierazteko gaitasuna dauka. Poesia sinbolistarekin badauka kidetasunik, beraz, Iturbideren poesiak. Ideia forma finekin janzten du beti, metafisikara egiten du sarri, eta errima, hotsa, erritmoa… jagon eta lantzen ditu. Emozioen poesia da, poesia kontzientea, bilbotarrak egiten duena. Samurra, arean gogorra eta erlijiozkoa ere bai noizbehinka, hitzaren esanahi intimoenean.
Bertso errimatutik sasi-prosaraino, urjauzirik urjauzi, jolasten ariko bagina legez azaltzen dizkigu poetak bere kezkak eta pozak. Eta horrek ez dio, hori ere esan egin behar da, liburu anitz honi bat ere batasunik kentzen. Joko tipografikoak egiten ditu ia-ia lerroen luzerarekin, hitz-zerrendekin eta baita collage arraroekin ere —berea nahastuz han-hemenka irakurtzen dituen esaldiekin, airean dauden ideiekin—, baina poemak gutxitan galtzen du musikaltasuna, egitura sendoa eta leuntasuna. Eta hori meritua da hain labirintikoa den eremuan, haikutik digresio luzera erraz pasatzen den liburu honetan. Eta sinpletasunean unibertsala iritsi gura duen lan guztietan bezala, nahikoa da batzuetan poema bat, irakurketa osoak merezi izan duela jakiteko: “Zauririk mingarriena: / egiaren gezurra. // Zauri hau jabaltzeko / ez edan ardorik mikatzena, / baizik-eta ardo eztiari darizkion / garratz punttu bateko zenbait ur xorta”.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi