kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Jerusalem, Xalimen hiria / Fito Rodriguez / Utriusque Vasconiae, 2008

Elkarbizitzaren elkarrizketa Ion Olano / Gara, 2008-12-19

Iragan maiatzaren 14an bete ziren hirurogei urte munduko estatu judu bakarra ofizialki eratu zenetik. Legezko hiriburua Tel Aviv izan arren, Jerusalem da israeldarrentzat hiriburu sinbolikoa. Palestinarrentzat ere, hura da etorkizuneko Palestinako Estatuko hiriburua. Jeriko eta beste gutxi batzuen ondotik, munduko hiri zaharrenetakoa da Jerusalem. Hiri hura hartu du ardatz Fito Rodriguez (Gasteiz, 1955) idazleak bere azken lana osatzeko, Utriusque Vasconiae argitaletxeko Ideiak sail berria zabaltzen duena. Idazleak lan honetan ere mantendu du hibridismorako joera, bere azken literatur lanetan bezalaxe. Izan ere, mamiz saiakera dena elkarrizketa azalez jantzi du oraingoan Rodriguezek.

Alemaniako poeta judu baten aipuak zabaltzen du liburua: “Betiko galdera madarikatuei / erantzun zuzenak emaizkiezue”. Hala idatzi zuen Heinrich Heinek 1853an. Liburua ixten duen aipua, berriz, Fawà Tùqán poeta palestinarrarena da: “Gaur hitz oro gatz da, gau honetan / Ezer ernetzen ezta loratzen ez duen gatz…”. Bi aipu horien artean hedatzen da elkarrizketa moldez idatzitako saiakera laburra, 11 atalek banatzen dutena. Jerusalemgo ate banaren izena du atal bakoitzak: Damaskokoa, Jaffakokoa, Simaurrena, Indusketena, Ate bikoitza, Ate hirukoitza, Lehoiarena, Siongoa, Herodesena, Urrezkoa, eta Ate berria. Hala egituratzen da liburua, eta elkarbizitzari buruz hitz egiteko aitzakia den istorioa, honakoa da: ikasgelan, Platonen “Elkarrizketak” lanak pentsatzeko modu berri bat abiatu zuela azaltzen ari da irakaslea, eta bitartean, atzeko ilaran eserita dauden Josu, Miren eta Joxe ikasleak hizketan ari dira. Horrexegatik, ikasgelatik kanporatu ditu irakasleak, eta kanpoan direlarik, Artizarne izeneko andereño berezi baten bisita izango dute gazteek.

Elkarbizitza zer den ikasi behar dutelakoan, Jerusalem hiriari buruz mintzatzen hasi da Artizarne. Ikasleei azaltzen die hiriaren izenaren jatorrian ez dagoela Shalem (bakea), Xalim baizik, “Venus jainkosa odoltsu bezain ankerra”. Artizarnek ohartarazten die erantzun biribilik ez duela emango, aitzitik, erantzukizuna bakarrik irakasten duela berak. Galdera-erantzunen artean azaltzen du, halaber, egungo liskarren zioa, erlijiozkoa eta ekonomikoa izateaz gain, arkeologikoa ere badela, diruaren oinarrian fedea dagoela, ikurren erabilerak bereizi duela gizakia gainerako animalietatik. Hain justu, zibilizazioaren ikur gisa baliatzen du Jerusalem: “gizakion babeslekuaren irudia eta gizarte zuzenaren itxaropena iradoki dituen ikurra dugu, kontraesan eta guzti”.

Badirudi, egileak elkarrizketaren itxura eman diola lanari, besteak beste, saiakerak azal irensgarriagoa izan dezan. Eskertzekoa da ahalegin hori, ene ustez hankamotz samar gelditu den arren. Izan ere, sinesgarritasun handirik ez dauka istorioak, ezta pertsonaien hizkerak ere. Artizarneren jarioa kasik entziklopedikoa da, eta gainerako hiru pertsonaien ahotsak ez daude sobera bereiziak. Testuak baditu umore printzak han-hemenka, hitz-jokoetan oinarrituta gehienbat. Horrez gain, diziplina askotariko ezagutzak biltzen ditu Artizarneren diskurtsoak, eta adar askotan kiribiltzen denez, zenbaitetan nahasgarria suerta daiteke. Nolanahi ere den, zinez interesgarria egin zait mami aldetik elkarbizitzari buruzko elkarrizketa, baita liburu hau gaur eta hemen argitaratzea ere.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak