« Baso eta garo | Elkarbizitzaren elkarrizketa »
Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008
Istorio metaketa Beñat Sarasola / Berria, 2008-12-14
Oraindik publikatu gabe, eta jende guztiak zuen zer esanik Kirmen Uriberen nobelaren inguruan. Seguruenik, zarata sobera alde guztietatik. Azkenik, nobela plazaratu da, eta, behingoz, nobelaren beraren gainean, testuaren gainean, mintza gaitezke osoki.
Eta, hala, ezer baino lehen esan daiteke Uribek apustu literario garbia egin duela, molde narratibo berrietara egokitutako nobela idatziz. Gaur egun, oraindik, XIX. mendeko nobela errealistaren eredua da nagusi, hala nazioarteko nobelagintzan, nola Euskal Herrikoan, eta Uribe eredu horretatik aldentzen ahalegindu da, arrisku literario nabarmenak hartuz. Horretarako, azken urteetan aski ugaritu den molde narratibo bati heldu dio, autofikzioari. Autobiografia eta nobelaren artean, narratzailearen identitatearekin jolas egiten du autofikzioak, kontakizuneko datu ugarik narratzailea autorearekin identifikatzera eramaten gaituztelako, baina beste zenbaitek, aldiz, identifikazio hori ukatzera. Jolas horretan maisu dira, esaterako, Enrique Vila-Matas eta W.G Sebald (bere aipu bat azaltzen da nobelaren atarian), eta honenbestez, esan daiteke Uribe egungo nazioarteko puntako literaturarekin —edo horren zati batekin, bederen— lotzen saiatu dela. Kontua da arriskuz eta anbizioz beteriko egitasmo horrek zer-nolako emaitza ematen duen. Nire ustea da nobela hasi-hasieratik hondoratzen dela, txalupa txiki bat legez, eta irakurlea hor ibiltzen dela alde batetik bestera, olatuen higiduren mende, 233 orrialdeetan zehar.
Kirmen Uribe izeneko narratzaileak Bilbon hegazkina hartzen du New Yorkera joateko, eta hegazkina hartzen duenetik New Yorken lurreratzen den arteko bidaia —Frankfurteko eskala tarteko— da nobelaren istorioa osatzen duena. Istorioa hutsala da, eta, honenbestez, nobelaren muina, istorio horretan bainoago, protagonistak egiten dituen hausnarketa eta digresioetan dago. Hausnarketa horiek bi iturburu nagusi dituzte: batetik, Ondarroako eta bere familiako istorioak daude; bestetik, idatzi nahi duen nobelaren inguruko kontuak.
Istorio ugari kontatzen dira nobela guztian zehar; gehiegi, ene irudirako. Aurelio Arteta pintorea, Ricardo Bastida arkitektoa, Liborio Uribe (aitona) eta Jose Uribe (aita) dira, seguruenik, hausnarketa horietako pertsonaia zentralak, baina istorioak ez dira pertsonaia horietara mugatzen. Gisa guztietako esplikazioak daude gisa guztietako kontuei buruz, eta askotan loturarik ez du batak bestearekin. Kirmen Uribek (autoreak) istorio metaketaz osatu du nobela; istorioak ditu, baina ez da bakoitzarekin, orrialde gutxi batzuetatik landa, kontaketa trinko eta garatu bat osatzeko gauza. Badirudi horregatik kontatu behar dituela horrenbeste istorio; demagun, Arteta eta Bastidarenak —hemen azaltzen den moduan, bederen— ez diolako nobela bat idazteko aski material ematen. Horren guztiaren adibide behinena 22. kapitulua da —Agirreren arrosak—, non, ezustean, Resurreccion Maria Azkue eta Txomin Agirreren anekdota bat kontatzen den, euskal literaturaren inguruko gogoeta labur bat egiteko, inolako justifikazio narratiborik gabe. Hitz bitan esanda, inpresioa dut Uribe oraindik ez dela behar bezalako narratzaile sendoa, baldar dabilela oraindik ere neurri luzeko narrazioetan.
Bestetik, arestian aipatu dut nobela idazteko prozesua kontatzen dela, halaber, kontakizunean bertan. Hala, badirudi idazlea jasotako material eta apunte guztiak ezin lotu ibili dela, eta azkenean, maniobra borgestar hori erabili duela material sakabanatua nola edo ahala biltzeko. Kosta egiten zait pentsatzen keinu metaliterario hori aski denik nobela osoa sostengatzeko.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi