« Poeta gaztea | Bidea »
Gizona ilunpean / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2008
Idazlea ilunpean Mikel Ayerbe / Berria, 2008-10-26
Paul Austerrek nobela berria argitaratu zuen irailean eta oraingoan, Oskar Aranaren euskarazko itzulpena, ingeleseko jatorrizkoa aurkeztu eta hurrengo egunean kaleratu zen, euskal itzulpengintzaren beste aurrerapauso baten erakusgarri. Gizona ilunpean izenburua duen nobela irakurri ostean, ordea, Auster idazle miretsiaren ibilbidean aurrerapauso bat baino, liburu hau beste zerbait dela iruditu zait.
Hori bai, ezin uka Gizona ilunpean horretan ere, idazle estatubatuarrak ohituta gauzkan ezaugarri literarioak barneratzen ez dituenik: istorioen baitan sortu eta elkarren artean gurutzatzen diren istorioak, istripu eta nahigabeen patu zitalari men eginez aurrera egin behar duten pertsonaiak… Hain zuzen, nobelako August Brill protagonistak ilunari aurre egiteko istorioak asmatu eta bere buruari kontatzen dizkio, nahiz eta harrigarriki irakurleei (nori bestela?) zuzenduriko “hemen naiz berriro ere” edo “horrela amaitu behar al du?” bezalakoak agertu kontakizunean. Nobelak biltzen duen gau jakinean, Owen Bricken munduaren istorioa asmatzen du protagonistak, bere pertsonaia Dorre Bikiak deuseztatu gabe eta Irakeko gerra existitzen ez den AEBko historiako ez-garai batean kokatuz. Baina gatazkak gidatuko du Bricken istorioa ere, balizko AEBetan federalen eta sezesionisten arteko gerra zibila piztu baita, eta pertsonaia ezer ulertu ezinik gerraren erdian agertuko delako, zerutik erori balitz bezala. Dena den, bi plano horiek ere bikoiztu egiten dira eta batetik, August Brillen familiako dramak narratu (alaba eta bereziki biloba bakartuarekiko harremanak) eta bestetik, asmatutako pertsonaiak bera eta bere istorioa sortu duen egilearen aurka eginiko mendeku saiakera kontatzen dira.
Nobelako pertsonaia baten ahotan honakoa irakurriko dugu: “Ez dago mundu bakar bat. Hainbat mundu daude, eta elkarren ondoan doaz denak, munduak eta antimunduak, munduak eta itzalezko munduak, eta mundu bakoitza beste mundu batean dagoen norbaitek amestua, irudikatua edo idatzia da”. Era berean, esan nezake Gizona ilunpean liburuan ere Auster idazle bikoiztu baten emaitza nabaritu daitekeela. Irakurlea harrapatzeko abilezia duen narratzaile paregabe baten eskua dugu alde batean (nahiz eta nobelaren nondik norakoak bere aurreko obren oihartzun errepikatuak izan, bereziki Bidaiak scriptoriumean zehar nobelako eta niretzat oso maila baxukoa den The Inner Life of Martin Frost filmeko gaiak berridatziz). Beste aldean, efektuaren eraginera makurtuz egoki landu gabeko lerroek ihes egiten dioten idazlearen zantzuak aurkitu daitezke. Horren lekuko dira niretzat liburuaren bigarren zatian harira etorri gabe kontatzen diren hiru istorioak, protagonistarengan “harridura iraunkorra uzteko adinako indarra dutenak”. Istorio horietan irakurleari hunkitzeko agintzen dio idazleak, amaierako klimax bortitzerako prestatu eta aldi berean, neurriz hunkitu dadin, eta badirudi istorio nagusiarekiko hari narratiboak zaindu gabe uzteak ez duela ardurarik. Aitona eta bilobaren arteko harreman estuaren adierazle den elkarrizketa luzearen pasartean ere hainbat kontakizun bortxatuegiak iruditu zaizkit, akaso apurtzaile suertatzeko idatzita egon arren, nekez imajinatzen ditudalako pertsonaia horiek bizitzaz, gero maitasunaz, bat-batean sexuaz, eta gehienbat heriotzarekin bizitzen ikasi beharrari buruz horrela hitz egiten.
Izan ere, Gizona ilunpeanen irakurketan, gero eta argi-ilun gehiago eskaintzen dituen Auster idazlearen aurrean topo egin izanaren ustea izan dut, pirueta eta artifizio literario apartak eraikitzeko gai izan arren, sarritan erre usaina dariolako bere lanari.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez