kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan / Stefan Zweig (Edorta Matauko) / Igela, 2007

Grina betea Ander Irizar / Diario de Noticias, 2007-12-12

Stefan Zweigen Emakume ezezagun baten gutuna argitaratu zuen orain bi urte Igela argitaletxeak, eta orain, berriz, autore austriarraren beste lan bikain hau ekarri digu, Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan hain zuzen; obra biak ere Edorta Matauko itzultzaile arabarrak ekarri ditu euskarara.

Liburuen jatorrizko bertsioen artean ere bi urteko tartea izan zen, lehenbizikoak 1927an ikusi baitzuen argia eta besteak, aldiz, 1929an. Egia esateko, Zweig idazle oso ezaguna izan zen Europan bi mundu-gerren arteko garaietan, eta, sasoi hartan famatu ziren bere kerako beste idazle batzuen modura, Sandor Marairen antzera esaterako, bigarren loraldi moduko bat izaten ari da autore hau ere. Egia esateko, ez da harritzekoa Europaren erdialdeko autoreok arrakastatsuak gertatzea oraindik. Inperio austrohungariarra desagertzen ikusiak, bizimodu burgesekoak, giro hori islatzeaz gainera, beren idazlanetan pertsonaren alderdi psikologikoetan arakatzen dute, horretan aurkitzen dute literaturarako gaia, eta horrexek egiten ditu, hain zuzen, klasiko; izan ere, gizakien psikologia, jokabidea, barne-muina hitz batean esanda, beti bera baita, eta misterioz betea baitago inondik ere. Stefan Zweigi dagokionez, gainera, kontuan hartzekoa da harreman estua izan zuela Freud herrikidearekin.

Urteetan aurrera egindako emakume baten aitorpenak gorpuzten du liburua; kontatzen digu nola, berrogeita bi urte zituela, jokorako irrikak itsututako mutil gazte batekin topo egin eta hura salbatzeko barne-bulkada izan zuen. Hogeita lau ordu hartzen ditu kontakizunak, izenburuak berak adierazten duenez. Emakume ezezagun baten gutuna liburuarekin gertatzen zen modura, laburra baina bizitasun handiko narrazioa dugu Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan hau ere. Ez dago ez gehiegizko deskripziorik, ez elkarrizketa luzerik ezta beharrik gabeko figura literariorik ere, baina ez dago esaterik, ordea, liburua modu soilean edo elkorrean idatzita dagoenik. Aitzitik, gauzak oso modu bizian eta adierazgarrian ageri zaizkigu kontatuta, eta irudipena dut horixe izango zuela lanik zailena Edorta Matauko itzultzaileak. Hartu dio halere neurria, nik uste, testuak tarteka herrestan baitarama irakurlea, eta pertsonaiak bizi dituen grina beteak liburua irakurtzen ari dena ere hartuko baitu une batzuetan.

Edonola ere, susmoa dut honelako bitxi literarioak, sarri askotan, oharkabean joaten direla gure letren ibaian, are gehiago Durangoko urteroko uholdean. Eta pena da, horrelako maisulanak edonorentzat gerta baitaitezke gustagarri.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak