kritiken hemeroteka

8.666 kritika

« | »

Gaueko gezurrak / Gesualdo Bufalino (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2007

Heriotza zain, eta bizitzako ezbaiez mintzo Inma Errea / Diario de Noticias, 2007-11-18

Literatura maiz aipatua izan da kontsolamendu gisa. Gutxiagotan esan ohi da, berriz, zertaz kontsolatzen ahal gaituen, bizitzaren atsekabeez, heriotzaren ziurraz edo biez.

Gesualdo Bufalinoren “gaueko gezurretan” irakurleok ez dugu kontsolamendu beterik topatuko, baina bai, ordea, bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta literarioak eta pentsu-erronka zorrotzak, bazter utzi gabe antzerki-ikusgarritasuna.

Literatura zale amorratu bati dagokion gisan, Gesualdu Bufalinok ez die itzuri tradizio literario klasiko eta hedatuenei. Lehen-lehenik, egoera behartu batean pertsonaiek, ipuin-kontalari bilakaturik, batak bestearen atzetik destolesten dituzten istorioen kate kitzikagarria proposatzen digun narrazio-moldeari heldu dio Bufalinok, Decameronearen, Mila eta bat gauen edo Heptameronearen arrasto luzeari jarraiki.

Hemen lau preso daude —haien borondateen kontra muturreko egoera latzera bultzatu dituzten ideia eta ekintzetan baino bat ez datozen lau gizon, adin, jatorri, heziera eta zaletasun askotarikoak— ; uharte-presondegi gotortu batean daude, azken gaua pasatzen, eguna argitzean bete beharko duten heriotza-zigorraren zain, balizko salbazio-promesa anker baten mehatxupean kontakizunak aletzen.

Bestalde, literatur lan batek beste lanen edo egileen oihartzuna ekartzea agintzen duen tradizioari egin dio men autoreak. Kasu honetan, istorioa XIX. mendean gertatzen baita, erromantizismo literarioaren ikur diren hainbat idazleren aipuak txertatu ditu. Idazle batzuk oso ezagunak dira —Lord Byron edo George Sand, kasu— baina bada hain ezagun ez denik ere; adibidez, Adalbert Von Chamisso alemaniarra, Peter Schlemihl itzalik gabeko gizonaren istorioa idazteaz gain Pierre Topet Etxahun euskal koblakari erromantikoenaren bizitza poema batean jaso zuen idazlea.

Mundua agertoki baten antzera eta bizitza antzezlan edo amets erraldoi gisa juzkatzen dituzten korronte filosofikoen tradizioari ere lotzen zaio Bufalino: Platonek proposatzen dituen leizeko itzalak ekartzen dizkigu gogora, eta Calderonen La vida es sueño haren artega.

Tradiziook bidaide, Gesualdo Bufalinok bidaia bat proposatzen digu, non aztertzea baitugu gizon-emakumeon amets, duda, beldur, maitasun-herra eta idealak, ageriko egintzak eta asmo ezkutuak; ez, baina, galdera betierekoekin topo egin gabe: gu ari gara benetan bizitzen ala bestek bizi gaitu?, guk erabakitzen dugu edo txotxongilo hutsak gara, hariak bestek mugituta?…

Josu Zabaleta itzultzaileak lanaren Hitzaurrean azaldu bezala, Gesualdo Bufalino aparteko idazle gisa joa izan da, ez baita ohikoa idazle batek hirurogei urtetik gora dituela argitaratzea lehen aldiz bere obrak eta bikaintasunari hain era betean heltzea. Bufalino irakasleak (Comiso, 1920-1996) 1981ean ikusi zuen argitan lehen aldiz bere lan bat, baina hori gertatu zenerako bide luzea egina zuen, literaturaren maitale gisa, nobela honetan agerian den bezala.

Azken kritikak

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak