kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ravel / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2007

Ravel heriotza antolatzen Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-09-03

Ohiko biografia ingeles luzeetan ez bezala, ehun eta hogeita bi orri gutxi gora-behera besterik ez du behar izan Jean Echenozek Ravelen hamar urte bizialdi laburbiltzeko. Sugar baten moduko eleberria, udako gau eder bateko izar iheskor bezain ahaztura mingarriko bat. Biografia, asmazio nobela, eleberri historikoa, nouveau nouveau roman? Idazleak berak elkarrizketa batean baino gehiagotan adierazi duenez, garrantzitsuena ez da bilatzen den gauza, bilatze horrek eragiten dituen gertaerak baizen; antzeko zer edo zer susmatzen da SPrako tranbia euskal eleberriarekin antzekotasun bat edo beste duen idazlan saridun honetan (François-Mauriac saria irabazi du eleberriak): badakigu zer gertatuko den amaieran, baina ez digu axola, Itakarako bidea bera delako, lan honetan ere, inportanteena. Kontrabaxu ikasketak egin zituen Jean Echenozek, eta eleberria, zelan edo hala, partitura baten modura paratu du, non bizitza erreala, benetakoa, fikzio hutsa baino askozaz ere interesgarriagoa bide den.

Desagertze bat izaten da eragile nagusia idazle honen liburu gehienetan eta Ravelen ere antzeko zer edo zer dago: gaixotasunean galduz joate bat. Hil aurretik inongo testamenturik edo irudi zein ahotsaren grabaziorik ez uzteko hainbesteraino ahalegindutako pertsona aurkigaitz baten xerka dihardu idazleak. Hainbat liburu, kontakizun, testigantza eskuartean erabili arren, Ravelek beti egiten dio saihets pertsonaia erreal moduan. Noren buruan ez daude, bada, Jeanen erreferentzia ukaezin den Schowb-en liburuko Bizi Alegiazkoak? Material ugari bildu ditu Jean Echenozek, eta hainbat egoera nobelesko ere bai, dena dela, ehun eta hogei orri hauetara ez ditu denak ekarri, kontakizuna ez desorekatzearren. Ravel bizi izan zen garaia oso aldi iluna zen, orokorrean, mundu osoan; halere, artearen aldetik oparotasuna emaro zerion bolada izan zen. Ravel bera, nonbait, garaiaren lekuko gertatu zen: gauza ederrez eta artista handiz inguratutako dandy moduko hura gaixotasunaren suan errauts bihurtuta, haize bortitzek lau haizeetara barreiatu zuten.

Testuak musika partituraren eta erlojuaren zehaztasun mekaniko eta matematikoa du, baina ez du falta koblakariaren originaltasun dotoreziazkoa. Idazlea beti joaten da apur bat harantzago, urrunxeago pertsonaiaren historian eta istorioan. Emaitza: liburu maitagarri, zehatz eta zorrotz bat, mingarri bezain erreal. Publikoak gurtzen ere zuen musikari ospetsuak betiko iraungo du gailurrean; pertsona bera, ordea, tristurak eta insomnioak jota hil zen, munduarekiko lokarriak apurka-apurka eta ezarian eteten zitzaizkiola, metronomoaren zehaztasun ankerrak gobernatuta legez. Zer geratzen zaio konpositore bati musika gehiago konposatzerik ez badu? Partiturak irakurri ezinik badago, pianoan eskalak egiteko gauza izan arren? Irakurmena eta idazmena galduta, entzumena eta mintzamena besterik ez zitzaizkion gelditu kontsolagarri ziburutarrari. Gaixotasun larri guztien artetik, ez da zigor lar handia sentitzea, egiaztatzea norberaren burmuin eta adimena bueltakorik gabe endekatuz doazela? Ez da asko kostatzen hitzezko eraikin horren azpian bolero amaiezin baten oihartzuna entzutea.

Hori guztia eskaintzen digu euskal argitaletxeen plazan heldu berri samarra den Meettok editorialak, labetik harako literatura itzulia azal ederto diseinatu batez eskaintzeko saio txalogarri eta eskergan. Eta deituran euskararen oihartzuna duen Echenoz idazleak Euskal Herrian sorturiko musikariaz erabilitako prosa landua euskaraz emateko, horra hor Gerardo Markuletaren euskarazko itzulpen ezbairik gabe poetikoa. Euskal editoreren batek esana du euskal irakurleari gauzak erraztu behar zaizkiola, modu errazean eman behar zaizkiola, eta ez direla euskalkiak lar nahastu behar. Nekez erraztuko du itzultzaileak jatorrizkoan erraza ez dena, eta euskalkiak nahasteari dagokionez, izan bitez ondo etorri aberastasun guztiak. Irakurtzerakoan enpeinu apur bat jarrita, irakurlea berehala konturatuko da eskuratzen duen sariaren handiak irakurraldiko bidaiaren balioa handitu duela. Errazto ikusiko dugu, irakurri bitartean, ondoko besaulkian, geldi eta bare, hantxe ez balego bezala, jada hilik balego legetxe jesartzen den bidaide bat: Maurice Ravel.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak