kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Gaueko gezurrak / Gesualdo Bufalino (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2007

Kontatu edo hil Mikel Ayerbe / Berria, 2007-10-28

Kartzelan daude baroia, soldadua, ikaslea eta poeta, Bufalinoren Gaueko gezurrak nobelako lau protagonistak . Erregeren kontrako konspirazio batean partaide izateagatik heriotza zigorra dute zain egunsentiarekin batera. Azken afaririk gabe, azken gaua gelditzen zaie gau luzeenaren aurretik. Baina bat-batean, kartzelako buru den gobernariak tratu bat eskaintzen die, hil edo biziko joko ankerra: lau papertxo eta ontzi bat mahai baten gainean. Lauretako inork Aita Eterno deitzen duten buruzagiaren izena papertxo bakar batean idazten badu, salbu izango dira guztiak; aldiz, paperetan tratuari uko egitearen seinale diren lau gurutze baldin badaude, urkamendian hilko dituzte. Traizioa nork egin duen besteek ez ezik gobernariak ere ez jakiteko moduan.Traizioa eta askatasuna edo Kausarekiko fideltasuna eta heriotza. Aukeratzeko aukera. Eta patua erabakitzeko gau bakar bat.

Ataka horretan, azken gauean bidaide izango duten frai Cirillo hiltzaile elizkoiaren proposamenari jarraituz, bakoitzak istorio bat kontatzeari ekiten dio: “Hitz egin dezagun nork bere buruaz. Esate baterako, noiz eta nola izan den bakoitza zoriontsu, edota berak ala uste izan duen, ala besteek uste izan duten”. Bizitzak, iraultzak eta bakoitzaren borrokaren zentzuak aurkitze aldera, edota besterik ezean, ate joka duten heriotza atzeratzeko eginahalean. Decamerone-n edo Mila gau eta bat gehiago-n bezala, aitortza egitetik gauza onen bat etor daitekeen itxaropenaren mozorropean. Hitzak ba omen duelako halako iraupentxo bat.

Kontaketaren bidez, oraindik bizirik daudela egiaztatu nahi balute bezala. Kontatzeko (gezurrak asmatzeko, irakurtzeko edo amesteko) arnasa hartzea ezinbestekoa delako. Literaturaren baitan hainbat aldiz jorratu den gai ia metafisikoa azken batean: kontatzen dut, beraz existitzen naiz. Hainbat idazleren hautu poetiko bihurtu den ildo honi heltzen dio Bufalinok nobela honetan. Baina edozer edonola kontatzeak (edo kontatzeagatik kontatzeak) zentzurik ez duela jakitun, istorio nagusi baten inguruan maisuki josten ditu bestelako hari narratiboak. Irakurleak hasieratik dakizki nobelako argumentu nagusiko jokoaren arauak, baina azken unera arte protagonista bakoitzaren jokaldien atzean ezkutatuko da azken gertakizunaren garapena. Urkamendiaren itzala makulu ezin hobea da horretarako. Areago, isilpeko traizioaren bidez urkamendiari bizkarra emateko balizko aukera hor dagoenean.

Angel Errok egunkari honetarako ezin egokiago aukeraturiko hitzak erabiliz, “gizakiaren kontraesanak agerian utzi eta egia zalantzan jartzen du distira poetikoz, baina istorioa nagusituz” Josu Zabaletak itzulitako liburuak. Gizakiak bezala, egiak ere berezkoak dituelako zalantza eta kontraesanak: “Laburbilduz, egia esan behar badut, beldur naiz ez ote garen ari, lau koldarkeria erkatzen eta elkarri zeharka begiratzen…”. Elkarri kontatzen dizkioten zoritxar horiek eraikitzen dutelako istorio nagusia, izan egiazkoak, izan egia-itxurazkoak edo izan gezur peto-petoak.

Eta azkenean, gertakizuna. Epilogo gisako gobernariaren testamentuan kontatua, kontatzea heriotza ere izan daitekeelako. Ustekabeko amaiera, inondik ere. Literatura konparatuaren mugak lotsagabe gaindituz, ni bezalako irakurleei Bryan Singerren Usual suspects filma gogora ekar dakiekeena. Asko gozatu dudan nobela izateaz gain, hainbat aukera narratibo eskaintzen dituena. Gogoan gelditzen diren irakurketa horien adibide bikaina Bufalinoren Gaueko gezurrak.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak